Balentriak egiten jarraitu nahi du Lauburuk

Manzanares kanporatu ostean, Lehen Mailako beste aurkari bat izango du aurrean Espainiako Kopan Ibarrako Lauburu areto futboleko taldeak: Peñiscola. Bi kategoriaren aldea egon arren, «ilusio handiz» helduko diote kanporaketari.

Lauburu areto futboleko taldea, entrenamendu bat hasi aurretik. ANDONI CANELLADA / FOKU
Lauburu areto futboleko taldea, entrenamendu bat hasi aurretik. ANDONI CANELLADA / FOKU
inaut matauko rada
2024ko abenduaren 18a
05:05
Entzun

Ibilbide bikaina egiten ari da Ibarrako (Gipuzkoa) Lauburu kirol elkartea areto futboleko Espainiako Kopan. Lauburu da txapelketan bizirik jarraitzen duen Bigarren B mailako talde bakarra. Aurrena Bigarrena Mailako Entrerrios Zaragoza kanporatu zuen, kategoria horretan lider den taldea. Berriki beste balentria bat egin du, Lehen Mailako Manzanares mendean hartuta. Erronka berri bat izango du orain, Lehen Mailako beste aurkari bat izango baitu aurrean hurrengo kanporaketan; ez nolanahikoa, gainera: Peñiscola. Herrialde Katalanetako taldea hirugarren dago ligako sailkapenean, 21 punturekin. Inter Movistar eta Bartzelona ahaltsuak baino ez ditu aurretik. Jokatu dituen bederatzi partidetatik zazpi irabazi ditu, eta bi galdu. Azken jardunaldian 9-1 irabazi zion Nafarroako Erriberari. Dan den, Mikel Diestro Lauburuko entrenatzaileak argi du. «Etor dadila etorri beharrekoa; gu gure jendearekin disfrutatzen saiatuko gara». Kanporaketa urtarril hasieran jokatuko da.

Txapelketa berezia da Espainiako Kopa areto futbolean ere, beheko kategorietako taldeak Lehen eta Bigarren mailako taldeen aurka jar baititzake parez pare. Partida bereziak izaten dira: auzoko edo herriko kaleetan partidaz hitz egiten hasten da aurreko egunetan, eta pabiloira ohi baino jende gehiago bertaratzen da. Manzanaresen aurka harmailetan izandako giroa ekarri du gogora Beñat Zaldua jokalariak. Pasaitarrak bigarren denboraldia du taldean: «Uste dut hasieran guztiok ginela urduri, baina sentimendu horrek are motibatuago ateratzen laguntzen dizu. Pabiloia beteta ikustea eta kuadrillakoak eta familiakoak bertan egotea izugarria izan zen». Epaileak partidaren amaiera adierazi eta berehala izugarrizko poztasuna sentitu zuela azaldu du. «Denbora behar izan dugu lortu genuenaz kontziente izateko». Hurrengo kanporaketan Bartzelonaren edo Inter Movistarren aurka jokatu nahi zuen. «Azken batean, talde mitikoak dira. Baina ez dio inporta».

«Interren edo Bartzelonaren aurka jokatu nahi nuen; azken batean, talde mitikoak dira. Baina ez dio inporta. Sari gisa hartzen dugu hau»

BEÑAT ZALDUALauburu taldeko jokalaria

Izan ere, «ilusio handiz» jokatzen dute halako txapelketa bat. «Guk, orokorrean, ligan jartzen dugu arreta, baina Kopak ikusgaitasun handiagoa ematen dizu Euskal Herritik kanpo ere. Klubari ere ondo etortzen zaio. Sari moduko bat da Lehen Mailako taldeen kontra jokatzea, askok bizitzan behin soilik biziko dugun esperientzia bat baita».

Proiektu sendoa

Iaz iritsi zen Diestro taldea zuzentzera. Aurrez ere ibili zen Ibarrako taldearen lemazain, 2015-2016ko eta 2016-2017ko denboraldietan. Itzultzeko eskaintza jaso zuen, eta iruditu zitzaion klubak aurrerapauso handia eman zuela alor askotan, bai kirolari dagokionez, baita zuzendaritzari dagokionez. Hala, proposamena onartzea erabaki zuen: «Gainera, kontratu luzea eskaini zidaten, eta horrek konfiantza handia eman zidan. Hori ez da oso ohikoa gure kirolean». Bi denboraldiko kontratua du, beste bat luzatzeko aukerarekin.

Kluba erakunde gisa asko hazi dela esan du Diestrok, eta hori izan zen, besteak beste, taldera itzultzera bultzatu zuten gauzetako bat: «Aurreko alditik oroitzapen ona nuen, eta ikusi dut taldearen egitura asko garatu dela». Gauzak ondo ateratzen ari direla uste du, eta pozik dago hartu zuen erabakiarekin eta lortzen ari diren emaitzekin.

«Aurreko alditik oroitzapen ona nuen, eta ikusi dut taldearen egitura asko garatu dela. Oso pozik nago» MIKEL DIESTROLauburu taldeko entrenatzailea

Gustuko du aurkitu duen taldea, eta klubaren hazkundearen edo bilakaeraren adibide izan da Rafa Usin fitxatu izana: «37 urte baditu ere, asko ematen digu zentzu askotan: lidergoa, esperientzia, kalitatea... Pasatzaile oso ona da». Usinek urte mordoa egin ditu Lehen Mailan, eta, besteak beste, Bartzelonan eta Osasuna Magnan aritu da. Espainiako selekzioarekin ere ehun partida baino gehiago jokatu ditu.  «Plazera da halako jokalari bat izatea,  gazteenei asko laguntzen baitie hobetzen eta jokoa garatzen». Zalduak ere asko eskertu du Usinekin jardutea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.