Bartzelonaren jokatzeko modua azaltzerakoan, azkar etortzen da hitz bat aho ertzera: baloia. Eta baloiaren jabetza. Eta, ondoren, Herbehereak gogora, iturri emankor hartatik edanda ibili zalea delako Kataluniako taldea. Rinus Michels, Johan Cruyff eta Louis Van Gaal hertsiki lotuta daude klubaren jokatzeko modura, eta lan eder hori dena Pep Guardiolak biribildu zuen 2008-2012 aldian, irabazi beharreko guztia irabaziz, eta, batez ere, irabazteko moduarekin. «Menderatzailea izan zen talde hura», esan dio BERRIAri Natalia Arroyo (Esplugues de Llobregat, Katalunia, 1986) entrenatzaile eta kazetariak. «Aurkariaren zelaian jokatuz, erabat birrintzen zuen aurkaria», gehitu du emakumezkoen Kataluniako entrenatzaileak.
Joan zen Guardiola, eta entrenatzaile berria aukeratu behar zutenek kontu bati erreparatu zioten, Arroyoren esanetan: «Ikusi zuten azken aldera taldeari asko kostatzen zitzaiola atzean ondo eta azkar kokatzen ziren taldeei min ematea, eta hori hobetzera joan ziren, baloia berreskuratu eta bertikalagoa izateko helburuarekin». Tito Vilanova ordezkoaren gaixotasun larri eta sendaezinak Gerardo Martino argentinarra eraman zuen aulkira, eta, Arroyoren ustez, ordutik bertikalago izan nahiak gidatu du klubaren bidea: «Ez nuke esango horrela jokatzea gustatzen zaien entrenatzaileen bila joateagatik, baizik eta ezaugarri horretako jokalariak ekartzeagatik». Martinok denboraldi bat egin zuen lanean, eta, gero, Luis Enriquek hiru, Ernesto Valverdek taldearen ardura hartu zuen arte, duela bi denboraldi.
Arroyok entrenatzaile horiek egindako bideari erreparatu dio, jokalari berrien ezaugarrietan sakondu baino lehen: «Martinoren denboraldian asko kosta zitzaion taldeari erasoan gauzak egitea, eta, gainera, Simeoneren Atletico Madril indartsuena azaldu zen. Bartzelonak, orduan ere, arazo handiak izan zituen atzean sartzen zitzaizkion taldeak hausteko». Hori dena kontuan izanda, Luis Enriqueren hautua etorri zen: «Erasoan taldeari distira ematera joan zen espainiarra, eta lortu zuen, bertikala izanez». Valverde aukeratu zuten gero: «Hark segida eman zion aurrekoaren lanari, eta erasoan taldeak gai izaten segitzen du golak sartzeko, partida irekiak ondo menderatzeko, baina beste ezaugarri bat ere gehitzen dio Valverdek: defentsarako sendotasuna, lehiakorra izaten jarraitu ahal izateko». Arroyok egindako analisiaren arabera, lehen denboraldian taldeak «ezin izan zuen errealitate berria erabat menderatu, partidak hasi eta buka kontrolpean izatea kosta egiten zitzaiolako. Horregatik, ondo etortzen zitzaion taldeari partidak haustea, betiere defentsako sendotasuna galdu gabe. Valverderen nahia garbi zegoen: baloirik gabe zaila izatea, eta baloiarekin Messi eta espazioekin, min egitea».
Guardiolaren aroaren ondotik, molde bertsuko jokalariak ekarri izanari eman dio aparteko garrantzia Arroyok: «Pep zegoenean, erasoko jokalariak ekarri zituzten: Ibrahimovic, Alexis, Cesc... Gero ez, ordea. Rakitic, Paulinho, Arturo Vidal eta beste hainbat ez dira aurrekoen molde berekoak. Defenditzen dakiten jokalariak dira». Ematen zuen horrekin nahikoa izango zuela taldeak defentsan sendo bihurtzeko, baina ez: «Uste izan zuen klubak Messiri alboan defenditzen dakiten lauzpabost jokalari jarrita nahikoa izango zela, baina ez da ari horrela izaten, eta berriz ere erasoko jokalarien bila hasi dira. Griezmannen kasua da esanguratsuena. Erasoan desoreka lortu nahi da berriz, eta Messi ez izatea bakarra horretan».
Nahia ezin gauzatu, agian
Futbolean, beti ezin izaten da norberak nahi duen bezala jokatu, «aurkariak ere asko baldintzatzen duelako», Arroyoren esanetan. Bartzelonaren adibidea oso adierazgarria dela dio: «Kopetan itsatsita dauka nola jokatzen duen, baloiaren jabe eta menderatzaile izan nahian, Guardiolaren aroa gogoan oraindik, eta aurkariek justu kontrakoa egiten dute, atzean asko sartuz. Ezinbestean dauka, hortaz, Bartzelonak baloiaren jabe egin beharra». Eta hor arazoak ikusten ditu entrenatzaile eta kazetariak: «Konturatu da Bartzelona baloiaren jabetza luzeen beharra duela berriz ere, gaur egun aurkariak ere gai direlako baloia edukiz Bartzelona defentsako lanean denbora luzean edukitzeko, eta orain daukan taldearekin ez da bateragarria hori». Igarlea ez da Arroyo, baina ausartu da ondorengoa iragartzera: «Menderatzaile izan nahiko du berriz baloiarekin, baina ez dakit talde hau gai izango den. Gauza asko aldatu beharko lituzke».
«Baloia behar du»
Guardiolaren ondoren, aldatu egin zen Bartzelonaren jokoa, eta Valverdek sendotasuna du bidaide. Baina Natalia Arroyo entrenatzaileak uste du kluba lehengora itzuli nahian ari dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu