Baloia besapean jaiotakoak

100.000 biztanle ditu, 117 uharte, Zuberoaren antzeko eremua du, eta hango errugbi selekzioa zazpi aldiz sailkatu da Munduko Koparako. Tonga da; gaur, Anoetan ariko da AEBen aurka.

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2016ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
«Dena da, ia erlijio bat», Tevita Taumoepeau (H'apai, Tonga, 1975), Tongako selekzioko aurrelarien entrenatzaileetako bat da, eta ez du hitzik aurkitzen galdera erantzuteko. «Zer da errugbia Tongarentzat? Dena, ume guztiek jokatzen dute, txiki-txikitatik dute baloia eskuetan. Denek amesten dute jokalari onak izan eta atzerriko ligetan izar bilakatzearekin». Taumoepeauk egin zuen bezala. 1999ko Munduko Kopan partida handia egin zuen Zeelanda Berriaren aurka, eta hango talde batek fitxatu zuen. Gero hamabi sasoi egin zituen Europako liga handietan, azken zortziak Ingalaterran, Worcesterren.

Tonga da munduko errugbi harrobirik onena, eta asko dira Taumoepeaurenaren antzeko istorioak. Baina hainbesterako al da? Estatistika argigarria da: Tongak 103.000 biztanle ditu bakarrik, eta populazioa Polinesiako 36 irlatan banatzen da —117 dira guztira—. 747 kilometro koadroko eremua du, Zuberoak baino pixka bat txikiagoa, eta biztanleen per capita errenta 2.896 euro dira urtean. Herrialde txiroa da, eta errugbia gazte askoren itxaropena. Ilusio horren ondorio da egun munduko 15. selekzioa izatea, eta zazpi aldiz sailkatu izana Munduko Koparako —1987az geroztik jokatzen da—. Azken txapelketan, iazkoan, Tonga izan zen parte hartu zuen herrialderik txikiena.

«Tongako gazteentzat, irlatik irten eta bizitzan garatzeko aukera bat da errugbia. Zeelanda Berriko ikastetxe on batera joan ahal izatea, eta, auskalo, agian All Blacks-ekin jokatu ahal izatea», azaldu du Taumoepeauk. Atzerriko selekzio bat aipatzea deigarria da, baina ez da hain arraroa Tongan. Urrunago joan gabe Taumoepeauren anaiak All Blacks-ekin jokatu zuen. Azken Munduko Kopan bi tongar zeuden Zeelanda Berriko selekzioan, beste hainbeste Japoniakoan eta lau Australiakoan. Parte hartu zuen hogei selekzioetatik zortzitan zegoen tongar jatorriko jokalariren bat. «Izar handi izateko ametsa baduzu, hara zoaz, han hazten zara, eta,han sustraitzen bazara, normala da haiekin jokatu nahi izatea».Tongak, trukean, irlatik kanpo jaiotako, baina tongar jatorriko hamabi jokalari deitu zituen. Jonah Lomuh handiaren gurasoak, esaterako, tongarrak ziren

«Tongak oso bolada gozoa n dago egun», nabarmendu du teknikariak. «Maila handiko jokalari asko ditugu, liga onetan jokatzen, eta, lesioek errespetatzen bagaituzte, 2019ko Munduko Kopan egongo gara». Donostiara etorri direnen artean lau bakarrik ari dira Tongan, beste guztiak profesionala, dira, hego zein ipar hemisferioko ligetan. Iaz, Munduko Kopan, Namibiari irabazi zioten lehen fasean, eta Georgia, Zeelanda Berriaren eta Argentinaren aurka galdu. 2019ko sailkapen fasea ez dute ondo hasi, Fidji eta Samoaren aurka galduta. Bi herrialdeok, baina, handiagoak dira, 900.000 eta 200.000 biztanlekoak, hurrenez hurren.

Tongaren iraganean partida handiak ageri dira, balentriak. 2011ko Munduko Kopan 19-14 irabazi zuten Frantziaren aurka, eta 2007koan, Hegoafrikari irabazteko zorian egon ziren, baina azkenean 30-25 eman zuten amore. Zein da sekretua? «Esan dizut, umeek kalean errugbian jokatzen dute txikitatik, eta, fisikoki, genetikoki indartsuak gara, zabalak, eta horrek laguntzen digu». Taumoepeau bera 1,80 metro luze eta 118 kilo astun den morroskoa da. Aurrelari on askoak eman ditu, baina lerroko jokoan arazo gehiago dituzte. Teknikaria ez dator bat topiko horrekin. «Bertute teknikoak landu egin daitezke. Eta guk ere asko egin dugu hobera beste postuetan».

Tongak egun batzuk egin ditu Euskal Herrian. Taumoepeauk dio esperientzia oso ona izan dela:. «Janaria, batez ere; zoragarria». Jatun izateko itxura du. Errugbiaren inguruan, Euskal Herrian eta Espainiako ligan bilakaera handia ikusi du. Tonga izan daiteke ispilu ona bilakabidean. Egonaldi honetan, ez dute xehetasun txikiena ere lotu gabe utzi; besteak beste, errugbi gimnasio berezi bat muntatu behar izan diete Realaren kirol instalazioetan.

'Sipi Tau' dantza

Tongaren beste bereizgarri bat Sipi Tau dantza ikusgarria da. Polinesiako errugbi selekzio guztiek bezala, partidaren aurretik egiten duten errituala da. Izenak guda dantza esan nahi du Lea Faka-Tonga hizkuntzan; abesti-otoitzeko bertso batetik datorkio taldeari Itsasoko arranoen goitizena. Gaur ere egingo dute, eta hura ikusteagatik bakarrik merezi du partida hasi baino hamar minutu lehenago sartzea Anoetako estadioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.