Ez naiz Illarramendiren ordezkoa». Eta ezta behar ere. Ruben Pardo da bera. Kopia bat ez, izar itxura hartzen hasi den mutikoa. Errioxarrak aukera ikusten du gehienek zuloa antzematen duten lekuan. «Fisikoa falta zaio»; «Berdeegi dago»; «Zelai erdia hautsi egiten da berekin»; «Partiden azterketa okerra egiten du»... Aditu askoren ustea da hori. Urrutira joan gabe, Philippe Montanier joan den denboraldira arte Realeko entrenatzaile zenarena. Esan, ez zuen halakorik esan; baina frantziarraren erabakiekin ulertzen zen hori. 33 aldiz sartu zen deialdian, bai, baina 25 partida jokatu zituen, hamar besterik ez hasieratik; 1.086 minutu. Gutxiegi oreka aurkitzeko.
Baina izarrek pixkanaka egiten dute dir-dir. Gazteek hanka sartzea da naturalena. Agertzea eta desagertzea. Eta, iragan hurbilean, horixe gertatu zaio Pardori. Gehienek gogoan izango dute 2012ko otsailaren 13an, Anoetan, area ertzetik Sevillari sartu zion gola. Seko-sekoa izan zen jaurtiketa. 68. minutua zen, eta aurretik Velak sartutako golari errematea eman zion gol hark. 2-0. Eta gazte lotsatiaren lana guztien ahotan. Baina gora bezala behera eginez, partiden hondarretara itota iritsiz, egin beharreko faltei neurria hartu ezinik... Ez Montanierrek eta ez Jagoba Arrasatek ez diote eman zale gehienek nahiko luketen presentzia.
Baina zelaian hasi da hizketan erdilaria. Pardo bera zelaian zela eman zituen Realak joan den denboraldian erakustaldietako batzuk; emaitza ikusgarrienetako bati helduta, Valentziaren aurkako 2-5ekoa tartean. Baina agertu eta desagertu; agertu eta desagertu. Beti zerbaiten faltan. Udako berotan Asier Illarramendi Real Madrilera joan izanak, ordea, azkartu egin du Zubietako entrenatzaileen ustez beharrezkoa zuen hazte prozesu lasaia. Ligako lehen hamabi jardunaldietan deialdian sartu da, eta zazpi aldiz jokatu du hasieratik: 573 minutu guztira. Joan den larunbatera arte, on-onak ziren Pardoren zenbakiak, hura hasierako hamaikakoan zela donostiarrek partida bakarra galdu zutelako: Xakhtar Donetsk-en aurka —Esteban Granerok ordezkatu zuen, 81. minutuan, eta espainiarrak min hartu zuen berehala—. Gainerako sei partidetatik, berriz, hiru irabazi eta hiru berdindu.
Osasunaren aurkako partida handiak, ordea, heldulekurik gabe utzi ditu aditu gehienen esanak. Larunbatean 70 pase eman zituen errioxarrak, 63 zuzen; goleko hiru pase ere Pardorenak izan ziren —Espainiako Ligan, denboraldi honetan, partida batean halakorik lortu duen lehen jokalaria da—; eta erdilari batek eduki behar dituen dohain guztiak erakutsi zituen: baloia eskatzeko ausardia; burua altxatzeko gaitasuna; joko motzean zein luzean maisutasuna; presio lana... eta ezker-eskuin hanka dotoreak.
Ion Ansotegi, Iñigo Martinez eta Antoine Griezmanni emandako goleko paseak goratu dira batean eta bestean, baina Osasunaren aurkako partidan presentzia izan zen Pardoren erakustaldirik nabarmenena. Baloiari begietara begiratzen dio erdilariak. Ez dauka beldurrik. Arnasa ematen dio taldeari. Eta hazten ari da. Buruari eustea izango du lanik handiena, hankak dantzan ibiltzen dituelako ia beti. Pardok hasieratik jokatu duen partidetan hamalau gol sartu ditu Realak, eta bost besterik ez ditu jaso.
Bizkartzainarekin beti
Inon edukitzekotan, defentsako lanean dauka herrena Pardok; atzelarien eta euskarrien arteko zuloan eta hegaletara defendatzera zabaldu behar duenetan. Baina Markel Bergara ondoan jarrita ari zaio ematen Arrasate askatasun hori. Markelek desegin, eta Pardok egin. Horregatik ez da errioxarra Illarramendiren ordezkoa; egin bakarrik ez, desegin ere harrigarri egiten zuelako mutrikuarrak. Desberdinak dira biak. 12 urterekin iritsi zen Donostiara, eta 21 bete berri ditu. Klasea badauka, ausardia eta grina ere bai, eta orekara iristen ari da. Kasualitatetik gutxi dauka Realaren susperraldiak.
Futbola. Reala Txapeldunen Ligan
Baloiari begietara begiratzen dio
Montanierrek eta Arrasatek pixkanaka eman diote ardura Ruben Pardori, baina erdilariak orain arteko lehiarik osoena jokatu zuen Osasunaren aurka; gaur beste hainbeste egiten saiatuko da Manchester Uniteden aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu