Irabaztera doazela esan bai, baina berdinketa buruan daukatela joan dira Real Unioneko jokalariak Sevilla aldera (Espainia). Handia litzateke irundarrek gaur Betisen aurka puntu bat lortzea. Azken bi partidak irabazita, hazita daude Iñaki Alonsoren jokalariak, baina aurkari gutxik lortuko du punturen bat Manuel Ruiz de Lopera futbol zelaian. Erlaxatuta zelairatuz gero, ordea, min handia egingo dio Betisek Real Unioni.
Horregatik, baloi jabetza nahi du Iñaki Alonsok. Markel Robles etxean utzi du, azken bi partidetan hasieratik aritu den arren, eta Aitor Sanz hasieratik ariko da ziurrenik, Beobideren ondoan. Bi euskarri horien aurretik, berriz, Montorok jokatuko du. Bigarren zatian zelairatuta, oso partida ona egin zuen erdilariak Castelloren aurka, eta haren kalitatearekin hautsi nahi du entrenatzaileak Betisen nagusitasuna.
Espainiarrak oso indartsu ari dira etxean. 3-0 irabazi zioten Recreativori, 3-0 Kordobari, eta 0-0 berdindu zuten Cartagenaren aurka, baina bederatzi jokalarirekin amaitu zuten partida hura. Casto Espinosa, Juanma, Damia, Nacho, Melli eta Emana ez dira ariko gaur. Arzu eta Carlos Garcia, berriz, atzealdeko lerrora itzuliko dira, zigorra bete ostean.
Baloi jabetzarekin lortu nahi du ia ezinezkoa dena
Real Unionek Betisen aurka jokatuko du gaur, kalitatez Bigarren Mailako talderik indartsuenaren zelaian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu