Aldaketa dago Espainiako Ohorezko Mailan, hiru euskal taldek jokatuko baitute: Bera Berak, Beti Onak-ek eta Zuazok. Duela bi sasoi ere hala izan zen, baina Zuazok maila galdu zuen. Urtebeteren ostean, berriro elkartu dira.
Horietako bi parez pare izango dira gaur: Beti Onak-ek eta Bera Berak derbia jokatuko dute Atarrabian (Nafarroa), 21:00etan (Teledeporte). Zuazok, berriz, bihar ekingo dio lehiari, Galizian, Porriñoren aurka, 19:00etan.
LYNDIE TCHAPTCHET
Bera Berako jokalaria
«Taldea asko aldatu da, baina helburua ez: titulu guztiengatik borrokatzea»
Bera Berak talde erdia aldatu du. Zazpi jokalari joan dira: Emma Boada, June Loidi, Maddi Aalla, Alice Fernandes, Malena Cavo, Mariane Fernandes eta Lydia Blanco. Ia guztiak erabakigarriak izan ziren aurreko sasoia ikusgarria izan zedin: taldeak Espainiako Liga, Kopa eta Iberiar Superkopa irabazi zituen.
Kluba saiatu da horiek utzitako zuloa estaltzen, eta bost jokalari fitxatu ditu: Tamara Kostic eta Lucia Prades atezainak, Eszter Ogonovski ezker albokoa, Elba Alvarez erdikoa eta Francisca Joao eskuin albokoa.
Aldaketa asko dira, baina, Lyndie Tchaptchet taldeko piboteak azpimarratu duenez (Jaunde, 2005), horrek ez du jaitsarazi langa. «Taldea asko aldatu da, baina helburua ez: titulu guztiengatik borrokatzea. Kosta egingo zaigu, batez ere hasieran, baina itsu-itsuan sinesten dut gora egingo dugula. Oraingo Bera Bera ez da izango aurreragokoa. Uste osoa dut Imanolek [Alvarez entrenatzaileak] eta zuzendaritzak osatu duten taldean».
Aldaketek ez dituzte helburuak apalduko, ezta jokamoldea aldatuko ere. «Joan diren jokalariak eta etorri direnak oso ezberdinak dira taktikoki. Hala ere, eredua, jokamoldea, betikoa izango da: Bera Berarena. Aldaketa handia izan da, baina konfiantza dut hoberako izango dela».
Azaldu duenez, berriak «ahalik eta azkarrena egokitzea» da lehentasuna. «Atzerritarrei gehiago ari zaie kostatzen gure jokamoldeari neurria hartzea, baina guztion ahaleginarekin ari dira. Defentsan ondo ari gara; erasoan, ordea, apalago; erritmoa falta zaigu. Baina gogor ari gara lanean, eta seguru bi jardunaldi barru hobeto ariko garela. Denboraldiaurreko lehen partidatik azkenekora, adibidez, asko hobetu dugu».
Taldeari buruz ari da, baina baita berari buruz ere. «Bigarren denboraldia dut taldean, eta hori igarri egiten dut. Aurreko sasoian lotsati samar aritu nintzen, baina, orain, lasaiago ari naiz. Denek ezagutzen duten Lyndie ikusiko dute aurten».
Hori dela eta, hasteko «irrikan» dago, eta are gehiago lehen partida Atarrabian izanik, haren etxean, haren talde izandakoaren aurka. «Ez dago sasoia hasteko modu hoberik; tira, bai, irabazita».
LAIDA URBITARTE
Beti Onak-eko jokalaria
«Oinarri ia osoari eutsi diogu, eta horrek mesede handia egingo digu»
Bera Beraren aldean, Beti Onak-ek ia ez du aldaketarik egin. Hain zuzen, hori azpimarratu du Laida Urbitarte taldeko ezker hegalekoak (Orio, Gipuzkoa, 2002). «Oinarri ia osoari eutsi diogu: bi jokalari joan dira, eta bi etorri. Horrek mesede handia egin digu, eta egingo digu; oso ondo ezagutzen dugu elkar, eta oso barneratua dugu jokamoldea. Iaz aldaketa asko egon ziren taldean, eta kosta egiten da lan hori egitea. Aurten, berriz, oinarriari eutsi diogunez, gauza batzuk fintzea besterik ez zaigu falta. Aldea dago». Denboraldiaurrean jada sumatu dute abantaila hori. «Partidak jokatu ahala, gero eta hobeto aritu gara, eta garai onean ekingo diogu lehiari».
Hirugarren urtez jarraian ariko da Beti Onak maila nagusian, eta urtero eman du aurrerapausoa: lehen sasoian, mailari eutsi zion, eta bigarrengoan, titulurako ligaxka jokatu zuen. Horri eutsi nahi diote. «Goiko ligaxka jokatu nahi dugu berriro. Kopan, berriz, azken fasean aritu nahi dugu». Baikorra da. «Beste talde batzuek aldaketak egin dituzte; guk, ordea, oinarriari eutsi diogu. Beraz, uste dugu aukera badugula. Aurreko sasoian aurre egin genien hainbat talderi, eta, horri esker, gehiago sinesten dugu geure buruarengan». Berari buruz ere ari da: bigarrenez ariko da maila gorenean. «Dena ez da berria. Badakit non nagoen eta zer dagoen. Askoz gusturago ari naiz».
Hasteko, harritzarra izango dute aurrean: txapelduna. Baina, Urbitarteren iritziz, Bera Bera inoiz ezustean harrapatu badezakete, sasoi hasieran harrapa dezakete. «Aukera ona da, aldaketa asko egin baitituzte. Gainera, etxean jokatuko dugu, eta gure zaleek izugarri animatzen gaituzte; harmaila beti beteta dago».
MAIALEN ORBAÑANOS
Zuazoko jokalaria
«Zuazo berri hau non ibil daitekeen ikusteko irrikaz gaude»
Zuazo, berriz, urtebeteren ostean ariko da berriro maila nagusian. «Itxaropentsu» dago Maialen Orbañanos taldeko ezker albokoa (Orio, 2005). «Ez gaude bete-betean, baina bai gure onena emateko prest. Taldera iritsi direnek espero baino lehenago hartu diote neurria gure jokamoldeari».
Taldearen gaztetasuna nabarmendu du. «Beterano batzuk joan dira, eta, orain, oso talde gaztea gara: jokalari helduenak 26 urte ditu. Baina sekulako gogoa dugu. Nik neuk lehen aldiz jokatuko dut maila nagusian, eta horrek egundoko ilusioa pizten dit. Zuazo berri hau non ibil daitekeen ikusteko irrikaz gaude. Aldi berean, grina bizia dugu proiektu berri honi ikusgaitasuna emateko. Maila nagusian aritzeak mesede handia egingo dio klubari».
Badakite «jauzia» sumatuko dutela. «Jokalariak indartsuagoak eta abilagoak dira maila honetan. Baina Haitok [Joseba Rodriguez entrenatzaileak] esan digu lasai egoteko eta geure buruarengan sinesteko, gure jokamoldeak lagunduko digula, eta helburua lortuko dugula».
Oso argi dute zein den helburua: «Mailari eustea». Uste dute lor dezaketela. «Dena da posible. Gurekin batera, Logroño eta Morvedre igo dira, eta, ustez, haiek izango dira aurkari nagusiak. Puntuak lortu behar ditugu haien aurkako partidetan. Gogor borrokatuko gara». Bihartik hasita. «Lehia zaila da: Porriño goian ibili zen aurreko denboraldian. Gure onena ematen saiatuko gara».