EUSKAL DERBIA. Itxaso Uriarte. Athleticeko jokalaria

«Baloiarekin konfiantzaz ari gara, eta garai onean iritsi zaigu derbia»

Azken bi partidak irabazi ostean, horietan egindako «lan onari» segida eman nahi diotela nabarmendu du Uriartek. Derbia irabazteko «arreta eta intentsitate handiz» jokatu beharko dutela berretsi du erdilariak.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Bigarren denboraldia du Athleticen Itxaso Uriartek (Gasteiz, 1991). «Gustura eta eroso» dago talde zuri-gorrian, eta hitz egitekoan nabari zaio. Talaia horretatik aztertu du derbia, baita taldea egiten ari den denboraldia eta bere ekarpena ere.

Geldialdiaren aurreko bi partidak irabazi ostean, derbiari beste modu batera helduko diozue, ezta?

Egutegi aldetik, oso denboraldi hasiera gogorra izan dugu, aurreko sasoian goiko postuetan egon ziren talde ia guztien aurka jokatu dugulako, eta azken bi garaipen horiek konfiantza eta lasaitasun handia eman digute, bai joko aldetik, baita animo aldetik ere.Aurreko partidetan egindako lan onaren fruitua izan dira bi garaipen horiek. Eteneko bi asteetan oso lan ona egin dugu entrenamenduetan, eta gogoz eta ilusioz helduko diogu partidari. Oso ondo gaude. San Mamesen jokatzeak ere indar handia emango digula uste dugu.

Beti esan ohi da derbiak parekatuak eta lehiatuak direla. Non egon daiteke gakoa berdintasun hori apurtu eta zuek garaipena lortzeko?

Azken bi partida horietan egindako lan onari segida eman behar diogu, bide beretik jarraitu. Oso talde lan ona egin genuen, eta uste dut horrek izan behar duela gure indarra eta oinarria. Ikusi da jokalari guztiek izan dugula jokatzeko eta garrantzitsu sentitzeko aukera. Irteten dena irteten dela, ondo lehiatzen da. Horrekin batera, baloia dugunean konfiantzaz eta ausart jokatu dugu. Hori eskatzen digu Iraiak [Iturregi entrenatzailea], eta azken partidetan taldeak aurrerapauso bat eman du alor horretan. Horrekin batera, arreta eta intentsitate handiz jokatu beharko dugu, Realak erritmo handiz jokatzen baititu partidak. Irabazi nahi badugu, gutxienez haien pare ibili beharko dugu alor horietan. Betiere gure joko estilotik abiatuta, ezin baitiogu horri uko egin.

Taldearen jokoa aberastu egin du horrek? Izan ere, Athletic kontraerasoan eta espazioetara jokatzen ondo moldatu den talde bat izan da beti.

Dudarik gabe. Aukera gehiago ematen dizkigu. Liga hain parekatua izanda, ezinbestekoa da baliabide gehiago izatea egoera desberdinetara egokitzeko eta aurkariak ezustean harrapatzeko. Gainera, baditugu jokalariak gaitasuna, patxada eta konfiantza dutenak baloia izateko, eta gustuko dutenak hala jokatzea. Niri, adibidez, asko gustatzen zait. Horri probetxua atera behar diogu. Kontraerasoa ahaztu gabe, zelai erditik aurrera jokalari bizkorrak ditugulako. Azken partidetan aniztasun hori baliatzen jakin dugula esango nuke.

Kontraerasoa bada zuen indargunea, zeintzuk dira Realarenak?

Zela erditik aurrera jokalari erabakigarriak dituela, eta Natalia [Arroyo entrenatzailea] iritsi zenetik baloi jabetzarekin ondo moldatzen dela. Hori da haien jokoaren oinarria eta abiapuntua. Baloia dutenean, berehala aurreratzen ditu lerroak, jokalari erabakigarri horietara iritsi dadin. Haien baloi irteeran presio on bat eginez, hori lor ez dezaten ahalegindu behar dugu, paserako aukera guztiak moztuz edo oztopatuz.

Aurreko denboraldi ikusgarriaren ostean, badirudi honetan gehiago ari zaiola kostatzen. Nola ari zara ikusten?

Hala da. Baina ondo ikusten ari naiz, batez ere baloi jabetzari dagokionez. Agian aurkariaren ate aurrean gehiago asmatzea faltatzen ari zaio.

Realean ere jokatu zenuen. Modu desberdinean bizitzen da alde batean edo bestean derbia?

Ez, antzera bizitzen dela esango nuke. Argi dago partida bat dela, eta ez dela mundua bukatzen galduz gero. Baina berezia da, eta ilusioa egiten du irabazteak.

Nola ari zara ikusten zeure burua denboraldi honetan? Gustura zaude izaten ari zaren aukerekin eta taldeari egiten ari zaren ekarpenarekin?

Jokalari anbiziotsua naiz, eta beti nahi dut gehiago. Beti dago zer hobetua eta zer ikasia. Gainera, atzetik gazteak indartsu datoz. Baina gustura nago bai zelaian, baita zelaitik kanpo ere egiten ari naizen lanarekin. Talde gaztea gara, eta nire eskarmentua eskaini nahi diot, besteak beste. Urteak aurrera joan ahala jabetzen zara zelaitik kanpoko ekarpen hori ere funtsezkoa dela, gehiago begiratzen diozu taldeari. Beharbada, gaztea zarenean arreta zeure buruan daukazu. Normala ere bada, nahi duzuna ahalik eta bizkorren gorenera iristea baita. Denborarekin lasaituz zoaz, eta gauzak patxada handiagoz bizi dituzu.

Reala utzi, eta bigarren denboraldia duzu Athleticen. Zer balantze egiten duzu?

Oso ona. Lehen unetik oso ondo hartu ninduten, jokatzen ari naizenean maila onean ari naizela uste dut, eta, aipatu bezala, ikasteko eta hobetzeko gogoz nago oraindik. Hori da egunerokoan dudan motibaziorik handienetakoa. Ariketa txiki edo inozoena ere garrantzitsua iruditzen zait horretarako. Gainera, eroso nago taldearen jokatzeko erarekin. Kontraerasora jokatzen asko ikasi dudala uste dut.

Nola bizi duzu hain jokalari gazteekin aritzea?

Ondo. Zoriontasun eta freskotasun handia ekarri dute aldagelara, eta hori ona. Bestalde, askoz prestatuago datoz, eta zelaian ez da antzematen hain gazteak direnik. Sekulako kalitatea dute, eta hori taldearentzat ona da. Egunerokoan lehiakortasuna handitzen dute, eta esperientzia gehiago dugunoi ez lo hartzera bultzatzen gaituzte. Harrobian egiten ari den lana ikaragarri da.

Hain talde gaztea izanda, zer helburu duzue denboraldi honetan?

Ezin ditugu epe luzeko helburuak jarri, eta partidaz partida joan behar dugu. Eta hori oinarri hartuta haziz joan. Egokiena dela iruditzen zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.