Athleticeko jokalaria

Maite Zubieta: «Baloiarekin airosoago aritzea falta zaigu, baina lana ona da»

Athletic bihar itzuliko da lehiara, Teneriferen aurka. Partida «deserosoa» espero du Maite Zubietak. Zuri-gorriek azken neurketak utzitako aho zapore «arraroa» kendu nahi dute.

Maite Zubieta Athleticeko jokalaria. OSKAR MATXIN EDESA / EFE
OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
ainara arratibel gascon
2024ko azaroaren 1a
05:05
Entzun

Lan saioa amaitu, eta Lezaman bazkaldu du Maite Zubieta Athleticeko jokalariak (Busturia, Bizkaia, 2004). Aurreko sasoian ederki baliatu zuen David Aznar teknikariak emandako konfiantza, eta denboraldi honetan ere talde zuri-gorriaren zelai erdiko aingura bihurtu da. Gozatzen ari dela nabari zaio.

Aurreko asteburuko etenaren ostean, bihar itzuliko zarete lehiara. Zein balantze egiten duzu ligako lehen zazpi partidez?

Egia da nahi bezain ondo egon ez izanaren sentipena izan dezakegula, eskura genituen hainbat puntuk ihes egin digutelako, bai etxean, bai kanpoan ere. Baina aldi berean sentipen onak ditugu, lanean oso ondo ari garelako egunerokoan. Ziur gaude berandu baino lehen jasoko ditugula lan horren fruituak. Uste dut etena ondo etorri zaigula, burua eta hankak freskatzeko, sentipen berriak hartzeko, ondo egiten ari garen gauzak indartzeko eta hobetzen jarraitzeko. 

Ihes egin dizueten puntu horien artean daude azken partidakoak, Valentziak azken minutuetan lortu baitzuen berdintzea Lezaman. Denboraldi honetako porrot mingarriena izan da zuentzat?

Sentipen arraroena utzi diguna, beharbada, bai. Izan ere, etxean indartsu sentitzen gara, eta aurreko sasoian oso puntu gutxi galdu genituen bertan. Gainera, baloiaren jabetza izan genuen, eta gol aukera gehien guk sortu genituen. Beraz, aurkariak azken minutuetan berdintzeak aho zapore txarra utzi zigun.

Zuen teknikariak, David Aznarrek, zioen jokatzerakoan ez zaudetela aurreko sasoian bezain airoso. Hala dela uste duzu zuk ere?

Baietz esango nuke. Baloia daukagunean gehiago ari zaigu kostatzen hari eustea, eta patxada izatea aurkariari min egiteko. Gol aukerak sortzeko garaian ere ez gaude horren fin. Baina kontuan izan, aurreko sasoian, hain talde gaztea eta esperientziarik gabea izanda, askorentzat ezustea izan zela gu horren goian egotea. Baina lortutako emaitzen ostean, aurkariek gehiago aztertzen gaituzte, eta arreta gehiago jartzen dute gugan. Dena den, dinamika ona da, eta uste osoa dugu gugan. 

Eta zertan eman duzue aurrerapausoa?

Batetik, aipatuko nuke aurreko denboraldian baino egoera edo aukera zailagoetan ari garela golak sartzen, eta hori oso ona da. Bestetik, beti izan gara anbizio handia duen talde bat, baina aurreko sasoian hain lan ona egiteak are konfiantza handiagoa eman digu. Gainera, talde oso gaztea gara, baina pixkanaka gero eta esperientzia gehiago ari gara pilatzen, eta hori laguntzen ari zaigu partidak kudeatzeko garaian: noiz sartu erritmoa, noiz jokatu lasaiago... Ondo egiten ditugun gauzei ahalik eta etekin handiena atera behar diegu. 

«Beti izan gara anbizio handia duen talde bat, baina aurreko sasoian hain lan ona egiteak are konfiantza handiagoa eman digu»

Bihar Teneriferen aurka jokatu duzue, zuengandik hiru puntura dagoen aurkari baten kontra. Zer tankera hartzen diozu neurketari?

