Pronostikoak goitik behera bete ziren atzo Moañan (Galizia), Espainiako Traineru Txapelketako sailkatze estropadetan. Orio eta Kaiku txanda banatan aritu ziren, eta batak zein besteak irabazi zuen berea. Oriok bost segundo atera zizkion Chapelari, hogei Meirari eta ia minutu erdi Pedreñari. Kaikuk, berriz, Tiran izan zuen atzetik, sei segundora, Amegrove hogeira eta Mugardos ia 40 segundora.
Bi txandetako denborak kontuan hartuta, oriotarrak izan ziren azkarrenak: hogei minutu. Segundo bakar batera sailkatu ziren sestaoarrak, bost pasatxora Chapela eta zazpi pasatxora Tiran. Hain zuzen, lau ontzi horiek ariko dira gaur ohorezko txandan (12:00, ETBK). San Miguel ligan bezala, Kaikuren eta Orioren artean lehia gogorra espero da.
Zumaia nagusi
Egun betea izan zen atzokoa. Espainiako Txapelketako sailkatze estropadez gain, Gipuzkoako Ligako eta KAE 1 eta KAE 2 ligetako estropadak jokatu zituzten. Gipuzkoako Ligan pronostikoak bete ziren, eta Zumaia aise nagusitu zen Plentzian (Bizkaia). Atzoko garaipenarekin lehen postuan sendotu da ligako sailkapenean. Gaur Getarian ariko dira (Gipuzkoa).
KAE 1 ligan, berriz, Lekittarrak ezustekoa eman zuen Ondarroan (Bizkaia), eta sasoiko lehen garaipena lortu. Haren atzetik sailkatu zen Zierbena. Azken horrek jarraitzen du lider, Lekittarra eta Santurtziren aurretik. Gaur Getarian dute hitzordua. Azkenik, Plentzian jokatutako KAE 2 ligako estropadan, San Pedro B-k erraz lortu zuen hirugarren garaipena, eta hori hiru segundoko zigorra jaso zuela. Ligan ere nagusi da. Gaur Getxon ariko dira (Bizkaia).
Bakoitza berean, onena
Oriok eta Kaikuk irabazi dituzte sailkatze txandak Espainiako Txapelketan, eta gaur faborito dira finalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu