Lehen zatia Athleticentzat, eta bigarrena Alavesentzat. 1-1. Horrela laburbildu daiteke gaurko partida. Zuri-gorriek sei partida zituzten irabaziak jarraian, eta olatuan igota egin dituzte lehen 45 minutuak. Hurrengo erdian, ordea, indarrak ahitu zaizkie, hobea izan da etxeko taldea, eta gol bat ere sartu du. Berdinketa Mendizorrotzan.
Chacho Coudeten aroko bigarren partida izan da gaurkoa ligan, bigarren derbia, eta bigarren berdinketa.
Neurketa ez da ikusgarria izan, baina bai intentsitate handikoa. Bederatzigarren minutuan jokaldi ederra osatu du Athleticek, Iñaki Williamsek pase bikaina egin dio Unai Gomezi, eta bermeotarrak ederki amaitu du jokaldia. Bizkaitarrak eroso zeuden, baloia aurrealdean berreskuratzen eta arriskua sortzen. Coudet bere estiloa ezarri nahian dabil, eta agerikoa da oraindik fintzeko duela sistema berria.
Bigarren zatian, etxekoek joko zuzenagoa egin dute, eta nabaritu da aldaketa. Athletic ez da eroso egon. 66. minutuan, Guridik errematatu egin du area ertzetik, zenbait hankaren artean pasatu da baloia, Unai Simonek ez du harrapatu baloia, eta Jordanek aldaratzea baliatu du gola sartzeko.
Amaierara arte baloia kontrolatu ezinda ibili dira bi taldeak; lehia bizia eta joko gutxi. Polemikarako tartea ere izan da: Vivianek gola sartu du luzapenean, baina epaileak baliorik gabe utzi du.
Sailkapen nagusian,Athletic laugarren da behin-behinean, 33 punturekin, eta Alaves hamaseigarren hamasei punturekin.