Athleticeko jokalaria

Maddi Torre: «Balio handia ematen diogu irabazteko moduari»

Derbi «polita eta lehia bizikoa» espero du gaur Torrek. «Niretzat partida berezia izango da, Realean urte politak igaro bainituen». Berretsi du hiru puntuak batzeko gakoetako bat defentsan sendo egotea dela.

Maddi Torre Athleticeko jokalaria. ARITZ LOIOLA / FOKU
ARITZ LOIOLA / FOKU
ainara arratibel gascon
2024ko azaroaren 17a
05:05
Entzun

Argi hitz egiten duten horietakoa da Maddi Torre Athleticeko futbolaria (Donostia, 1996). Onartu du denboraldia ez duela nahi bezain ondo hasi, eta partida batzuetan taldea ere kostata aritu dela, nahiz eta igandean irabazi eta gero bosgarren postuan helduko dion derbiari.

Jardunaldi batzuk irabazi gabe egon ostean, aurreko igandean 3-0 hartu zenuten mendean Betis. Behar zenuten halako garaipen bat, ezta?

Bai, dudarik gabe. Irabaztea garrantzitsua da, baina guk balio handia ematen diogu hori lortzeko moduari, eta, alde horretatik, igandeko garaipena biribila izan zen: ondo jokatu genuen, golak sartu genituen, ez ziguten bakar bat ere sartu, harmailetan giro polita egon zen… Gure esentzia berreskuratu genuen.

Zergatik kostatu zaizue irabaztea eta aurreko denboraldiko sentipenak izatea?

Uste dut ez dugula iparra galdu behar, eta balioa eman behar diogula egiten ari garen guztiari. Talde oso gaztea gara, eta, askotan, esperientzia falta zaigunez, ez gara erregularrak izaten. Gainera, aurreko denboraldia ona izan arren, gaizki hasi ginen. Lehen itzulian 21 puntu lortu genituen. Orain 14 dauzkagu, eta sei jardunaldi falta dira lehen itzulia amaitzeko. Beraz, gaizki hasita ere gauza politak egin daitezke, eta uste dut egoera ona dela horretarako. Bosgarren gaude, eta galdu ditugun partidak ez dira nolanahiko aurkarien kontra izan: Real Madril, Atletico Madril eta Tenerife. Bestalde, aurkariek ere gehiago ezagutzen gaituzte; eta, azkenik, Athletici irabazteak beti du zerbait berezia, eta gure aurka jokatzen duten taldeak oso motibatuta daude beti.

Zer kostatu zaizue gehien?

Esango nuke, aurkarien gol aukerak kontuan hartuta, gol gehiegi sartu dizkigutela. Horrekin batera, kosta egin zaigu baloia edukitzea eta harekin eroso egotea. Hori lotuta dago batzuetan defentsan erakutsi dugun sendotasun faltarekin.

Nola eragin dizue sendotasun falta horretan Bibiane Schulze erdiko atzelaria larri min hartuta egoteak?

Guztiz, sekulakoa baita pertsona gisa, eta ikaragarri ona jokalari gisa. Kontuan izan ezkerra dela, eta taldean ez dugula halako besterik. Gainera, baloia oso ondo ateratzen du, eta defentsako lanean azkarra eta indartsua da. Edozein taldek antzemango luke. Dena den, defentsan genuen maila berreskuratzen ari gara pixkanaka. Bosteko edo lauko lerroarekin jokatzen ari gara, aurkariaren arabera, eta uste dut taldeak oso barneratuta dauzkala biak. Beraz, oso baikor naiz alde horretatik ere.

David Aznarrek bigarren denboraldia du aulkian, eta aurreko sasoian izandako aldaketen ostean, oraingoan segida izan du. Baina zertan da desberdina denboraldi hau?

Uste dut iragan denboraldian aurkarientzat ezustea izan zela gu hain ondo egotea, eta honetan erronka zera dela, aurreko denboraldian egindakoa berriz egitea, eta goiko postuetan egonkortzea. Izan ere, beti esaten den moduan, zailena ez da gora iristea, baizik eta goian eustea. Erakutsi nahi dugu aurreko sasoikoa ez zela kasualitatea izan. Oinak lurrean izanda lortzen da hori, argi izanda lan asko egin behar dela, eta egunerokoan gure onena eman behar dugula, oso profesionalak izan. Izan ere, erakutsi dugu hori eginez gero lor dezakegula.

