Eskubaloia. Krisia Asobal ligan

Baloi txikia, zulo handia

Zorrak nonahi, atzerapenak ordainketetan, geldialdiak, grebak... Kirolaz kanpoko berriak, guztiak diru eskasiarekin zerikusia dutenak, eguneroko ogi izan dira denboraldi honetan Asobal ligan. Txapelketako arduradunen arabera, erakundeen eta komunikabideen «utzikerian» dago arazoaren muina.

Julen Etxeberria.
Donostia
2011ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Kirol mundua Londresera begira egongo da hilaren 28an. Futboleko Txapeldunen Ligako finala jokatuko dute egun horretan Bartzelonak eta Manchester Unitedek Wembley estadio eraberrituan. Eguneko arreta gune nagusia izango da, baina ez bakarra. Kolonian (Alemania), Londrestik 600 bat kilometrora, eskubaloiko Txapeldunen Ligako Lauko Finala hasiko da. Munduko lau talde onenak ariko dira lehian asteburuan: Bartzelona eta Ciudad Real Asobal ligako ordezkariak, eta Hanburgo eta Rhein-Neckar Loewen Alemaniako Bundesligakoak. Ikuskizuna pistan, eta ikuskizuna harmailetan, 20.000 ikusle bilduko baitira Lanxess Arena pabiloi erraldoian. Baloi txikiaren festa izango da.

Baina oro ez da urre baloi eskubaloian, eta are gutxiago Asobal ligan. Denboraldi honetan gertatu denari erreparatzea besterik ez dago: zorrak nonahi, atzerapenak ordainketetan, geldialdiak, grebak... Kirolaz kanpoko berriak, guztiak diru eskasiarekin zerikusia dutenak, eguneroko ogi izan dira. Nahi adina adibide daude. Alcobendas bigarren taldeko jokalariekin ari da jokatzen lehen itzulia amaitu zenetik. Antequerak jubenilekin jokatu zuen San Antonioren aurka, jokalari profesionalak greban zeudelako. Granollerseko jokalariek ez dute grebarik egin, baina bizarra moztu gabe egin dute bigarren itzulia, protesta gisa. Toledon ere hilabeteak daramatzate kobratu gabe. Arrateren egoera askoz larriagoa da, 1,6 milioi euroko zorra baitu, horietatik 900.000 euro jokalariekin. Cuencan, Guadalajaran, San Antonion, Port Sagunten eta Torrevellan ere atzerapenak izan dituzte ordainketetan. Ligako hamasei taldeetatik seik bakarrik ordaindu omen dituzte soldatak hilabetero: Bartzelonak, Ciudad Realek, Ademarrek, Logroñok, CAI Aragoik eta Valladolidek. Hori bai, guztiek jadanik iragarri dute datorren denboraldirako aurrekontua murriztuko dutela.

«Gizartean gertatzen ari denaren isla da Asobal ligan gertatzen ari dena. Krisiak denean eragin du», adierazi dio BERRIAri Javier Zuriarrain Asobaleko presidenteak (Donostia, 1963). Zuriarrainek konparaketa bitxi bat erabili du Asobal ligaren eta, oro har, eskubaloiaren egoera azaltzeko. «Katarroak jota dago, eta botika bat behar du sendatzeko, botika merkea beste kirol batzuek behar dutenarekin alderatuta». Zorraren kopurua ere eman du: «Lau milioi euro baino gutxiago; huskeria bat futbolak zor duenarekin konparatuta». Hala da datuak eskuetan. Izan ere, Espainiako Lehen eta Bigarren Mailako futbol taldeek 700 milioi euro baino gehiago zor dizkiete Ogasunari eta Gizarte Segurantzari, eta 38 milioi euro inguru jokalariei.