Tenerifen jokatzen ditugun partidak beti dira deserosoak, batez ere zelaiarengatik: txikia da, belar artifizialekoa... Haiek ohituta daude bertan jokatzera, eta eroso daude. Aurkarioi, berriz, gehiago kostatzen zaigu. Baina hori alde batera utzita, gure jokoa egiten saiatu behar dugu. Ziurrenik, aurreko denboraldiarekin alderatuta, entrenatzaile berriarekin, Eder Maestrerekin baloia gehiago izaten saiatzen dira, eta hori saihestea izan daiteke gakoetako bat. 

Aurreko denboraldian lehen taldean finkatu zinen, 32 norgehiagoka jokatuta. Nola ari zara ikusten denboraldi hasiera honetan egiten ari zaren lana? Momentuz bost partida jokatu dituzu, eta guztietan izan zara titular.

Oso pozik nago, eta eskertuta teknikaria ematen ari zaidan konfiantzarengatik. Futbolari batek jokatu egin nahi du, horrekin gozatzen du, eta zorionez hori da nire kasua. Helburua bide horretatik jarraitzea da, eta nire postutik taldearentzat jokalari garrantzitsu bat izatea. Denboraldi oso bat baino ez daramat Lehen Mailan, oinak lurrean ditut, eta asko dut oraindik egiteko eta hobetzeko. 

Falta zitzaizkizun gauzen artean zegoen gol bat sartzea, eta denboraldi honetan lortu duzu. Deportivoren aurka sartu zenuen aurreneko gola lehen taldearekin. Zer oroitzapen duzu?

Oso berezia izan zen. Oraindik ere oilo ipurdia jartzen zait gogoratzen dudanean, izugarria da. Lezamara iristen zarenean duzun ametsa da, eta espero dut gehiagotan betetzea. Izan ere, gustatuko litzaidake taldeari arlo horretan ere laguntzea.

Zeintzuk dira zure indarguneak futbolari moduan?

Kosta egiten zait galdera horri erantzutea. Uste dut beste batzuek erantzun behar dutela. Baina batez ere dudan izaera lehiakorra nabarmenduko nuke. Oso jokalari borrokalaria naiz, eta une oro saiatzen naiz zelaian izaera hori erakusten. 

«Oso jokalari borrokalaria eta lehiakorra naiz, eta une oro saiatzen naiz zelaian izaera hori erakusten»

Taldekideentzat ere gero eta jokalari garrantzitsuagoa zaren sentipena al daukazu?

Bai, pixkanaka bai. Aurreko sasoian erakutsi nuenarekin, jakitun daude zer eman dezakedan, eta alde horretatik konfiantza handia ematen didate. Nire lana da hala izaten jarraitzea, eta haietako bakoitzari ahalik eta gehien laguntzea.

Ane Elexpuru, Sara Ortega, Jone Amezaga, Naia Landaluze, zu zeu... Asko zarete lehen taldean tokia egitea lortu duzuen gazteak. Aldagelan ere gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari zaretela iruditzen zaizu?

Guztiak ikasten ari gara. Guretzat, Maddi [Torre], Leire [Baños] edo Nahikari [Garcia] bezalako jokalariak erreferente dira, duten esperientziarengatik. Adi entzuten eta betetzen ditugu haien aholkuak, sarritan guk ikusten ez ditugun gauzak ikusten dituztelako. Baina multzo oso ona daukagu, eta uste osoa dugu elkarrengan. Horrenbestez, egiten den edozein ekarpen begi onez hartzen da, baita gazteok egindakoak ere.

Zeintzuk dira jokalari moduan dituzun erreferenteak, bai taldean eta bai hortik kanpo?

Taldetik kanpo Patri Guijarro, eta barruan Irene Oguiza. Guijarrok nire postu berean jokatzen du, euskarrian, eta erraztasun handiz gainera. Beti erreparatuko diot gertutik haren jardunari. Taldean, berriz, Irene erreferente bat da niretzat, bai zelaian eta bai hortik kanpo. Oso langilea da, eta kalitate handia du. Asko miresten dut,  konfiantza handia daukat harekin, eta beti gaude elkarrekin. Beti esaten dizkit hobetzeko gauzak, modu eraikitzailean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.