Ez dago Anna van der Breggeni (Boels Dolmans) aurre egingo dionik. Ikusgarri dabil txirrindulari herbeheretarra. Italiako Giroa eta erlojupeko eta errepideko Munduko Txapelketa irabazi eta gero, Fleche Wallonne klasikoan nagusitu zen atzo. Hura izan zen indartsuena berriz ere Huyko horman, seigarren aldiz jarraian gailendu baitzen. Hala, bakarrik geratu da probaren garaipen zerrendaren buruan, atzo arte, Marianne Vos herrikidearekin (CCC) eta Alejandro Valverde espainiarrarekin (Movistar) baitzegoen berdinduta, bost garaipenekin.
Fleche Wallonne irabazita, Van der Breggenek jarraipena eman dio garaipen bolada ikusgarriari. Duela hamar egun eskas, bigarrenez irabazi zuen Giroa. Annemiek van Vleuten (Mitchelton) haren herrikideak esku-eskura zuen garaipena, baina amaitzeko bi etapa falta zirela erori egin zen, eta lasterketa utzi zuen. Haren galbidea, Van der Breggenen onbidea izan zen. Gauza bera pasatu zitzaion astebete eskas geroago, Imolan (Italia), Munduko Txapelketan. Chloe Dygert estatubatuarra zuzen-zuzen zihoan erlojupekoan urrezko domina irabaztera, baina erori egin zen, eta horri etekina atera zion Van der Breggenek. Bi egun geroago erakutsi zuen aurkarien huts edo zorigaiztorik gabe ere irabaz dezakeela: nagusitasunez gailendu zen errepidekoan.
Eta beste horrenbeste egin zuen atzo. Espero zen bezala, Huyko aldapa pikoak epaile lanak egin zituen. Malda tentetu eta gutxira, aurrean jarri zen Van der Breggen, eta erritmoa estutu zuen. Berehala hasi ziren aurkariak atzean geratzen; tartean, haren arerio nagusia, Vos. Bi txirrindularik bakarrik eutsi zioten, Cecilie Uttrup Ludwigek (FDJ) eta Demi Volleringek (Parkhotel- Valkenburg), baina Van der Breggenek azken eraso bat zuen gordeta, eta ehun metro falta zirela jo zuen, eta bakar-bakarrik helmugaratu zen. Ostadar maillotak euripean luzitu zuen.
Hirschiren erakustaldia
Van der Breggenek bezala, Marc Hirschik (Sunweb) ere bolada bikaina darama. Frantziako Tourrean etapa bat, eta Munduko Txapelketako errepidekoan brontzezko domina irabazi ondoren, indartsuena izan zen atzo Huyko horman. 22 urte besterik ez ditu, eta etorkizun handia. Belaunaldi berriko beste ale bikainetako bat da. Zeresana emango du.
Atzo, nagusitasunez gailendu zen. Elkarrekin iritsi ziren txirrindulari nagusiak Huyra, nahiz eta Mauri Vansevenant (Deceunick) gogotik saiatu zen ezustea ematen: ia 200 kilometro egin zituen ihesean, eta hiru kilometro falta zirela harrapatu zuten, bihurgune batean erori eta gero. Azken aldapan, Michael Woods (Education First) izan zen lehena erasoa jotzen, 150 metro falta zirela, baina Hirschik erraz eutsi zion, eta azken metroetan aurrea hartu. Benoit Cosnefroy (Ag2r) sailkatu zen azkenean bigarren, eta Woods, hirugarren. Gorka Izagirre (Astana) izan zen lehen euskal herritarra, 23. postuan, hemezortzi segundora. Mikel Landa (Bahrain), berriz, atzean geratu zen Huyko azken igoerara iritsi aurretik.
Bakarrik geratu da gailurrean
Anna van der Breggenek segida eman dio garaipen bolada ikusgarriari, Fleche Wallonne seigarrenez jarraian irabazita. Marc Hirschi nagusitasunez gailendu da, estreinakoz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu