Bakoitza bere erara, arrakastatsu

Unai Emeryren Aston Villak eta Jose Luis Mendilibarren Olympiakosek Konferentzia ligako finalaurrekoetako joaneko partida jokatuko dute gaur (21:00), Birminghamen. Alejandro Arribas jokalariak dio oso entrenatzaile «ezberdinak» direla.

Jose Luis Mendiliar eta Unai Emery entrenatzaileak. NDREJ CUKIC eta DANIEL HAMBURY / EFE
Jose Luis Mendiliar eta Unai Emery entrenatzaileak. NDREJ CUKIC eta DANIEL HAMBURY / EFE
Iñaki Berastegi.
2024ko maiatzaren 2a
05:05
Entzun

Euskal  Herriko entrenatzaile batek Konferentzia ligako finala jokatuko du maiatzaren 29an, Atenasko AEK Arena futbol zelaian. Unai Emery (Hondarribia, Gipuzkoa, 1971) edo Jose Luis Mendilibar (Zaldibar, Bizkaia, 1961), bietako bat izango da urratsa egingo duena. Izan ere, entrenatzaile gipuzkoarraren Aston Villak eta bizkaitarraren Olympiakosek txapelketako finalerdietako bat jokatuko dute; joaneko neurketa gaur jokatuko dute (21:00), Birminghamen (Ingalaterra); itzulerakoa, berriz, Atenasen izango da datorren ostegunean. Batentzat zein bestearentzat ez da Europako txapelketa bateko lehen finala izango, Mendilibarrek iaz Sevillarekin Europa Ligako finala irabazi baitzuen, eta Emeryk jada lau aldiz irabazi baitu txapelketa hori, Sevillarekin eta Vila-realekin, eta, gainera, Arsenalekin finala galdu zuen 2019an.

«Oso ezberdinak diren bi entrenatzaile dira, kirol arloan zein izaera aldetik. Jokalariekin duen harremanari dagokionez, Mendi oso gertukoa da, jokalariekin bakarka asko hitz egiten du, eta taldea asko motibatzen ahalegintzen da. Unai, berriz, jokalariengandik urrunago dagoen entrenatzaile bat da. Lan egiteko bi modu ezberdin dira, baina biak dira arrakastatsuak. Biengandik gauza on asko ikasi ditut». Modu horretara alderatu ditu Alejandro Arribasek (Madril, 1989) bi entrenatzaileak. Erdiko atzelari madrildarra Greziako Bigarren Mailako Kalamata talde jokalaria da egun, eta Emeryren eta Mendilibarren aginduetara aritu zen hamar urte atzera; Zaldibarko entrenatzailearen aginduetara jokatu zuen Osasunan 2012tik 2014ra bitartean, eta hurrengo denboraldian Emeyren Sevillako jokalaria izan zen.

Hamarkada bat atzera izan zen bi entrenatzaile horien jokalari Arribas, baina ez du uste ordutik asko aldatu direnik. «Zuten lan egiteko modua ona zen, eta, beraz, zertarako aldatu. Ziur gauzatxoren batzuk hobetuko zituztela, baina metodologia berbera izango da. Kirol ibilbide luze eta arrakastatsua egiten ari dira bata zein bestea. Unai oso talde handietan egon da, eta hain handiak ez diren talde garrantzitsuekin ere oso emaitza onak lortu ditu. Adibidez, Aston Villa Txapeldunen Ligarako sailkatuko du. Mendilibarrek beste ibilbide mota bat izan du, baina Sevillan egin zuena egitea oso zaila da, eta Olympiakosekin ere ibilbide aparta darama hilabete hauetan».

Izaera ez ezik, egunero lan egiteko modua eta bakoitzak futbolaz duen ideia ere «oso ezberdinak» direla dio Arribasek. «Mendiri presioa goian egitea gustatzen zaio, aurkaria estutzea, eta ahalik eta lasterren areara ailegatzea. Emeryren Aston Villak orain presio aurreratua egiten badu ere, normalean nahiago izaten du atzerago itxaron, taldea 1-4-4-2ko marrazkiarekin ondo kokatuta izan, eta espazioak itxi. Ondoren, baloia berreskuratzen duenean, Mendik baino sekuentzia luzeagoak egin ohi dituzte haren taldeek». 

Entrenamenduetan eta aste barruko lanean ere asko nabaritzen da bi entrenatzaileen joko ideia diferentea dela. «Unairen kasuan, lerro bakoitzarekin eta jokalari bakoitzarekin lan taktiko handia egiten du, eta hurrengo aurkariaren arabera nola eraso egin eta defendatu lantzen du, detailerik txikiena ere kontuan hartuta. Mendilibarri espazio txikietan antolatutako ariketa eta partida laburrak gustatzen zaizkio, intentsitate handikoak, eta gehiago begiratzen dio bere taldeak egin nahi duen jokoari». Hala, baten eta bestearen bertute nagusiak ere ez dute antz handirik. «Mendilibarrek taldea motibatzeko duen gaitasuna aipatuko nuke, eta Emeryri dagokionez, detailerik txikiena begiratu eta lantzeko duen gogoa. Oso metodikoa da, eta bere eskura dagoen guzti-guztia kontrolpean izateko lan egiten du».

«Mendilibar eta Emery oso ezberdinak diren bi entrenatzaile dira, kirol arloan zein izaera aldetik. Mendi oso gertukoa da jokalariekin, eta Unai, aldiz, taldearengandik urrunago dago. Biengandik gauza on asko ikasi ditut». 

ALEJANDRO ARRIBAS Futbol jokalaria

Antzekotasunen bat bilatzekotan, euren taldeek duten «intentsitatea» izan daitekeela uste du jokalari madrildarrak. «Defentsako lanean duten intentsitatea antzekoa izan daiteke talde batean zein bestean, baina, gainontzean, oso ezberdinak dira. Bi estiloren arteko talka ikusiko dugu kanporaketa honetan, eta uste dut hori ikuslearentzat polita eta entretenigarria izango dela».

Etorkizuna, lotuta

Emeryk 2022ko urrian sinatu zuen Aston Villarekin, Vila-realen aulkia denboraldia hasi eta berehala utzita, eta, aste batzuk atzera, 2027ra arte berritu du kontratua Ingalaterrako klubarekin. Hondarribiarraren taldeak bigarren itzuli bikaina egin zuen aurreko sasoian, denboraldia zazpigarren postuan amaitu zuen, eta sasoi honetan taldea laugarren postuan dago ligan, denboraldia amaitzeko hiru jardunaldiren faltan. Zazpi aldiz Ingalaterrako txapeldun eta 1982an Europako txapeldun izan zen talde historikoari nor den gogorarazi dio. Mendilibar otsailean iritsi zen Greziara, denboraldi hasieran Sevillak kargugabetu eta gero. Ligan, laugarren postuan dago, AEK liderretik bost puntura, baina partida bat gutxiago jokatuta eta elkarren arteko partida jokatzeko faltan, eta Konferentzia ligan, Ferencvaros, Macabbi Tel Aviv eta Fenerbahce kanporatu ditu, hurrenez hurren. Klubak ofizial egin ez badu ere, hainbat hedabidek aurreratu dutenez, zaldibartarrak 2025era arte berritu du kontratua Olympiacosekin.

Dena den, bi horiek ez dira Europako kluben arteko txapelketa bateko finalerako sailkatzeko aukera duten euskal entrenatzaile bakarrak: maila bat gorago, Europa ligan, Xabi Alonsoren Bayer Leverkusenek ere badu aukera hori; Alemaniako taldeak Erroma izango du kontrario azken kanporaketan, gaurtik hasita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.