Brasilgo Munduko Kopa

Baloia zulatu egin da Brasilen

Munduko Futbol Kopa hasteko bi egun geratzen direla, Brasilen gertatzen ari diren protestek haren irudia ilundu dute. Futbolarekiko pasioa zena haren aurka bihurtu da.

Maskara batekin aurpegia estalia duen manifestari bat Kopa gutxiago, hezkuntza gehiago; etor zaitez kalera dioen afixarekin, ondoan polizia bat duela, Brasilian egindako protesta batean. FERNANDO BIZERRA JR. / EFE.
Iñaki Larrañaga Aizpurua.
2014ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Nao Vai Ter Copa. Ez da Koparik izango. Hitz gutxitan laburbil daiteke, motz bezain argi, Munduko Futbol Kopak Brasilen mugiarazi duen herri mugimendua. Nazioarteko kirolaren erakusleiho izateko egun gutxi falta direla, Hego Amerikako erraldoia ziurgabetasunean murgildurik dago, txapelketako hasierako egunek eskaintzen duten irudiaren zain. Izan ere, futbola herriaren garra den lurraldean, txinpartek suz inguratu dute kirol horren babespean eraikitako guztia. Hori baita, egun, Brasil: kiskaltzeko arriskuan dagoen erraldoia.

Aurtengo Munduko Futbol Kopa Brasilen egingo zela erabaki zenean, ekitaldi berezia izango zela pentsatu zuten askok. Futbola Erresuma Batuan sortu bazen ere, Brasil izan baitaiteke futbola adopzioan hartu zuen herrialdea. Hegoaldeko Rio Grande do Suletik hasi eta Amazoniaraino, herrialde hartan futbola dute maite. Hala ere, futbolaren gainetik badute zerbait maiteago: beren ohorea.

«Herrialdean dena dago hobetzeko: mugikortasuna, azpiegiturak, osasuna, hezkuntza sistema eta segurtasuna, esaterako». Ana Paula Conceiçao gaztea Salvador de Bahiakoa da, herrialdearen ipar-ekialdekoa. Aniztasun handiko lurraldea da Salvador. Alde batetik, atzerritarrek Brasilen inguruan eraiki duten paradigma izan daiteke, besteak beste, sanba eta capoeira dantzen gotorleku baita. Beste aldetik, azken urtean Brasilgo herritar askok martxan jarri dituzten protesten eredu bihurtu da. Izan ere, iazko ekainean Brasilen jokatu zen Konfederazio Kopak Erraldoia esnatu zuenetik (O Gigante Acordou), brasildarrek beren bizi-baldintzak hobetzeko eskatzen dihardute gaurdaino.

Horrelako txapelketa batek izan ditzakeen alde baikorrez galdeginda, Conceiçaok ez du uste herritarrengan hobekuntza asko eragingo duenik: «Gauza baikor gutxi ikusten dizkiot txapelketa honi. Egia da dirua ekarriko duela, baina etekina betikoentzat izango da kasurik gehienetan, eta besteoi behin-behineko lanpostuak ekarriko dizkigu. Orain arte bederatzi langile hil dira estadioak eraikitzen. Horrez gain, gobernua garbiketa bortitza egiten ari da kalean bizi diren pertsonen artean, umeak barne. Baina ez da hori guztia: txapelketa bukatu ostean elefante zuriak deritzoten estadioak geratuko dira, etorkizunean erabilerarik izango ez dituzten azpiegiturak».

'Elefante zurien' ondarea

Aurrerantzean herritarrentzat geratuko den ondarea goraipatu du, behin eta berriz, Dilma Rousseffen gobernuak azken hilabeteetan. Ondare horrek mugikortasun plan berriak edota aireportuetako hobekuntzak bilduko omen ditu ditu. Baina zer gertatuko da espresuki txapelketarako eraikitako futbol zelaiekin? Txapelketak hamabi egoitza izango ditu —inoiz izan den kopururik handiena—, eta horiek eraiki edo eraberritzeko, 2.715 milioi euro inguru erabili dituzte. Hasieran aurreikusitako kopuruaren ia hirukoitza izango da (804 milioi eurokoa zen aurrekontua), eta diru horrek azken bi ekitaldietan, Hegoafrikakoan eta Alemaniakoan, inbertitutakoa gaindituko du. Hala ere, airean dago txapelketa bukatutakoan zer egingo duten horiekin; izan ere, horietako lautan —Manaos, Brasilia, Cuiaba eta Natalen— ez baitago futbol talde profesionalik. «Estadio horien etorkizuna buruzagien inteligentziaren araberakoa izango da», ohartarazi du duela gutxi Jose Maria Marin-ek, CBF Brasilgo Futbol Konfederazioko presidenteak. Manaosko, zeina Amazonia erdian dagoen, estadioaren kasuan, esaterako, espetxe bihurtzeko aukera aztertzen ari dira.

