Ohikoak dira berritasunak futbol taldeen denboraldi-aurreetako lehen egunetan; aurpegi berriak, aldagelan gehiago azalduko ez den taldekidea, itxuraldatutako elastikoak... Sasoi-aurrearen estreinaldiak bestelako irudi bat ere utzi du Realean, lau atezainekin hasi baitute prestakuntza aldia txuri-urdinek: Geronimo Rulli, Miguel Angel Moya, Alex Remiro eta Andoni Zubiaurre.
Horrek hautaproba moduko bat egitera behartu du Imanol Alguacil. Airera bota du Realaren lehen taldean aritzeko aukera ematen duen baloia; hura harrapatzen dutenek txuri-urdinekin jokatuko dute datorren sasoian. Lehendabiziko lagunartekoan Remirok eta Zubiaurrek zaindu zuten Realaren atea, eta prestakuntza aldiak aurrera egin ahala argituko da ortzimuga.
Nolanahi ere, hasiera batean Zubiaurrek du aukera txikiena taldean geratzeko, eta jakinaren gainean dago ordiziarra. Donostiarren bigarren taldeko atezaina da, eta Reala B-n jarraituko du oraingoz. Une jakinetan igoko da lehen taldera, iragan sasoian egin moduan.
Horiek horrela, maila handiko hiru atezainen artean hautatzea egokitu zaio Imanoli, eta, horrez gain, beste taldeek Rullirengan edo Moyarengan izan zezaketen interesari adi egon da Jokin Aperribaik gidatzen duen kluba. Remiro uda honetan iritsi da Realera, eta datorren sasoian ariko den bi atezainetako bat izango dela ziurra da.
Hala, Realaren ateak badu bi izenetako bat: Remiro. Atezain nafarra doan iritsi da Donostiara, Athleticekin zuen kontratua amaitu ostean. 2023. urtera arteko kontratua sinatu du, eta hura da Realaren etorkizuneko apustua. Joan zen denboraldian talde zuri-gorrian baztertuta egon ostean, «gose ikaragarriarekin» ekin dio sasoia prestatzeari, Realaren fitxaketen aurkezpen bateratuan esan zuenez. Oraindik ez du partidarik jokatu maila gorenean. Lehen entrenamenduetan ondo aritu da, baina lehiaketa erritmoa falta izan zitzaion Lagun Onak-en aurkako adiskidantzazko neurketan.
Rulliren eta Moyaren arteko aukera egitea izan da klubaren buruhauste nagusietako bat azken asteetan. Biak taldean batera ari direnetik, boladaka txandakatu dira atepean, nahiz eta azken sasoiaren bigarren zatian Rullik bereganatu zuen atearen jabetza. Horrek, baina, ez du ezer esan nahi abuztuan hasiko den liga txapelketari begira.
Uda honetan biek izan dituzte taldez aldatzeko eskaintzak. Italia aldetik etorri ziren lehendabiziko oihartzunak, eta Rullik harako bidea har zezakeela zirudien, baina Valladolidek eta Mallorcak interesa agertu zuten Moyarengan. Jaiotzez Mallorcakoa da atezaina, eta bazirudien jokalariak begi onez ikus zezakeela bere ibilbidea etxean amaitzea.
Alabaina, denborarekin indarra galduz joan da aukera hori, eta Rulli joatea aukera errealagoa da orain. Hainbesterainokoa, ezen, Betisen interesa urardotu ostean, argentinarra datozen egunetan joan baitaiteke Portora. Iker Casillasek astelehenean iragarri zuen utzi egingo duela oraingoz futbola, eta Rullik bete dezake haren lekua Portugalgo taldean. Gertu dago bi aldeen arteko akordioa, eta bi aukerak jarri dira mahaiaren gainean: utzita joatea, edo salduta. Ekonomikoki, Porto ez dago bere unerik gozoenean.
Rullik 2022. urtera arteko kontratua du Realarekin, eta, ondo arituz gero, haren merkatuko prezioak gora egin dezake. Hala, utzita joateko aukerak indarrean jarraitzen du, merkatuko balioa handituz gero etorkizuneko balizko salmenta batean diru gehiago jasotzeko aukera izango bailukete txuri-urdinek.
Rulli badoala baieztatzen bada, eten egingo litzateke argentinarrak Realean egindako bost urteko ibilbidea.2014-2015eko sasoian iritsi zen Realera, eta ordutik, uda joan eta uda etorri, jarraituko ote zuen zalantzan egon bada ere, ez du utzi taldea. Aurten gerta liteke hori.
Etorkizunari so
Realak urteak daramatza harrobitik atezain titular bat atera ezinik. Eñaut Zubikarai ondarroarra izan zen jarraitutasun apur bat izan zuen azkena, baina hura ere Bravoren eta Rulliren itzalpean egon zen. Hargatik, Zubiaurrerengan jarriak dituzte begiak oraintxe.
Ordiziako atezainak 21 urte ditu, eta 2021. urtera arteko kontratua du Realarekin. Ondo jardun du bigarren taldean, baina partida ofizialik ez du jokatu lehen taldearekin. Iaz, deialdian sartu zen zenbait aldiz, baina ez zuen debutatu azkenean. Egun donostiarrekin entrenatzen ari diren lau atezainetatik, bera eta Remiro dira egoera horretan daudenak, eta horrek alboratu egin du Rulli eta Moya, esperientzia duten biak, batera saltzeko aukera.
Aitor Fraga da harrobiko beste harribitxia. 16 urte besterik ez du, eta Zubietako prestatzaileek uste dute etorkizun oparoa duela. Espainiako selekzioarekin aritu berria da, eta hari adi egon daitezke zenbait klub. Portugalgo Benfica egongo litzateke talde horien artean.
Etorkizunak etorkizun, jakina da oraingoz ez dela lehen taldean ariko. Egunek aurrera egin ahala jakingo da zer bi atezain izango dituen Realak datorren sasoian. Remirok jada harrapatu du txuri-urdinekin aritzeko aukera ematen duen baloia. Ikusteko dago nor izango den Realeko beste atezaina. Laster argituko da Moyak edo Rullik jarraituko duen Donostian, edo bietako zeinek geldituko duen beste talde baten eskaintza daraman jaurtiketa. Ez dute biek egingo.
Baloia nork harrapatuko
Realak lau atezainekin ekin dio sasoia prestatzeari, eta Imanolek haietako bi hautatu beharko ditu. Rulli Portora joan daiteke, eta Zubiaurre bigarren taldera itzuliko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu