Agustin Ruiz. Emakumeen Birako koordinatzailea

«Baldintza hauetan ezin dugu jarraitu»

Kirol mailan aurtengo Bira «arrakastatsua» izan dela adierazi du Agustin Ruizek, baina trafiko segurtasunean izandako arazoek eta baliabide faltak asko zaildu dituzte antolakuntza lanak. Kexu azaldu da.

ainara arratibel gascon
2018ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Atseden hartzeko egun batzuk hartu ditu Agustin Ruizek (Iurreta, Bizkaia, 1956). Aurtengo Birako ekitaldia «bereziki gogorra» izan dela nabarmendu du: «Gurea bezalako irabazi asmorik gabeko elkarte batek ezin du guztiaren zama hartu», kexatu da. Uda ostean erakundeekin bilduko da, eta orduan erabakiko dute jarraitu edo ez.

Kirol arloan, zer iruditu zaizu aurtengo Bira?

Arrakastatsua izan dela uste dut, ez bakarrik munduko txirrindulari eta talde onenak bertan izan direlako, baita ibilbideagatik ere. Azken etapa, adibidez, oso polita izan zen. Jende askok zoriondu gaitu, tartean taldeak eta txirrindulariak. Laudorioak jaso ditugu, baina baita kritikak ere.

Kritika gehienak erlojupekoaren egunean egin zizkizueten, errepidea irekita egon zelako hainbat zatitan. Zer gertatu zen?

Erlojupekoa leku batean hasi eta beste batean amaitzeak dena zaildu zuen. Baina, hortik harago, batetik, onartu behar dugu agian aurreikuspen falta txiki bat izan genuela guk. Bi egunetan gai izan ginen txirrindularien aurretik doazen motorren kopurua bikoizteko. Baina, gero, txirrindulariek atzetik ibilgailu bat eramaten dute aginduak jasotzeko, eta Agurain-Gasteiz joan etorria egiteko. Taldeek arazoak izan zituzten txirrindulari guztiekin egoteko. Gu ez geunden derrigortuta autoa jartzera: araudiak ez gaitu behartzen. Baina jarri izan bagenu, agian, ez zen hainbeste arazo egongo. Bestetik, eta are garrantzitsuagoa, trafiko baimenei dagokienez, gaizki-ulerturen bat egon zen, edo zerbait ez zen behar bezala azaldu. Uste dugu trafiko arduradunek gehiago inplikatu behar zutela, errepideak itxi, ibilgailurik ez ibiltzeko. Zuk lasterketa antolatzeko baimen bat jasotzen duzunean, argi esaten da trafikoa itxita egongo dela lasterketa hasten denetik amaitzen den arte.

Pentsaezina da gizonezkoan proba batean hori gertatzea.

Bai. Nik uste dut oraindik asko ez direla jabetu hau World Tour proba bat dela, eta aitortza eta errespetu handiagoa merezi duela, batez ere kirol arduradunen eta erakundeen aldetik. Ez da bidezkoa halako mailako proba bateko antolakuntza ordutegia aldatzera behartzea, beste proba batzuk zeudelako, eta Ertzaintzako laguntza unitateei ez zielako denbora ematen batetik bestera mugitzeko. Are gehiago kontuan hartuta guk urritik genekiela lasterketa noiz jokatuko zen, eta datak zegokion epean jakinarazi genituela. Hala izanda, eta probaren maila zein den jakinda, guk uste genuen erabateko lehentasuna emango ziotela.Baina ez zen horrela izan. Bestalde, erakundeek laguntza hobeak ematea behar dugu.

Aretxabaletako etapa ere beranduago hasi zen, ordutegiaren inguruan Ertzaintzarekin izandako gaizki-ulertu baten ondorioz. Zer pasatu zen?

Horretaz nahiago dut ez hitz egin. Bestelako arrazoi batzuk egon ziren, baina ez dagokigu guri horien inguruko azalpenak ematea.

Ertzaintzak alkoholemia kontrolak egin zizkien antolakuntzako hainbat kideri.

Bai, baita lasterketako epaileei ere. Araudia aztertzen egon gara, eta ez du zentzurik egin dutenak. Ez dago hori egiteko arrazoirik.

Zein da lasterketaren aurrekontua? Nork laguntzen zaituztete?

Etapak antolatzen dituzten udalerriak, Arabako eta Bizkaiko aldundiak eta Eusko Jaurlaritza dira gure laguntzaileak, baita bestelako babesle pribatuak ere. Horietako batzuek dirua ematen digute, eta beste batzuek, bestelako laguntza batzuk. Lasterketaren aurrekontua 220.000 euro da.

Aurten zeintzuk izan dira zailtasunik handienak zuentzat?

World Tour mailan egonda, bestelako neurri bat hartu du lasterketak, eta antolakuntzak behar handiak ditu. UCIren ikuskatzaileak oso zorrotzak dira, eta goitik behera aztertzen dute dena. Gurearen moduko txirrindulari elkarte batek ezin ditu bere gain hartu behar horiek guztiak. Gu irabazi asmorik ez duen elkarte bat gara, eta urte hauetan bildutakobabesleei esker lortu dugu urtez urte lasterketa aurrera ateratzea.

UCIko epaileek zer esan dizuete?

Hobetzeko gauzak daudela, batez ere trafikoarena. Baina probak World Tourrean jarraituko duela, eta lanean segitu behar dugula txirrindularien eta probako bestelako antolatzaileen segurtasuna hobea izan dadin.

Azkenengo Bira izan zitekeela zenioen Durangon aldizkarian ateratako artikulu batean. Hala izango al da?

Datorren urtean World Tour proba izateko izena eman dugu, baina aurtengoak bezalako baldintzetan ezinezkoa izango da. Ezin dugu prekario jarraitu. Antolakuntza profesionalago bat behar du. Kalitate eta kantitate aldetik baliabide gehiago behar dira, bai ekonomikoak, baita pertsonal aldetik ere. Berriz aztertu behar da nola eta nork antolatu, batez ere lasterketak jarraitzea nahi bada. Erakundeetatik abiatuta egin behar da. Emakumeen Birarako dauden bitartekoak irrigarriak dira Itzulirako jartzen direnekin alderatuz, adibidez.

Zer da zehazki nahi edo eskatzen duzuena?

Nahi duguna da erakundeek gehiago babestea eta hedatzea hau, eta, hortik abiatuta, antolakuntza organigrama bat egitea, ondo, txukun eta berme guztiekin lan egiteko.

Hitz egin duzue gaiaz Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendariarekin?

Atseden egun batzuk hartu ditugu, eta ikusiko dugu uda ostean zer gertatuko den.

Bilduko zarete harekin?

Nik harekin hitz egin nuen lasterketa aurretik modu informalean. Bizkaia Durango-Murias eta Sopela gonbidatu ez genituenean hasi ziren gure gaizki-ulertuak. Kontu oso korapilatsua eta eztabaidagarria da. Izan ere, etxeko taldeak direla esaten da, baina gero ikusi behar da zenbat euskal txirrindulari dituzten. Sailkapenean ere ikusi behar da nola geratu ziren. Harrobiko lana da bultzatu behar dena, baina horrek denbora eta bitartekoak eskatzen ditu, eta ez da egiten. Lortzen duguna da diru publikoarekin bertako taldeak izatea, baina hemengo oso txirrindulari gutxirekin.

Non egon daiteke konponbidea?

Ez dakit. Agian guk albo batera egitea, eta beste batzuen esku uztea antolakuntza.

Zeinen esku? Itzuliaren antolatzaileen esku, adibidez? Norbaitek proposatu dizue halakorik?

Guk Jonekin biltzeko asmoa dugu, eta harekin hitz egiteko. Agian, aukera hori izan daiteke. Egungo txirrindularitzan hori da joera. Baina halako antolakuntzetan gertatzen dena da bigarren mailan geratzen dela emakumeen proba, eta hori ez dugu nahi.

Eta zuek antolakuntza horretan egotea, gertutik zaintzeko?

Baldintzen eta egiten diguten proposamenaren arabera egongo litzateke hori. Onartuko ez duguna da, esan bezala, Bira bigarren mailan geratzea. Hori ez da emakumeen txirrindularitza sustatzea eta babestea, baizik eta gizonezkoaren menpe uztea.

Zer aukera ikusten duzu aldaketa horiek egiteko?

Irailean ikusiko dugu. Guk urrats gutxi egingo ditugu. Nekatuta gaude. Orain, haiek eman behar dituzte pausoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.