Igande honetan duzue hori erakusteko hurrengo aukera, Realaren aurka jokatu duzuen derbian, Anoetan. Zer espero duzu?

Neurketa polita eta lehia bizikoa espero dut, bi taldeak ondo gaude eta. Irabazten badugu, aurrerapauso handia emango dugu. Hiru puntu horiek oso garrantzitsuak dira, eta denok irabazi nahi izaten ditugu derbiak. Realak entrenatzailea aldatu du, eta, alde horretatik, izan daiteke aldaketaren bat, baina guk geure buruan jarri behar dugu arreta. Atzean sendo egotea lortuz gero, guk kalitatea dugu baloia edukitzeko eta erasoan min egiteko, nire ustez. Izan ere, jokalari oso trebeak eta bizkorrak ditugu aurrean. Niretzat ere partida berezia eta polita da, Realean oso urte politak igaro bainituen.

Jose Luis Sanchez Verarekin Realak are arrisku handiagoak hartzen ditu baloia atzetik ateratzean. Baloia irteera horretan lapurtuta min egin diezaiekezue?

Bai, hori da. Hori izan daiteke gakoetako bat, presioan ondo aritzea, haiek deseroso jokatzea eta goialde horretan baloia lapurtzea.

«Leirek [Baños] abisatu digu Sanchez Verak oso ondo prestatzen dituela partidak, eta ideiak oso argi uzten dizkiela jokalariei»

Zertan aldatu da Reala Natalia Arroyoren lau urteko aldiaren ostean?

Egia esan, ez dut askorik ikusi. DAZNera harpidetu nintzen, baina hain garestia iruditu zitzaidan, kendu egin bainuen. Beraz, ez dut erreferentzia handirik. Baina Leirek [Baños] denboraldi batzuk egin zituen Sanchez Veraren aginduetara Levanten, eta kontatu digu mimo handiz prestatzen eta aztertzen dituela partidak, asko lantzen dituela, eta ideiak oso argi uzten dizkiela jokalariei. Bestalde, aipatu bezala, haren taldeek asko arriskatzen dute baloi irteeran, eta, baloia galtzean, presio oso estua egiten dute hura berreskuratzeko.

«Iaz irabazi egin genuen, baina espero dut partida antzekoa ez izatea, ez baitzen gure neurketarik onena izan»

Aurreko denboraldian hiru puntuak eskuratu zenituzten Anoetan. Partida antzekoa espero duzu?

Ez nuke nahi, irabazi arren ez baitzen gure partidarik onena izan. Espero dut baloia gehiago edukitzea.

Denboraldiaurrea min hartuta amaitu zenuen, eta zuk zeuk aitortu duzu sasoi hasieran ez zarela ondo egon, ohi baino huts gehiago egin dituzula. Zer moduz zaude orain?

Orain ondo nago. Baina, ziurrenik, denboraldi hasiera hau izan da nire garairik txarrena edo zailena futbolari profesionala naizenetik. Izan ere, ez nuen ulertzen zergatik nengoen horrela. Berdin entrenatzen nintzen, eta berdin zaintzen nuen neure burua, baina ez nuen lortzen nire maila ematea.

Gainera, aurreko denboraldia perfektua izan zen zuretzat: beti jokatu zenuen ligan, eta maila izugarrian, gainera.

Bai, agian buelta gehiago eman dizkiot horregatik ere, eta etengabe arrazoiak edo erantzunak topatzen saiatu naiz. Azkenerako barneratu dut bolada kontua dela, eta hori ere futbolaren parte dela. Gauza guztiek ez dute azalpenik.

Realean egon zen denboraldi bat apenas jokatu zenuena. Hori baino gogorragoa izan da?

Bai, gutxi jokatuta ere, aritu nintzenean maila ona eman bainuen. Oraingoan, aipatu bezala, irudipena nuen horren azpitik nenbilela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.