Lan desatsegina da maleta prestatzea. Nagia ematen du. Eduardo Gurbindori, ordea, ez (Iruñea, 1987). «Nik azkar eta pozik egin dut beti maleta, bai lehen, bakarrik nengoenean, bai orain, emaztea eta bi seme-alaba izanda. Abenturazaleak gara etxean», esan du umoretsu.
Baloia eskuan, eta ibili munduan. Halaxe dabil aspaldian. Turkian ari da orain, Istanbulgo Besiktas eskubaloi taldean. Aurretik, beste zazpi herrialdetan jokatu du profesionaletan: Euskal Herrian (Portland San Antonion), Herrialde Katalanetan (Torrevellan eta Bartzelonan), Espainian (Valladoliden), Bretainian (Naoneden), Errumanian (Dinamo Bukaresten), Mazedonian (Vardarren) eta Alemanian (Kielen).
37 urte egin berri ditu, eta horietatik hogeita bat daramatza gorenean, 16 urterekin Portland San Antoniorekin lehen aldiz jokatu zuenetik. Bi datuk sekulako distira ematen diote haren kirol ibilbideari. Bata, 29 titulu irabazi dituela. Bestea, berriz, hamazazpi denboralditan jokatu duela Txapeldunen Ligan. «Pribilegiatutzat» du bere burua. «Txikitan jokalari profesionala izatearekin egiten nuen amets, baina inoiz ez nuen imajinatuko ez horren talde indartsuetan jokatu nuenik, ez horrenbeste jende ezagutuko nuenik. Orain, beste ikuspuntu bat dut: seme-alabek ni jokatzen ikusteak pizten dit ilusioa».
«Koska bat jaitsi» nahi zuen, eta «lasaiago» bizi. «Akituta» utzi zion Alemanian egindako urteak. «Beti esan nuen ez nuela Alemanian jokatuko, baina, azkenean, animatu egin nintzen; urtebete baino ez zen izango. Baina bigarren hilabetean baieztatu zen nire susmoa: gehiegi zela niretzat. Izugarri gogorra da, eta ni onenak emanda nago. Liga erakargarria da: taldeak oso indartsuak dira, eta pabiloiak bete egiten dira. Baina intentsitate handiarekin aritzen dira. Ez dago joko aberatsik; hiru gauza egiten dituzte behin eta berriz».
Aspaldiko lagun batek esan zion Turkiara joateko: Cedric Sorhaindok, harekin Bartzelonan eta Dinamo Bukaresten aritutako jokalari frantziarrak. «Hura iaz etorri zen Turkiara, eta gustura zebilen». Konbentzitu, berriz, Besiktaseko entrenatzaileak konbentzitu zuen: Oliver Roy katalanak. «Bartzelonan ezagutu nuen. Hark bere asmoen berri eman zidan. Gustatu zitzaidan egitasmoa, eta baiezkoa eman nion».
Argi du: «asmatu» egin dute. «Hau da eduki genezakeen onena: ez dugu asko bidaiatzen, eta bidaiak erosoak dira. Denbora asko pasatzen dut etxekoekin. Beste nonbaitera joan izan banintz, ahalegin handiagoa egin beharko nuke, eta, gaur-gaurkoz, ez dut hori egiteko gogorik».
«Hona etortzea zortzi koska jaistea da, baina oso pozik nago; horrelako zerbait nahi genuen»
EDUARDO GURBINDOBesiktas eskubaloi taldeko jokalaria
Kexa bakarra du: trafikoa. «Istanbul magikoa da, eta denetarik du, baina oso arazo larria du: trafikoa jasanezina da. Gu Asiako aldean bizi gara, eta egunero pasatu behar dugu Bosforoko zubia. Hamabi kilometro eskas daude entrenatzen dugun tokiraino; bada, batzuetan ordu eta erdi pasatxo behar dut autoan hara iristeko. Pazientzia handia izan behar da».
Liga apala
Istanbulek erakarri egin zien betidanik Gurbindori eta haren emazteari. «Baina kultur eta historia kontuengatik, inoiz ez eskubaloia kontuengatik», zehaztu du. «Turkiako liga apala da, eta Besiktas klub desegonkorra izan da. Baina badirudi orain serio hartu dutela, eta gora egin nahi dutela. Hona etortzea zortzi koska jaistea da, baina oso pozik nago. Horrelako zerbait nahi genuen».
Hamabi taldek jokatzen dute liga, baina «alde handia» dago batzuen eta besteen artean. «Zazpiri oso erraz irabazi diegu. Beste laurak borrokalariagoak dira. Guk titulu guztiak irabaztea dugu helburu. Europan, berriz, ahalik eta urrutiena iritsi nahi dugu». Bide zuzena daramate: ligan, lider dira, eta partida guztiak irabazi dituzte. Europako Kopan, berriz, bigarren kanporaketan daude.
Nahasketa dute taldean: turkiarrak eta atzerritarrak, eta gazteak eta beteranoak. «Ezustea» hartu du etxeko jokalarien mailarekin. «Onak dira, baina eskubaloia ez dago garatua; ez zaie erakusten gaztetan. Zerbait txukuna egiteko gaia badago, eta egin nahi dute: Dani Gordo espainiarra dabil orain hautatzaile».
Giro «oso ona» dute taldean. «Ingelesez mintzatzen gara, baina entrenatzaileak batzuetan gaztelaniaz hitz egin dit; beste bi jokalariri, berriz, katalanez mintzatzen zaie. Ez dakit ezer turkieraz. Oso zaila da, eta iritsi berria naiz».
Zale sutsuak dira Turkiakoak, baina halakorik ez dago eskubaloian. «Futbolean eta saskibaloian sekulako lehia dute hiriko beste taldeekin. Gure partidetan ez dago halakorik. Garrantzitsuetan 600 bat zale egoten dira; bestelakoetan, gutxiago. Baina mesede egiten digu futbol klub indartsu baten pean egoteak: baldintza onak ditugu».
«Gustatuko litzaidake zikloa bukatzea eta etxean jokatzea azkenean. Anaitasunan? Polita litzateke. Aukera bat da»
EDUARDO GURBINDOBesiktas eskubaloi taldeko jokalaria
Badago etxetik kanpo ari direnen artean joera urteak joan ahala etxera gerturatzeko, baina hura inoiz baino urrunen joan da. «Etxean zer dioten? Istanbul hiri exotikoa denez, dezentetan ditut bisitan [barrez]». Lagunek, berriz, bueltan nahi dute. «Beti esaten didate badutela gogoa elkarrekin afaldu eta Osasuna ikusteko. Nik ere badut gogoa. Gure asmoa da erretiroa hartzean Iruñera itzultzea, eta hogei urtez bizi ezin izan dudana bizitzea».
Noiz izango da hori? «Bi urterako kontratua sinatu dut, eta badut gogoa beste bat sinatzeko. Urtebete barru erabakiko dugu». Gustatuko litzaioke «zikloa amaitzea, eta etxean jokatzea azkenean». Anaitasunan? «Aukera bat da. Polita litzateke».