Pilota

Bakarrik geratu dira Laso eta Iztueta

Jakari eta Imazi gailendu zaizkie (22-17), eta, hala, bederatzitik zortzi partida irabaziak dituzte jada. Peña II.a eta Albisu 22-14 nagusitu zaizkie Artolari eta Mariezkurrena II.ari.

Martxel Iztueta. IÑIGO URIZ / FOKU
Martxel Iztueta pilota jotzear, gaur, Labriten. IÑIGO URIZ / FOKU
Julen Etxeberria.
2025eko urtarrilaren 11
20:09
Entzun

Unai Lasok eta Martxel Iztuetak bereari eusten diote: partidak bata bestearen atzetik irabazten ari dira. Gaur, zortzigarren garaipena lortu dute Binakako Txapelketako ligaxkan, zortzigarrena lehen bederatzi jardunaldietan. 22-17 nagusitu zaizkie Erik Jakari eta Ander Imazi Iruñeko Labriten.

Gaur irabazi ostean, sailkapenaren lehen postuan sendoago daude Laso eta Iztueta. Are gehiago, bakarrik geratu dira buruan. Mesede egin die bezperan Joseba Ezkurdiak eta Beñat Rezustak Getarian (Gipuzkoa) ezustean galdu izanak: 22-15 galdu zuten Peio Etxeberriaren eta Julen Martijaren aurka. Emaitza espero gabekoa da, batetik, Peio Etxeberriak eta Martijak ez baitzuten partida bakar bat ere irabazia orain arte, eta, bestetik, Ezkurdiak eta Rezustak bakarra galdua baitzuten.

Horregatik, belarriak tente kantxaratu dira gaur Laso eta Iztueta. Jaka eta Imaz, gainera, konfiantzaz zebiltzan, azken bi partidak irabazita. Gaur, ordea, gipuzkoar bikoteak ezin izan du hirugarrenez jarraian irabazi. Lau garaipen dituzte guztira.  

Bikote lanak erabaki du lehia. Laso eta Iztueta oso ondo aritu dira: aurrelaria oldarkor eta eraginkor ibili da —bederatzi tanto egin ditu, eta bost huts egin—, eta atzelaria nagusi izan da —sei tanto egin ditu, dejadaz bat, eta huts bakarra egin du—. Jakaren eta Imazen lanaren artean, ordea, alde handia egon da: aurrelaria oso ondo aritu da —11 tanto egin ditu, eta lau huts egin—; atzelaria, ordea, eskas jardun da —ez du tantorik egin, eta hiru huts egin ditu—. 

Desoreka horrek desorekatu du partida. Horri esker, Laso eta Iztueta hasi eta buka joan dira aurretik markagailuan. Jakarengatik izan ez balitz, alde handiagoarekin irabaziko zuten.  

Peña II.a eta Albisu nagusi

Eguneko beste neurketan, Etxebarrin (Bizkaia), ustekabekoa izan da emaitza. Jon Ander Peñak eta Jon Ander Albisuk 22-14 irabazi diete Iñaki Artolari eta Jon Mariezkurrenari. Peña II.a eta Albisu larri zebiltzan, garaipen bakarra baitzuten, baina oso ondo aritu dira gaur, eta nagusitasunez irabazi dute. Bi garaipen dituzte, galtzaileek baino hiru gutxiago. Artolak berriro jokatu du bi jardunaldiz min hartuta egon eta gero, baina ez du itzulera gozoa izan. Getariako eta Etxebarriko emaitzek agerian uzten dute edozeinek izan dezakeela egun txarra, eta inor ez dagoela halakoak barkatzeko. 

Bihar jokatuko dute jardunaldiko azken partida, Gasteizko Ogeta pilotalekuan (17:15, ETB1). Jokin Altuna eta Iñigo Bikuña Aitor Elordiren eta Jose Javier Zabaletaren aurka ariko dira. Bikuñak Aitor Aranguren ordezkatuko du, atzelari aginagarra gaixorik baitago, sukarrak jota. Elordik eta Zabaletak bost garaipen dituzte, eta Altuna III.ak eta Arangurenek, berriz, hiru.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.