Ofizialtasunaren partida hasteko erabakia hartu zuen Euskadiko Futbol Federazioak 2018ko abenduaren 12an, Durangon (Bizkaia) eginiko ezohiko batzarrean. FIFAn eta UEFAn eskubide osoz sartzeko eskaera egitea adostu zuen, ia aho batez: bertaratu ziren 44 kideetatik 43k eman zuten aldeko botoa, eta bat abstenitu egin zen. Akordio historikoa izan zen, behingoz atea irekitzen baitzion urte luzez jokalariek eta gizarte eragileek egindako aldarrikapenari. Bada, ia bi urte iragan dira geroztik, eta jaitsi egin da aparra: oraindik ez zaie eskaera egin nazioarteko federazioei, eta, gainera, selekzioak neurketa bat baino ez du jokatu tarte horretan; Panaman izan zen, iazko maiatzaren 29an. Horrenbestez, bulegoetan nahiz zelaian, baloia jokoan jartzeko zain dago euskal selekzioa.
DAVID SALINAS-ARMENDARIZ Eusko Jaurlaritzako letradua
«Testuingurua egokia da integrazio eskaera berriz mahai gainean jartzeko»
Ofizialtasunerantz egin beharreko bidea inor gutxik bezala ezagutzen du David Salinas-Armendarizek. Kirol zuzenbidean aditua da, eta nazioarteko ordezkaritza lortu nahi duten euskal selekzioei lege aholkularitza ematen die. Futbolaren kasuan, hitzaldi informatiboak egin zituen Euskadiko Federazioan, eta Durangoko bileran izan zen. Bertan lortutako akordioa betetzea «derrigorrezkoa» dela azpimarratu du. «Ez da borondate kontua; Euskadiko Federazioak nahitaez gauzatu behar du onartu zen erabakia. Kide guztiek dute ardura, lurraldeetako federazioetako presidenteak barne, bestelako interes pertsonalak izan ditzaketen arren. Hartutako lege akordioek behartuta daude».
Hori bai, «zentzuzkoa» da, haren ustez, orain arte urratsa egin ez izana. «Argentinaren aurkako partida momentu paregabea zatekeen. Ordea, zapuztu egin zen azken orduan, eta oso zaila izan da geroztik neurketak antolatzea. Selekzioa plaza publikoan egon gabe, hobe zen zuhurtziaz jokatzea». Biharko lehiaren ostean, aldiz, bidea urratzeko garaia iritsiko omen da. «Ilusioa pizten duen partida bat da, harmailak bete ezingo diren arren. Selekzioak maila handia dauka, eta aurkari on baten kontra ariko da. Gainera, aktore guztiak datoz bat: klubak, jokalariak, elkarteak, instituzioak... Testuingurua egokia da integrazio eskaera berriro mahai gainean jartzeko, eta gauzatzeko».
Eusko Legebiltzarraren %90ek babesten dute euskal kirol selekzioen ofizialtasuna. Eta, hori gutxi balitz bezala, PSOEk, Pedro Sanchezen inbestidura lortzeko akordioaren barruan, nazioartean euskal kirolaren presentzia babesteko urratsak egitea adostu zuen EAJrekin. Hots, sostengu politiko irmoa du ofizialtasunaren aldarriak, eta hori araudian islatu behar dela azaldu du Salinas-Armendarizek. «Espainiako Kirolaren Lege berriak akordio politiko orokor hori jaso beharko luke. EAEn ere, badago kirolaren lege proiektu bat gure selekzioak nazioarteko federazioetan integratzeko aukera jasotzen duena, baina gehiago gara daiteke».
Legedia alde izateak asko erraztuko lituzke Espainiako Futbol Federazioarekin izan beharreko negoziazioak. FIFAn eta UEFAn sartu ahal izateko, ezinbesteko baldintza da estatu mailako federazioaren baimena izatea. Hortaz, behin nazioarteko erakundeei integrazio eskaera eginda, «negoziazio epe bat» zabaldu beharko litzateke Luis Rubiales buru duen federazioarekin. «Akordio zabal bat lortzeko aukera proposatuko nuke nik, agian muga batzuk onartuz. Adibidez, uko egin dakioke txapelketa batzuetan parte hartzeari. Trukean, eserleku bat izango genuke nazioarteko federazioetan, eta txapelketak antola genitzake haien barruan. Prozesu hori eskatu egin behar da, eta, horretarako, ibiltzen hasi beharra dago».
