Arrauna. Kontxako Bandera

Bakoitzak ahalik eta hobekien

Emakumeetan, Tolosaldea, Donostiarra, Arraun Lagunak eta Orio lau segundoko tarte batean daude. Gizonetan, Urdaibai, Hondarribia, Donostiarra, Orio eta Zierbena, zazpi segundoko beste batean

Urdaibai Donostiako kaiko arrapalan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
pettan uralde
Donostia
2023ko irailaren 10a
00:00
Entzun

Aspaldi ikusi gabeko Kontxako Bandera izango da aurtengoa, ez baitago ia alderik traineruen artean. Emakumezkoetan, lehen lau ontziak lau segundoko tarte batean sartu ziren lehen jardunaldian. Gizonezkoetan ere, lehen lau ontziak bost segundo baino gutxiagoko batean, eta bosgarrena, zazpira. Edonork irabaz dezake. Atarian, zenbait talde izan ziren, atzo, Donostiako kaiko arrapalatik gora eta behera azken entrenamenduak eginez. Bitartean, zale eta turista talde batzuk, haien jardunari jarraika, beste hainbat kazetariren antzera.

Tolosaldeak, Arraun Lagunak-ek, Donostiarrak eta Oriok lehia ederra oparitu zieten arraunzaleei Kontxako Banderaren lehen jardunaldian. Lau segundo eta 66 ehunenekoek baino ez zituzten aldendu igandeko lehena eta laugarrena, Tolosaldea eta Orio, hurrenez hurren. Tartean, Tolosaldearekin batera bigarren txandan arraun egin zuten bi traineru: Arraun Lagunak, 18 ehunenera bakarrik sartu zena, eta Donostiarra, bi segundo eta 16 ehunenera sartu zena. Alde horiek, zalantzarik gabe, irauli egin daitezke, eta aukera horiek biribildu nahian izan ziren, atzo, Aquariumeko arrapalan lau taldeak.

Emakumezkoen Kontxako Banderaren historia laburrean, gutxitan ikusi dira bi traineru baino gehiago, bigarren asteburuan, Donostiako badian txapeldun izateko benetako aukerekin. Hortaz, lau traineru, inoiz ez. Baina lehen jardunaldian agertu zen lehiak ez ditu ustekabean harrapatu Xubane Uribarrena (Trintxerpe, Donostia, 1999), eta Maialen Alkorta (Donostia, 1998). Lehena Arraun Lagunak-eko arraunlaria, eta bigarrena Donostiarrakoa. Liga osoan izan duten lehia Kontxan islatuta ikusi dute bi arraunlariek, eta berdintasuna hautsi egingo delakoan, bandera irabazteko aukerekin ikusten dute beren burua.

Uribarrenak, azken entrenamendua egiteko prest zela, «aurreko asteburuko sentsazio berak» zituen. «Itsasoa bare egongo da, haizea jaitsita, eta egoera aldetik arraunean egiteko oraindik hobeak dira. Borrokatzeko estropada izango da, hasi eta buka, eta ezingo da arraunkadarik oparitu. Burua ondoen mantentzen duenak aurrea hartzeko aukera gehiago izango ditu, eta hor egongo da lehiaren gakoa». Horretaz gain, «kaleen garrantzia» aipatu zuen. «Kontxa irabazi genuenean, argi geratu zen kaleak garrantzi handia izan zuela, gehienbat defendatzeko ordurako. Aurten, estilo aldetik, antzeko ikusten dut, eta ea zortea dugun kale zozketan. Alkorta ere Donostiako kaian izan zen atzo, ondo baino hobeto ezagutzen duen eremuan. Gaurkoari begira, «oso estropada fisikoa» ikusten du. «Lehiak berdin jarraituko du, eta bandera segundo gutxitan jokatuko da. Taldea gogotsu dago; oso ondo entrenatu gara. Espero dut estropada guretzat izatea». Estropada beren esku dagoela berretsi zuen. «Arraunkera ondo egin beharko dugu, eta jarritako estrategiari jarraipena eman. Gurea ondo egiten badugu, oso zail jarriko diegu besteei. Bandera lor dezakegula konbentzituta nago».

Bost hautagai, bandera bat

Gizonezkoen estropada oraindik ere irekiagoa dago bigarren jardunaldiaren atarian. Lehen jardunaldia, urte askotan gogoratzen den horietako bat izan zen, eta bost talde iritsi dira gaurko egunera bandera eskuratzeko benetako aukerekin. Urdaibai, Hondarribia, Donostiarra, Orio eta Zierbena izan ziren, hurrenez hurren, estropada bukatzen azkarrenak, alde txikiekin. Alde horietan, edonork lor dezake garaipena. Urdaibai izan zen denborarik onena egin zuena, eta Ama Guadalupekoa segundo bat eta 25 ehunenera sartu zen. Donostiarra lau segundo eta 19 ehunenera; mirotzak, lau segundo eta 97 ehunenera, eta galipoak, zazpi segundo eta 75 ehunenera. Laburbilduz, bost traineru sartu ziren zortzi segundo baino gutxiagoko tarte batean, eta aukera guztiak zabalik dituzte.

Bost hautagai horietan, hasiera batean, Zierbenak izan dezake bandera eskuratzeko aukera gutxien. Lehen txandan aterako da, beste lau hautagaiak ondoan izan gabe, eta erreferentziarik gabe. Baina hiru bandera lortu ditu aurten Eusko Label ligan, eta Kontxako sailkatze estropadan denborarik onena egin zuen. Denboraldian, ontzi onenetan hirugarrena izan da, Urdaibai eta Hondarribiaren atzetik; beraz, kontuan hartzekoa izango da haien estropada. Urdax Antepara arraunlariak (Bilbo, 1996) ez ditu aukerak baztertu nahi, eta konfiantzaz mintzo zen estropada handiaren atarian. «Zazpi segundoko tarte batean gaude lehen bost ontziak, eta gu bizirik gaude. Argi dago distantzia ez dela txikia, eta asko kostatuko zaigu alde hori iraultzea, baina ilusioa ez zaigu falta. Bandera irabazteko, hainbat faktore izan beharko ditugu gure alde, ez bakarrik gure lana. Agian, faboritoen arteko liskarren bat, edo haize aldaketa. Oinarrizkoena, hala ere, estropada bikain bat egitea da, eta gero ikusiko dugu zer gertatzen den».

Lehen txandaren ondoren, ohorezkoa iritsiko da. Bertan daude aurreko igandean denborarik azkarrenak egin zituzten lau traineruak, tartean Hondarribia. Faborito nagusia Urdaibai da, baina era berean, Ama Guadalupekoa da nagusitasun hori puskatzeko ahalmen handiena duena. Mikel Orbañanosek zuzentzen duen taldea ere kaian izan zen atzo, Urdaibaiko arraunlarien begiradapean. Oso gertu izan zuen lehen jardunaldiko garaipena Beñat Egiazu arraunlariak (Hondarribia, Gipuzkoa, 1994), eta bi ontzien arteko lehia argia ikusten du, baina ez ditu besteak ere baztertzen. «Estropada irabazteko aukerak ditugu, ohorezko txandako guztiek eta Zierbenak dituen modu berean. Argi dago puntutxo bat gorago gaudela Urdaibai eta gu, denborei dagokienez, baina tartea oso estua da. Irabazi behar duenak zortea alde izan beharko du, eta, horretaz gain, estropada onena egin beharko du».

Behin baina gehiago aipatu dute bi arraunlariek bost taldeek duten maila ona, eta bakoitzak eman ditu berdintasun hori hausteko gakoak. Antepararen ustez, «aurreko astean Urdaibaik egin zuena» egin beharko dute. «Txanda dominatu eta ahalik eta denbora gehien sartzen saiatu behar dugu. Horrela lortuko dugu bandera irabazteko aukeraren bat». Egiazuk, haien «bertsio onena» erakusteaz gain, «akatsak ez egiteari» eman zion garrantzia. «Estropadan momentu erabakigarriak egon daitezke, eta ondo egin beharko dugu dena. Horretaz gain, burua hotz edukitzea eta estropada gogorrenerako prest egotea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.