Saskibaloia

Baliteke Europak izatea giltza

IDK-k Eurokopako final-hamaseirenetako itzulerako partida jokatuko du gaur, Charnayren aurka. Litekeena da bolada txarra atzean uzteko pizgarria izatea Europa.

Lola Pendande eta Shakayla Thomas iragan asteko joaneko partidan, Frantzian. EUROCUP WOMEN
Lola Pendande eta Shakayla Thomas, iragan asteko joaneko partidan, Frantzian. EUROCUP WOMEN
Beñat Mujika Telleria.
2024ko abenduaren 18a
05:05
Entzun

Eurokopako final-zortzirenetarako sailkatzea izango du jokoan IDK-k gaur, Josean Gaska kiroldegian (20:00). Donostiako taldeak Charnay hartuko du, Frantziako Ligako taldea. Frantzian jokatu zen joaneko partida, eta 68-68 berdindu zuten bi taldeek. Hortaz, gaur irabazten duen taldeak aurrera egingo du txapelketan. Azu Muguruzarenak ez dira boladarik onenean iritsiko; 29 punturen aldearekin galdu zuten igandean etxean, Ensino Lugo ligako azken sailkatuaren aurka, eta sailkapenaren zulora erori dira. Lola Pendande (Almeria, Espainia, 2000), baina, sinetsita dago taldeak egoera irauliko duela: «Irabazteko gogoa daukagu; hurrengo fasera sailkatzekoa, arnasa hartzekoa eta taldeko giroa hobetzekoa».

Kolpe oso gogorra hartu zuen IDK-k asteburuan. Europan jokatu dituen zazpi partidetatik bakar bat ere galdu ez duten arren, Ligan burua altxatu ezinda daude donostiarrak. Asteburuan Ensino Lugo oso nagusi izan zen hasi eta buka, eta IDK belarrondoko galanta hartuta iritsiko da denboraldiko partida garrantzitsuenetako batera. Azu Muguruza haserre agertu zen igandean prentsaurrekoan: «Jokalariek lehen zatian izan duten jarrera ez da onargarria. Erraztasun guztiak eman dizkiogu aurkariari. Oraintxe bertan, bost axola dit asteazkeneko partidak». Pendandek ere argi dauka ezin dela berriz egin halako partidarik: «Asteburukoa ohartarazpen bat izan zen, jokalarientzat eta talde teknikoarentzat. Orain ikuspegia aldatu behar dugu, eta horretarako ondo datorkigu denbora gutxian beste partida bat jokatzea».

Taldearen dinamika txarra da. Europan emaitza onak bildu arren, azkena da Espainiako Ligan. Pendanderen ustez, «nabarmen hobetu da» ligaren maila, eta alde horretatik estualdia pasatu dutela dio: «Bi lehiaketa jokatzeak nekea dakar arlo fisikoan, eta lesioek ere eragin zuzena izan dute taldearen errendimenduan. Hala ere, ez da aitzakia».

Aurkari indartsua

Gaur aurrean izango duen aurkaria ez da nolanahikoa izango. Frantziako Ligako laugarren sailkatua da Charnay –zozketa egin zenean ligako lehen sailkatua zen–, eta, talde txikia izan arren, iragan asteazkenean ederki erakutsi zituen indarguneak. «Joanekoan gure defentsako desorekak aprobetxatu zituzten 10 punturen aldea lortu genuenean, eta partidara itzuli ziren. Fisikoki talde ahaltsua da, eta ez gaude ohituta halako taldeen aurka jokatzera. Hala ere, gu ere fisikoki talde indartsua garela uste dut, eta Frantzian ondo lehiatu ginela».

Talde txikia da frantziarrena. Zazpi edo zortzi jokalari erabiltzen ditu partida osoan Esteban Leite entrenatzaileak, eta taldeko rolak ondo banatuak ditu. Joaneko neurketan sartu zituzten 68 puntuetatik 54 hiru jokalariren artean sartu zituzten. Thomasek sartu zituen 23, Makanik 21, eta Garrickek 10. Hortaz, scouting-ari adi egotea garrantzitsua izango dela nabarmendu du Pendandek: «Badakigu zein jokalarik egin ziguten min handiena, eta kontzentrazioa beharrezkoa izango da. Adi egon beharko dugu jokalari bakoitzaren indarguneei begira, eta jokalari garrantzitsuenek deseroso jokatu dezaten ahaleginduko gara».

«Defentsa da taldeak hobetzeko abiapuntua. Okerrak zuzendu behar ditugu, eta elkarrekin defendatu»

LOLA PENDANDEIDK-ko jokalaria

Markagailuan berdinduta iritsi dira itzulerako partidara bi taldeak. Hortaz, hutsetik hastea bezala izango da; garaipena lortzen duen taldeak egingo baitu aurrera. Hori dela eta, ezinbestekoa izango da Gascara joango diren zaleen laguntza. «Benetan garrantzitsua da partida hau, eta etxean jokatzea pizgarria da», adierazi du Pendandek. Partidari erreparatuta, argi dauka non egongo den gakoa: defentsako lanean. «Zalantzarik gabe, defentsa izango da partidako gakoa, eta Azuk ere hor jarri du arreta. Arazo asko izan ditugu, eta oso jarraian. Taldearen hobekuntzak defentsa du abiapuntu. Askotan aldea ateratzea lortzen dugu, baina, gero, berehala murrizten digute. Ez gara sendotasuna erakusten ari, eta komunikazioan ere huts egiten dugu. Okerrak zuzendu behar ditugu, eta denok elkarrekin defendatu».

Joaneko partidaren aldean, bi aurpegi berri izango ditu IDK-k. Laura Cornelius antolatzailea fitxatu dute donostiarrek Perfumerias Avenida taldetik, eta Delicia Washington eskolta jokatzeko prest dago, orkatilan izan dituen arazoak ahaztuta. «Talde ona daukagu, are gehiago Delicia itzuli den honetan. Eta Lauraren lidergoak ere lagunduko digu. Erosoago jokatuko dugula uste dut. Baina, orain, erakutsi egin beharra daukagu. Hitzek bakarrik ez dute ezertarako balio».

Alor pertsonalean ere partida garrantzitsua izango da Pendanderentzat. Bartzelonatik alde egin zuen udan, eta halako partidak jokatzea zuen helburu: «Nik bi lehiaketa uztartu nahi nituen ezinbestean, eta pozik nago IDKrekin jokatzen ari naizelako. Baina irabaztea falta zait. Jokalariok irabazteko jokatzen dugu, eta hori nahi dut nik ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.