Maria Serna. Txuri Urdineko jokalaria

«Baliabideak jarriz gero emaitzak lortzen direla erakutsi dugu»

Izotz hockeyko Txuri Urdinen emakumezkoen taldeak liga titulua irabazi du estreinakoz. Serna hasieratik dago taldean, eta klubetik igarotako jokalariak izan ditu gogoan.

MARIA SERNA.
ainara arratibel gascon
2022ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Unibertsitatera joan aurretik da elkarrizketa Maria Serna Txuri Urdineko hockey jokalariarekin (Donostia, 2001). «Gero, 17:00ak arte klaseak ditu». Gauean entrenatzera joan behar du. «Baina asko gustatzen zait, eta ahaleginak merezi du».

Txapeldun zarete. Barneratu duzu jada?

Egia esan dezente kostatu zait barneratzea. Atzo, [herenegun] jaiki eta unibertsitatera joan arte, ez nintzen benetan konturatu lortutakoaz. Ordura arte laino batean bezala nengoen. Oso gogoan izan nituen etxekoak, haiek izan baitziren izotz hockeya egitera bultzatu nindutenak. Baita ni hasi nintzenetik taldetik igaro diren jokalariak ere, eta arrazoi ezberdinengatik hockeya utzi behar izan dutenak. Majadahondaren kontra jokatu genuen lehen partidaz ere asko oroitu nintzen. Nik 13-14 urte izango nituen, eta 21-0 irabazi ziguten. Nire lehen denboraldia zen, eta, adin txikikoa izanda, gurasoek baimen bat sinatu behar izan zidaten.

Nola joan ziren ospakizunak?

Hemengo jende asko joan zen partida ikustera. Donostian jokatzen genuela zirudien. Denak elkarrekin egon ginen, eta polita izan zen. Oso berezia izan zen hona iristean egin ziguten harrera ere. Lehertuta gentozen. Izan ere, ostiralean hemendik atera, eta goizaldean iritsi ginen Madrilera. Hurrengo egunean partida, ospakizunak.... izan ziren. Apenas egin genuen lo, baina harrera ikusi, eta berriz animatu ginen.

Eta partida nola bizi izan zenuen?

Egia esan ni nahiko lasaia naiz. Baina argi dago aste barruan ohi baino urduriago egon ginela. Partida hasieran hori antzeman zen, eta kosta egin zitzaigun gure joko sistemak ezartzea. Baina haiek lehen gola sartzea ondo etorri zitzaigula uste dut, arreta eta intentsitate handiagoz jokatzeko. Garbi genuen bigarren partidan erabaki behar genuela finala, hirugarrenera iritsiz gero haiek eskarmentu handia baitute.

Zein izan da txapeldun izateko gakoa?

Batetik, arreta eta intentsitate berdinarekin jokatzen ahalegindu garela arerio guztien kontra. Bestetik, urrats bat egin dugula entrenatzaileak agindutako joko sistemak gauzatzeko orduan.

Koldo Saenz entrenatzaileak nolako eragina izan du tituluan?

Handia. Nahiko pertsona baikorra da, eta horrek asko lagundu gaitu. Gainera, oso gertu dago gugandik, beti laguntzeko prest.

Jendea azken irudiarekin geratu da: tituluaren ospakizunarena. Baina izango ziren denboraldian momentu zailak, ezta?

Bi aipatuko nituzke: Majadahondaren aurka 2-7 galdu genuenean, eta Valdemororen kontra galtzear egon ginenean. Baina esnatzeko balio izan ziguten, eta are adiago heltzeko partidei. Multzoa psikologikoki indartsua izan da.

Oso baliabide gutxirekin joan da taldea haziz. Horrek eragina izan du taldearen izateko moduan?

Bai, dudarik gabe. Oso talde borrokalaria izan gara beti, eta ezeri beldurrik ez diona. Gainera, bai pertsona zein kirolari moduan hazten laguntzen dizun esperientziak bizitzen dituzu. Pentsa, ni 13-14 urterekin hasi nintzen, eta 20 urteko jokalariekin jokatzen nuen. Eredu ziren niretzat.

Taldeak oraindik hobetzeko tarte handia dauka?

Bai, dudarik gabe. Aipatu bezala, taldeak erraztasun handiagoa du entrenatzaileak agindutako sistemak pistan ezartzeko. Hori lortuz gero, uste dut titulu gehiago lor ditzakegula. Orain helburua da Espainiako Kopa irabaztea.

Zuen eskari nagusietakoak bi ziren entrenatzeko ordutegiak hobetzea eta aldagela propioa izatea. Lortu dituzue jada.

Bai. Egia esan, ordutegiei begira pandemiak mesede egin zigun, etxeratze agindua tarteko lehenago hasi baikinen entrenatzen,Aldagelaren kasuan, denboraldi honetatik dugu gure leku propioa. Gure erara jarri dugu, eta leku kutun bihurtu dugu. Ordutegiena funtsezkoena da, lehen gauerdian amaitzen baikenuen entrenatzen, eta gogorra zen gero etxera joan, eta hurrengo egunean goiz jaiki beharra lanera edo ikastera joateko. Beti esan izan dugun moduan: baliabideak eta baldintzak onak direnean, emaitzetan islatzen da. Klubak gure alde egindako apustuari erantzun onena eman diogu liga irabaziz. Apustu hori egiten segitzen badute, gauza gehiago lortuko ditugu.

Orain zer eskatzen duzue?

Orain ondo gaude. Jakitun gara pista bakarra dagoela talde guztientzat, eta zaila dela. Baina entrenamenduen ordua gehiago aurreratzea posible balitz, eskertuko genuke. Izan ere, aurreratu arren, gaur [atzo], adibidez, 22:10etatik 23:10era entrenatzen gara. Nahiko berandu da oraindik. Etxera iristean energia handiarekin egoten naiz. Lokartzea kosta egiten zait, eta hurrengo egunean 08:00etan sartzen naiz unibertsitatera. Ni, gainera, adinez nagusia naiz, eta etxera bakarrik bueltatzen naiz. Baina badira gazteagoak diren taldekideak, gurasoak bila joan behar direnak.

Etxera leher eginda iritsi zaren aldi horietan, noizbait pentsatu duzu uztea?

Konpromiso handia eskatzen du, eta asko gustatu behar zaizu. Nire kasuan hala da, eta merezi dit. Bidaiatzea asko gustatzen zait, eta horretarako aukera eman dit hockeyak. Motibazio handia da hori. Bestalde, bizitza soziala asko murrizten zaizu. Asteburuetan ni ia ez naiz ia egoten lagunekin eta etxekoekin, partidak ditugulako. Baina, aldi berean, ligan oso talde gutxi gara, eta harreman handia dugu jokalari guztien artean. Familia bat bezala gara. Nik egin izan dut etxetik kanpo jokatu eta ondoren aurkarietako baten etxean geratu lo egiten, oso harreman ona dugulako.

Hurrengo denboraldian taldean jarraituko duzu?

Oraindik ez dakit. Izan ere, kanpora noa ikastera, eta ikusi beharko dut nola antolatu. Gainera, ez da kirol merkea. Klubak txandala, elastikoa eta mediak ematen dizkigu, baina patinak eta makila guk erosi behar ditugu. Makil bat gutxienez 50 euro kostatzen da, eta patinak 200 eurotik gora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.