Martxan dira Pyeongchangeko Neguko Olinpiar Jokoak, historiako 24.ak. «Kultuaren, bakearen eta ilusioaren» jokoak, Lee Hee-beom batzorde antolatzaileko presidenteak adierazi zuenez.Inaugurazio ekitaldian, behintzat, hiru elementu horiek izan ziren ardatza. Bakea, hamarkadetako liskarrak alde batera utzi, eta Hego eta Ipar Koreak batera desfilatu zutelako; kultura, etengabeak izan zirelako Hego Korearen tradizio eta kulturari erreferentziak; eta ilusioa, kolore, soinu eta ikuskizunek jarri zuten. Kim Yu-na patinatzaile hego korear ohiak biribildu zuen festa. Hark piztu zuen zuzi olinpiko. Hala, datozen bi asteetan lehia izango da nagusi, inoizko Olinpiar Joko «handienetan»: 3.000 kirolari inguru, 92 herrialde eta 102 diziplina egongo dira ordezkatuta.
Herrialdeen desfilean zegoen jarrita ikusmina, Ipar eta Hego Koreak elkarrekin desfilatu baitzuten. Horixe izan zen ekitaldiko unerik esanguratsuena. Antolatzaileak izanda, azken lekuan irten ziren, eta olinpiar estadioan bildutako 35.000 ikusleek txalo artean hartu zituzten. Asko eta asko hunkitu egin ziren. Kirolari guztiak zuriz zihoazen jantzita, eta haien buru Hwang Chung- gum izotz hockeyko patinatzailea (Ipar Korea) eta Won Yun-jon bobsleigh gidaria (Hego Korea) joan ziren. Haiek eraman zuten bandera bateratuta: zuria, eta Koreako penintsula urdinez margotuta. Amaitu zutenean, Ariranga abestu zuten. Herri abesti bat da, eta bi herrialdeen ereserki ez-ofizial gisa hartu izan da.
Hura guztia ikusten aritu ziren palkotik Hego Koreako presidente Moon Jae-in eta Ipar Koreako presidente Kim Jong-Unen arreba: Kim Yo-Jon. Hura zen Ipar Koreako Gobernuak inaugurazio ekitaldira bidalitako ordezkaritzako burua, eta atzo bertan ailegatu zen Pyeongchangera.
Bi herrialdeek egindako keinuaren garrantzia nabarmendu zuen Lee Hee-beom batzorde antolatzaileko presidenteak: «Kirolak jendea eta herrialdeak batzeko gaitasuna du, liskar eta gatazketatik gaindi. Orain dela minutu batzuk beste behin ikusi dugu hori». Antzera hitz egin zuen Thomas Bach Nazioarteko Olinpiar Batzordeko presidenteak: «Rioko Olinpiar Jokoetan errefuxiatuz osatutako ordezkaritza bat izan genuen, eta orain, beste behin, historia egin dugu, Ipar eta Hego Koreak elkarrekin desfilatu baitute. Aniztasunean eta bakean indartsuagoak gara». Ondoren, 1.000 pertsona inguruk bakearen bi uso irudikatu zituzten kandelekin, abeslari batek John Lennonen Imagine kantua abesten zuen bitartean.
Beste arreta gunea Errusiako ordezkaritzan zegoen. Dopinagatik, herrialde moduan parte hartzea debekatu zion Nazioarteko Olinpiar Batzordeak, eta halako kasuekin nahastuta ez zeuden Errusiako 170 bat kirolariak, espero bezala, olinpiar banderapean egin zuten desfilea.
Hortik harago, inaugurazio saioa su artifizialekin abiatu zen, eta etengabeak izan ziren naturari eta Hego Koreako mitologiari erreferentziak. Ume batzuek ura, lurra eta sua irudikatu zuten, jantzita zeramatzaten kolore urdineko, laranjako eta berdeko jantziekin. Hala, mundu imajinario bat eratu zuten, eta hura babesten Koreako mitologian esanahi berezia duten animalien panpinak aritu ziren: adibidez, tigreak.
Amaieran, milaka eskiatzaile eski pista batetik jaitsi ziren, estadio erdian olinpiar uztaiak irudikatzen zituzten bitartean. Su dantzekin amaitu zen ikuskizuna.
Bakearen ilusioarekin
Inaugurazio ekitaldi koloretsu, hunkigarri, bizi eta ikusgarri batekin abiatu dira Pyeongchangeko Neguko Olinpiar Jokoak, historiako 24.ak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu