Soudal taldeko txirrindularia

Mikel Landa: «Baliteke Soudal nire azken taldea izatea, baina nahiago dut eperik ez jarri»

Landak «gozatu» egin du Soudal taldean osatu duen lehen urtean. Makulu sendoa izan da Evenepoelentzat, eta bakarka ere indartsu aritu da. Gogotsu dago aurrera begira, bukaera gertuago dakusan arren. Iraganari, ordea, ukitu nostalgikoz begiratu dio.

Mikel Landa. PATXI BELTZAIZ
Mikel Landa. PATXI BELTZAIZ
enaut agirrebengoa
2024ko urriaren 26a
05:05
Entzun

Lehen deiak hegazkinean harrapatu du Mikel Landa (Murgia, Araba, 1989), baina laster iritsi da etxera. Egunotan bilera izan du Soudaleko taldekide eta zuzendariekin. «Bizikleta berriak hartu ditugu, eta jantzi batzuk probatu. Horrez gain, txirrindulari bakoitzak bere ideiak proposatu ditu datorren urteari begira». Kontratua 2025ean bukatzen zaio, eta pizgarri bila dabil. «Tourrean ez ezik, aurrenekoz lehiatu nahiko nuke Strade Bianchen ere, eta polita izango litzateke aspaldiko partez Suitza eta Erromandiako itzulietan aritzea. Gauza berriak egin nahi ditut, baina erotu gabe». 

Denbora libre gehiago duzu behin denboraldia amaitu denean. Zertarako baliatzen duzu?

Oso etxekoia naiz, eta etxe inguruan ibiltzea gustatzen zait. Badira gauza batzuk urtean zehar ezin ditudanak egin, eta halakoei denbora eskaintzen diet opor garaian. Familiarekin denbora gehiago pasatzen dut, eta lagunekin sarriagotan elkartzen naiz. Ondo bazkaltzea ere gustatzen zait. Lasai gozatzeko asteak dira.

Izan duzun denboraldiak ere lasaitasuna emango dizu. Ia dena nahieran atera zaizu.

Oso pozik nago eman dudan mailarekin, eta batez ere, sentitu dudan gozamenarekin. Oso ondo pasatu dut bizikleta gainean, eta hori emaitzetan islatu da. Nahiz eta Munduko Txapelketan erori, denboraldia oso ona izan da. Erregulartasun handia izan dut hasieratik; nire urterik onenetako bat izan dela esan liteke.

Aurten Evenepoel izan duzu buruzagi, eta, hari laguntzeaz gain, zure kabuz ere distiratsu aritu zara. Zeregin guztiak bete dituzu.

Hori nahi nuen. Remco laguntzea zen helburu nagusia, eta horrekin batera, baliatu egin nahi nituen taldeak emandako aukerak. Askatasuna izan dut bai Kataluniako Voltan, bai Espainiako Vueltan, eta nahiko ondo ibili naiz.

«Soudalen, errazago prestatzen dituzte egun bakarreko probak; gehiago kostatzen zaie, ordea, hiru asterako plangintza egitea»

Urteko oztopo nagusia Euskal Herriko Itzulian izan zenuen, erori egin baitzinen. Zenbait eroriko txar izan dituzu, baina horrek arrasto berezia utzi zizun?

Bai, oso gogorra izan zen, eta arrastoa utzi zidan fisikoki eta mentalki. Ez nuen inolaz ere espero halako ezbehar bat izaterik. Asko ari nintzen gozatzen, eta erorikoak ahaztuta neuzkan. Baina, tarteka, kirol oso gogorra dela gogorarazten dizu txirrindularitzak. Ezbeharrak bat-batean gertatzen dira. Hasieran pozik egon nintzen, etxean lasai egon nintekeelako familiarekin, baina gero konturatzen zara ez zaudela ondo. Zaila izan zen lehen hilabetea, baina, bizikletara igotakoan, alaitasuna berreskuratu nuen.

Lepauztaia eta bi saihets hautsi zenituen, baina ondo osatu zinen, eta proba nagusietan funtsezkoa izan zara taldearentzat. Vueltan gertu izan zenuen podiuma; ordea, hondoratu egin zinen Arabako etapan. Dena oker atera zen egun hartan?

Pena handia izan zen aukera guztiak etxeko etapan galtzea. Gorputzaldi txarra izan nuen, esfortzuetatik ez nintzen behar bezala errekuperatu, eta nabaritu egin nuen. Gainera, aurrean denak ados jarri ziren ni atzean uzteko. Eta gure taldean ez genuen egoera ondo kudeatu, edo ez geunden prest horrelako egoera baterako. Ahazteko moduko eguna izan zen. Hala ere, Vuelta nahiko ondo bukatu genuen. Taldeak azken egunera arte egin zuen lan niretzat, eta hori izango dut gogoan.

Zer nabarmenduko zenuke Soudalen inguruan? Oso ezberdina da egon zaren beste taldeen aldean?

Apur bat bai. Beti itzuli handiei begiratzen zieten taldeetan aritu naiz, eta Soudalek oso bestelako tradizioa izan du: bereziki klasikoei erreparatu izan die. Ordea, norabidez aldatzen ari dira orain, Remco taldean edukita. Ikusi dute klasikoez gain itzuli handiak ere irabaz ditzaketela. Baina nabaritzen da oraindik iraganean zer filosofia izan duten. Errazago prestatzen dituzte egun bakarreko probak; gehiago kostatzen zaie, ordea, hiru asterako plangintza egitea.

Nolakoa izan da Evenepoelekin orpoz orpo aritzea?

Nahiko ondo moldatu naiz. Harreman ona izan dugu hasieratik. Jatorra eta umoretsua da. Txantxetan ibili ohi da, eta alaitasun horrek erraztu egiten du harreman ona izatea. Lasterketetan oso sutsua da, eta odol beroa du. Baina entzuten nau, eta uste dut aholku onak eman dizkiodala. Behar izan nauenetan hor egon naiz, bai lasterketetan eta bai autobusean. Gaztetan, batzuetan gehiago kostatzen da zailtasunak kudeatzea, eta garrantzitsua da ondoan eskarmentua duen jendea edukitzea.

«Remcok [Evenepoelek] entzun egin nau, eta uste dut aholku onak eman dizkiodala. Behar izan nauenetan hor egon naiz»

Eskalatzaile gisa harrigarri aritu zen Tourrean. Alabaina, irabaztea oso zaila da, Pogacar hor egonda. Badago hari aurre egiteko modurik?

Pogacarrek, agian, historiako denboraldirik onena osatu du. Ez dauka parekorik. Ez dut sekula halakorik ikusi. Asko gozatu dugu denok; guk lasterketa barruan ere bai, ia beti irabazi digun arren. Azken batean, erakustaldi historiko askoren parte izan zarela sentitzen duzu. Guri dagokigunez, oso pozik gaude Remcok mendian eman duen mailarekin. Baziren zalantzak iazko Vueltaren ostean, baina Galibierreko etapan oso ondo sentitu zen, eta horrek konfiantza handia eman zion. Aurrerantzean ez zuen hutsik.

Pogacarrekin gozatu egin duzula diozu. Ordea, harengatik izan ez balitz, seguruenik garaipenen bat lortuko zenuen aurten; Voltan, adibidez.

Agian bai, baina bera han zegoen. Buruz buru, ezin da ezer egin haren kontra. Historian arrasto handia utziko du, eta etorkizunean aipatzekoa izango da harekin lehiatu izana.   

2019an irabazi zenuen azkenekoz etapa bat. Zama handia da hori?

Ez nau obsesionatzen, baina jada urte pare bat daramat helburu horren atzetik. Ez naiz oso azkarra, eta gainera, beti Pogacar, Vingegaard, Roglic edo haietakoren bat aurkitzen dut bidean. Zaila da haien kontra irabaztea. Sailkapen nagusietan ez dut deskonektatzen, eta aurrean zaudenean, askatasun gutxiago ematen dizute aurkariek.

«Historian arrasto handia utziko du Pogacarrek txirrindulari gisa, eta etorkizunean aipatzekoa izango da harekin lehiatu izana»

Atzera begiratuta, nola ikusten duzu zure bilakaera?

2015ean loratu nintzen, Giroa podiumean bukatuta. Horrek sailkapen nagusietan lehiatzeko ateak zabaldu zizkidan. Nire helburu bihurtu ziren itzuli handiak. Gorabeherak izan ditut ordutik, batzuetan erorikoengatik, baina beti egon naiz hor, borrokan. Erregulartasun handia izan dut, eta pozik nago orain arte egindako bidearekin.

Nostalgiaz gogoratzen duzu Giroa hankaz gora jarri zuen Mikel hura? Gaztetan dena da hobea eta errazagoa?

Gaztetan burua garbiago daukazu, eta denak dirudi sinpleagoa. Urteek aurrera egin ahala, ordea, kezka gehiago dituzu. Gehiegi pentsatzen duzu, eta gauzak korapilatu egiten dira. Fisikoki, gainera, sasoia azkarrago hartzen duzu gaztea zarenean. Zorionez, ni oraindik nahiko azkar jartzen naiz sasoiko, baina urteak nabaritzen ditut. 

Astanako urte haiek izan ziren onenak?

Oroitzapen onenak Astanan dauzkat, bai. Euskalteletik atera ostean, mundua ireki zidan Astanak. Oso talde jatorra aurkitu nuen, eta Giroan ezin hobeto aritu ginen Aru eta biok. Vueltan ere ederki aritu nintzen. Atzera begiratuta, uste dut nire bertsiorik onena orduan ikusi zela. Contadorri aurre egiteko gai izan nintzen, pentsa. Orain, onenei buruz buru irabazten saiatzen naizenetan, ez dut lortzen.

«Nire bertsiorik onena Astanan ikusi zen. Alberto Contadorri aurre egiteko gai izan nintzen, pentsa»

Munduko Txapelketaren aurretik esan zenuen ez duzula baztertzen datorren denboraldiaren bukaeran erretiratzea. Orain, oporretan egonik, iritzia aldatu duzu?

Uste dut oso nekatuta nengoela elkarrizketa hori egin zidatenean [barreak]. Orain desberdin ikusten dut. Neure burua indartsu ikusten dut oraindik, eta oso pozik nago hemen. Taldean ere pozik daude nirekin. Oraindik ez didate ezer proposatu, baina ateak ireki dizkidate kontratua luzatu eta etorkizunaz hitz egiteko.

Oraindik duzun sasoiarekin, beste zenbait urtez jarraitzea izango litzateke logikoena.

Sasoia hor dago, bai, baina buruak ere agintzen du. Urte asko dira gauza berberak egiten, eta diziplina handia eskatzen dizu kirol honek. Gainera, lasterketetara goazenean, etxean gauza asko uzten ditugu. Gaur egungo ziklismoan denbora asko pasatzen dugu etxetik kanpo, eta kosta egiten da.  

Uste duzu Soudal izango dela zure azken taldea?

Oso eroso nago hemen, eta urte gutxi geratzen zaizkit. Beraz, baliteke, bai. Hala ere, nahiago dut eperik ez jarri, eta urtez urte joan. Egunero entrenatzeko grina agortzen zaidanean, hau bukatu egingo da. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.