Hain zuzen ere, Asobal ligako zorrak «lau haizeetara» zabaldu izanak eta beste kirolek dituztenak «isildu» izanak amorrarazten du gehien Zuriarrain. «Joan gaitezen beste kiroletara. Saskibaloiak zor duenaz ezer entzun al dugu? ACB ligak ere zor handia du, eta zortzi bat talde Konkurtso Legearen atarian daude. Zergatik ez da horretaz hitz egiten gurea baino zor handiagoa baldin badute? Horrek egiten dit min, eskubaloiaz ezer gutxi hitz egitea, eta hitz egiten den bakarra trapu zikinak haizatzeko izatea. Zergatik ez da hitz egiten gure lorpenez? Europako Kopako azken hogei ekitaldietatik hamahiru irabazi dituzte Asobal ligako taldeek. Baina dirudienez, ez da komeni hori erakustea».

Tokirik ez erakusleihoan

Zuriarrain ez dago ados eskubaloiak ez duela saltzen diotenekin. «Produktu bat sal daitekeen edo ez jakiteko produktu hori erakusleihoan jarri behar duzu, denen bistan. Eta komunikabideek biltegian daukate gordeta eskubaloia, ez dute atera ere egiten. Eta, horrela, ezinezkoa da ezer saltzea. Nola salduko duzu ikusten ez den zerbait? Hamar segundoko tartea besterik ez dugu eskatzen. Badute aukera. Ken ditzatela Casillasen neska-lagunaren eta Cristiano Ronaldoren oinetako berrien irudiak». Asobaleko presidentearen iritziz, komunikabideek eta erakundeek kirol minoritarioak «sustatu» beharko lituzkete, eta ez egunerokoan oihartzun nahikoa dutenak. «Hemen futbola bakarrik dago, futbola, futbola eta futbola. Gero Nadalen partidak, Pau Gasolenak, Alonsoren lasterketak, motoak eta kito. Kirol horiek guztiek badute nahikoa oihartzun, ez dute gehiagoren beharrik».

Adibide argigarria jarri du kirol batzuek eta besteek telebista eskubideengatik jasotzen dutenaren arteko aldea nabarmentzeko: «Eskubaloi partidak Espainiako Telebista Publikoak ematen ditu. Zenbat jasotzen dugu horren truke? Euro bakar bat ere ez. Futbolean pentsaezina da hori. Aitzitik, telebista publikoek diru publiko pila jartzen dute zenbait txapelketaren eskubideak erosteko. Ez da justua, kirol askoren bizkar egiten baitute».

Komunikabideek ez ezik, erakundeek ere «zeresan handia» dute arazo honen konponbidean, Zuriarrainen hitzetan. «Erakunde publikoen diru laguntzarik gabe, ez litzateke existituko kirol profesionala. Diru hori gabe ezinezkoa litzateke San Mames edo Anoeta berriak eraikitzea». Diru laguntzena «etengabeko katea» omen da. «Beti emango zaio diru gehiago kirol bati, eta kirol hori beti egongo da besteen gainetik. Guk ez dugu eskatzen guri diru gehien ematea, diru laguntzak proportzioan ematea baizik».

Eskubaloi taldeek ere egingo zuten ezer gaizki, ez? Baietz dio Zuriarrainek, eta denboraldi honetan gertatutakoak ikasteko balioko diela. Ez dira gutxi Asobal ligako taldeen kopurua murriztea proposatu dutenak ere. Hori ez omen da irtenbidea, Asobaleko lehendakariaren ustez. «Non jartzen duzu langa? Granollers laugarren izan da, eta diru arazo larriak izan ditu. Zuriarrain eta haren laguntzaileak hasi dira jada datorren sasoira begira lanean, eta ziur da kirol erakundeekin egindako bileretan egin dizkioten promesak beteko direla. Kluben artean mezu garbia helarazi dute: «Gerrikoa estutu beharra dago, eta oinak lurrean izan». Fitxaketak egin egingo dira: «Baina dirua ondo begiratuta, erokeriarik gabe. Ez dugu nahi sasoi honetakoa berriro gerta dadin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.