Futbolaren festa izateagatik baino gehiago, aurtengo munduko kopak aipatutako protestengatik piztu du arreta nazioartean. Koparen Herri Batzordeak (ANCOP) izeneko plataformek zuzendu dituzte, beste elkarte batzuekin batera, herrialde guztian zehar zabaldutako protestak. Txapelketaren hamabi egoitzetan plataformak eratu dituzte, eta txapelketak irauten duen bitartean haren aurkako agerraldiak egingo dituztela ohartarazi dute. Katia Marko elkarte horretakoak hurrengo esaldian laburtu du zein den bertako kideen borrokarako irizpidea: «Ziurtatzen dugu horrelako gertaera erraldoien etekina jada dirua dutenentzat izango dela. Enpresariak are gehiago aberastuko dira, eta politikariek ere beren etekina lortuko dute, baina herritar gehienek ez dute ezer irabaziko».

Munduko Futbol Koparen ondorioz kaltetutakoen alde egiteko sortu ziren aipatutako Koparen Batzorde Herritarrak. 2009tik aurrera hainbat giza eskubide urratu zirela egiaztatu zuten, «kontuan harturik Rio de Janeiron egindako Panamerikar Jokoetan ere gertatu zirela gaur egun gertatzen ari diren antzeko gehiegikeriak». Bulegoetatik ere lan mardula egin dutela azaldu dute. Azken lau urteetan giza eskubideen urratzeak biltzen dituzten hainbat txosten kaleratu dituzte, eta aurtengo maiatzean Ospakizun Erraldoiek Kaltetutakoen Nazio Biltzarra egin dute Belo Horizonte estatuan. Biltzar horretan zerrendatu dira azken urteetan Brasilen izandako urratze guztiak.

Brasil, Espainiaren parean

Brasilgo Gobernuak, berriz, azken hiru legegintzaldietan gizarte arloan egindako aurrerapausoak goraipatu ditu. Gobernuak emandako datuen arabera, estatuak ematen dituen diru laguntzei esker 60 milioi pertsona inguru atera dira pobreziatik azken hamabi urteetan. The New York Times AEBetako egunkariari berriki eskainitako elkarrizketa batean, Rousseffek leku berean jarri ditu 80ko hamarkadan Espainian eman ziren aurrerapausoak eta Brasilen gaur egun ematen ari direnak: «Hamabi urtean hainbesteko hobekuntza non izan zen galdetu nien IPEA Ekonomia Aplikatuaren Ikerketarako Institutuko langileei, eta esan zidaten frankismo osteko Espainian ere antzeko fenomenoa gertatu zela».

Txapelketa egin bitartean zer gertatuko den galdeginda, Tainana Andrade kazetari bahiatarrak uste du protestak «gogorrak» izango direla, «duela urte batetik hona Brasil guztia batu duten manifestazioak piztu egin direlako berriz ere». Protestei inolako zilegitasunik kendu gabe, herritar kolektiboetan ere ari da zabaltzen herrialdeak nazioartean sortu duen irudiaren inguruko kezka. Izan ere, susmoa daukate protestetan parte hartu ez, baina badaudela irudi negatibo horretaz baliatzen ari direnak, herrialdeari kalte egiteko.

Hauteskunde urtea da aurtengoa Brasilen, eta horrek interes asko sor ditzake: «Eskuinak interesak ditu aurtengo hauteskundeetan. Baina gizarte mugimenduok egiten ditugun kritikak ez dute zerikusirik haiek egiten dituztenekin, eta izango balituzte, ez lukete inolako zilegitasunik izango, urte luzeetan boterean izan baitira eta gizarte ezberdintasuna sakondu baitute». Erabilera horren adibide izan daitezke azken hilabeteetan sare sozialetan agertu diren argazkietako batzuk, iraganeko irudiak izanik orain lortu baitute sona. Aipatzekoa da Ekialde Hurbileko hainbat gatazkatan ere horrelako estrategiak erabili izana.

Etorkizuneko Brasil

Eta zer bide hartuko du herrialdeak txapelketa amaitzen denean? «Brasilek protesta egiten ikasi du», laburbildu du Mauricio Nascimento 25 urteko gazteak. «Brasildarra ez dago munduko koparen aurka. Hala ere, hor egin den gastua osasun arloan edota hezkuntzan inbertitu beharko litzateke. Brasildarrok ikasi dugu etorkizuna gure esku dagoela: hori da horretatik guztitik atera daitekeen gauzarik onena, zalantzarik gabe».

ANCOPeko ordezkari Katia Markoren aburuz ere, «urratutako eskubideen inguruko eztabaidak jarraitu» beharko luke. «Eraikuntza lanek jarraituko dute, etxe kaleratzeek jarraituko dute, eta gizarte ezberdintasunak hor jarraituko du, handitzen ez bada. Protestan jarraitzeko arrazoiak baditugu, beraz. Eskaera horiek ez dira munduko koparekin sortu, areagotu egin dira, besterik ez. Luiz Inacio Lula da Silvaren presidentetzarekin indar sozialen erosotasun garai bat izan genuen,baina prozesu honekin biziberritu egin gara. Lan handia dugu oraindik Brasil bidezko herrialde bat bihurtzeko». Erraldoia esnatu egin da, eta, oraingoz, behintzat, ez du lotara joateko asmorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.