KIKE ZURUTUZA EH Kirola elkarteko arduraduna
«Aurrerabiderako keinuek bata bestearen atzetik etorri behar dute»
Urratsen beharra suharki aldarrikatu du Kike Zurutuzak. Hark ere bertatik bertara erreparatu zion Durangoko bilerari, Euskal Herria Kirola elkarteko ordezkari moduan, eta deitoratu du federazioak ez duela bete hartutako hitza. «Ezin duzu ofizialtasuna lortu eman behar dizunari eskatzen ez badiozu. Beraz, ezinbestekoa da arduradun nagusiak, Luis Mari Elustondok [ez die erantzun BERRIAren deiei], erabakia betetzea. Badakigu jarrera ona duela, baina agintaldia bukatzen ari zaio, eta gaiak biribildu gabe jarraitzen du». Zurutuzaren aburuz, itxaronaldia ez da erabaki estrategiko bat izan, baizik eta Espainiako Federazioaren mehatxu eta «xantaien» ondorioa. «Eskaera urrats txiki bat baino ez da, baina zergatik ez da egiten? Bada, beldur direlako Espainiako Federazioak jarri ditzakeen zigorrez. Baina zer zigor, hark jarritako araudi baten urratsei jarraitzen bazaie?».
Zurutuzaren ustez, azkenaldian apaldu egin da euskal selekzioaren aldeko giroa. «Zaborretara bota da garai batean zegoen kapitala. Lehen, iniziazio festa ziren selekzioaren partidak, baina hori galdu egin da, edo dute». Alta, txinparta piztuta dago oraindik ere, eta gutxi behar du berpizteko. «Sustraituta dagoen sentimendu bat da; zerbaitegatik saldu zen EAJk PSOErekin lortutako akordio izar moduan. Sentimendu hori piztu egiten da hauspotzen den bakoitzean. Horregatik, aurrerabiderako keinuek bata bestearen atzetik etorri behar dute. Bestela, geure burua engainatzen ari gara».
Pausorik behinena FIFAri eta UEFAri eskaera zuzena egitea da, duela bi urte erabaki zen bezala. Baina, aldi berean, beste urrats batzuk ere egin daitezke; hala nola, estaturik gabeko nazioen arteko txapelketak antolatzea. Eusko Jaurlaritzak berak esku artean izan zuen ideia hori, eta Zurutuzak ere aipatu du. Haren ustez, halako egitasmoek nazioarteko erakundeen arreta bereganatzeko balioko lukete. «Garbi dago munduko erakunde guztiek errealitatea neurtzen dutela, eta ez literatura. Eta, errealitatean zenbat eta gehiago ekin, orduan eta indar handiagoa izango duzu. Mundu zabalean erakargarria den zerbait egingo bagenu, FIFAk eta UEFAk beste begi batzuekin begiratuko gintuzkete».
LUIS PRIETO Selekzioko jokalari ohia
«Ez dauka zentzurik lagunarteko partiden dinamika betikotzeak»
Biharko norgehiagoka Euskal Selekzioak FIFAren egutegiaren barruan jokatuko duen hirugarrena izango da. Aurrekoak Venezuelaren kontra Gasteizen, 2018ko urriaren 12an eta Panamaren aurka jokatu zituen. «Oso garrantzitsua» da selekzioa zelaira itzultzea, Luis Prieto jokalari ohiaren ustez. «Eten bat izan da azkenaldian, baina ezin gaitezke etsipenean erori. Berpiztu egin behar dira grina eta nahi hori, eta orain da garaia, partida honekin». Dena den, neurketak «zentzu eta helburu jakin batekin» jokatu behar direla iritzi dio. «Oso polita da selekzioa nazioarteko aurkarien kontra lehiatzen ikustea, baina pauso gehiago eman behar dira. Izan ere, zentzurik ez diot ikusten lagunarteko partiden dinamika betikotzeari. Iparra garbi eduki behar dugu, eta norabide horretan ekin. Horrela eginda, ziur naiz lehenago edo beranduago helburua lortuko dugula».
Bide horretan, jokalarien babesa izango du selekzioak. Hala uste du Prietok. Haiek «beti» erakutsi duten «jarrera eta konpromisoa» goraipatu du. «Jokalari asko daude indarra egin dutenak ofizialtasunaren alde. Deialdietan egon direnek beti izan dute prestasuna jokatzeko. Azkenean, zure selekzioan jokatzen duzu, eta oso giro berezia sortzen da. Batzuk, gainera, zelaitik kanpoko hainbat egitasmotan ere engaiatu dira. Ezin zaie gehiago eskatu; behar den guztia ari dira jartzen euren aldetik». Eta, ofizialtasuna noizbait erdietsiko balitz, euskal selekzioa lehenetsiko lukete? «Bakoitzak daukan ikuspuntua errespetagarria da, eta norberak ikusiko luke, behin unea iritsita, norekin lehiatuko litzatekeen. Kontua da aukera ematea. Sentimendu horren handia egonik, merezi du ahalegina egitea selekzio ofizialak izateko, kirol guztietan».
BALOIA JOKOAN JARTZEKO ZAIN
Bi urte igaro dira Euskadiko Futbol Federazioak FIFAn eta UEFAn sartzeko eskaera egitea erabaki zuenetik, eta oraindik ez du pausoa eman. Hori horrela, selekzioa bihar jokatzekoa den lehiak tiraderatik aterako du auzia. Alde gehienak bat datoz: Durangon egindako akordioa gauzatzeko garaia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu