Eibarreko jokalaria

Arene Altonaga: «Baloia gehiago daukagu, baina gure jokoaren esentzia ez da aldatu»

Eibarrek eta Athleticek derbia jokatuko dute gaur (12:00, ETB2). Zuri-gorriek multzo «osoa» dutela dio Altonagak, baina etxean jokatzeak asko ematen diela beraiei.

Arene Altonaga Eibarreko jokalaria.
Arene Altonaga Eibarreko jokalaria. JON URBE / FOKU
ainara arratibel gascon
2024ko urriaren 13a
05:05
Entzun

Athleticen aurkako derbiak bereziak dira Arene Altonaga Eibarreko jokalariarentzat (Sondika, Bizkaia, 1993), talde zuri-gorrian jokatu baitzuen. «Beti datozkit oroitzapenak». Azken hiru partidak galdu dituzten arren, taldea ondo ikusten du. «Lehen bi partidetan erakutsi genuen zertarako gai garen. Geure buruan konfiantza handia dugu».

Ligari bi garaipenekin ekin zenioten, baina azken hiru neurketak galdu egin dituzue. Nola helduko diozue gaurko derbiari?

Egia da ondo hasi ginela, eta azken partidetan ez garela nahi bezala aritu. Baina multzoa ondo eta gogotsu dago joera hori aldatzeko. Gainera, etxean jokatuta, eta derbi bat izanda, ezin da bestela izan. Etxean jokatzeak asko ematen digu.

Ez zaretela nahi bezala aritu esan duzu. Zer faltatu izan zaizue?

Oraindik sasoi hasieran gaude, eta taldea guztiz osatu eta egokitu gabe dago. Normala da; hasiera beti kostatzen da. Baina baikor gara. Lehen bi partidetan erakutsi genuen zer emateko gai garen, eta geure buruan konfiantza handia dugu. Gauzak ondo egiten ari gara.

Eta zertan ari zarete ondoen?

Aurreko partidan, Deportivoren aurka, adibidez, lehen zatian oso ondo moldatu ginen goian presio eginez, eta, baloia genuenean ere, ondo mugitu genuen. Horrek aukerak izateko modua eman zigun. Horiek dira gure indarguneak, eta segida eman behar diegu. Bigarren zatian, denborak aurrera egin ahala, agian nekea tarteko, ez ginen horren fin aritu bi arlo horietan, eta haiek, aldiz, asmatu egin zuten.

Azken hiru partidak galdu eta gero, presio handiagoa duzue gaur irabazteko?

Ez, ez. Oraindik oso goiz da sailkapenari begiratzeko. Sailkapena ez da erreala. Gainera, aurreko denboraldian ere izan genuen emaitza bolada txarren bat denboraldian, eta pazientzia eta lasaitasuna izatea, eta, egoera iraultzeko,  eguneroko lanean sinestea gakoa izan zen. Esperientzia hori baliagarria izan behar zaigu. Partida bakoitzaren ostean, irabazi edo galdu, hura aztertu eta berehala jartzen gara hurrengoari begira. Mentalki taldea indartsua da, eta hurrengo norgehiagoka beti ikusten dugu hobetzen eta hazten jarraitzeko beste aukera baten gisan. Helburu argia dugu: mailari eustea. Gero gerokoak. Oinak lurrean ditugu, eta helburu hori geure buruari helburu txikiak jarriz lortuko dugu. Epe luzera begiratu beharrean, neurketak multzoka hartu, eta horren arabera jartzen ditugu erronkak. Aurreko sasoian ondo joan zitzaigun, eta hori da bidea.

«Aurreko denboraldian ere izan genuen emaitza bolada txarren bat. Lasaitasuna eta pazientzia izatea da gakoa»

Hirugarren denboraldia duzue Yeray Martinekin. Zertan izango da desberdina denboraldi honetan Eibar, aurreko sasoikoarekin alderatuz?

Yeray iritsi zenetik, jokatzeko modu jakin bat daukagu. Aurreko denboraldian, hasieran batez ere, kosta egin zitzaigun aurrera eramatea. Nahikoa genuen talde moduan Lehen Mailak duen erritmora eta intentsitatera egokitzearekin. Sasoi honetan, gauza horiek guztiak barneratuak ditugu, eta aukera izaten ari gara gure ohiko joko horretatik ateratzeko. Adibidez, zuzen jokatzen duen talde bat izaten jarraitzen dugu, esentzia bera da, baina baloia gehiago daukagu. Horretan aurrerapauso bat ematen ari gara, eta talde moduan hazten jarraitzeko balioko digu horrek, batez ere erasoan. Gainera, baloia izanda, eta ondo mugituz, ahalegin fisikoa txikiagoa da, eta, horri esker, freskoago iritsiko gara partida amaieretara. Hori bai, Yerayk beti zera azpimarratzen digu: ondo egin behar duguna gure jokoaren esentzia hori dela. 

Athleticek lehen bi partidak ere irabazi egin zituen, baina azken hiruretan bi porrot eta berdinketa bat bildu ditu. Nola ari zara ikusten talde zuri-gorria?

Talde osoa eta handia daukate. Gainera, entrenatzaileari eta jokalari multzoari eutsi diote. Jokatzeko modu bera dute, eta uste dut, gu bezala, egokitzen ari direla sasoi hasiera honetan. Baina talde oso ona da. Erasoari begira aukera asko dituen taldea da: Elexpururen eta Nevadoren bidez min egiten du hegaletatik; aurrean Azkona eta Nahikari jokalari trebe eta erabakigarriak ditu, eta zelai erditik ere jokalari asko iristen dira aurkariaren areara...  Kontu handiz ibili beharko dugu. 

Haiek beti izan dira abilak kontraerasoan, baina orain gehiago ari dira baloia edukitzeko lanetan. Haiei baloia kentzea izan daiteke partidako gakoetako bat?

Izan daiteke. Baina baloia daukagunean ere kontu handiz ibili behar dugu, eta, leku arriskutsuetan ez galdu, haiek berehala hartzen baitizute bizkarra. Baloia edukitzean saiatu behar dugu jokaldiak amaitzen, korrika egin ez dezaten, eta gu defentsan ondo kokatuta egon gaitezen. 

Eta zuk nola ekin diozu denboraldiari?

Oso motibatuta. Uste dut futbolaren alde gozoenak bizitzen ari naizela: Lehen Mailan jokatzen, Eibarren, asko gozatzen... Balio handia ematen diot horri. Gainera, taldea egokituz eta haziz joan ahala, guztiak ere hobetuz joango gara.

«Athleticetik ateratzea zaila da, baina egungo jokalariek gure garaian baino aukera gehiago dituzte»

Athleticen jokatu zenuen. Zein oroitzapen dituzu? Bizkaitarra izanda eta harrobiko jokalaria, kosta egiten da Lezama uztea?

Bai, zaila da. Halako partidak jokatzean beti datozkit gauzak gogora, eta nostalgia puntu bat ere izaten dut une haietaz. Baina denbora bat ere pasatu da handik irten nintzela, eta gero eta normalago bizi ditut. Urduritasun hori gutxitu egin da. Bestalde, ez du zerikusirik nire garaian taldea uzteak edo orain uzteak. Orduan askoz aukera gutxiago genituen futbolean jarraitzeko. Gaur egun, gero eta talde gehiago daude, eta futbolariak ausartagoak gara kanpora begiratzeko orduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.