Begietara begiratzen du Aimar Irigoienek (Errezil, Gipuzkoa, 1986). Lan kontuak tarteko, hitzordura pare bat ordu geroago joateko eskatu dio kazetariari. «Beti bada zerbait hemen!». Igeltseroa da ofizioz; harri-jasotzailea afizioz. Azkar hasi zen markei begira, baina hazteari uztearekin batera heldu zien harri txikiei. Bihurgunean ezkerrera hartuta, Harri Handien Txapelketa prestatzen ari da orain; abenduaren 18an da finala, Asteasun (Gipuzkoa). «Baina iaz belaunean min hartu nuen 200 kilokoari helduta, eta ez dakit iritsiko naizen». Zazpi txapelketa jokatuta dago aurten. «Eta sei irabazita». Inhar Urruzunok hartu zion aurrea Euskadiko Txapelketan. Gutxitan entzuten da halako aitortzarik: «Gustura bizi naiz».
Hitzordua Hondarribian proposatu —han bizi da, emaztearekin eta alabarekin—, eta «ez, ez, Errezilen», bota zenuen berehala. Oraindik ere maitea duzu inguru hau, ezta?
Bai, bai. Norbere jaioterria beti izaten da maitea, eta Hondarribian ez daukat horrelako txokorik. Hemen daude nire txapelak, garaikurrak... Leku polita da hau.
Ez al da aitzakia amarenera inguratzeko eta hiru anai-arrebak elkartzeko?
Ez, ez. Horretarako sekula ez dut izan arazorik. Etorri egiten naiz etorri behar dudala iruditzen zaidanean. Gaur egun, ordu erdian iristen zara leku gehienetara.
Jan-edana kontrolatu egin behar, hala ere? Edo batere ez?
Kontrolatu egin beharko genuke, baina ez dugu egiten! Saiatzen gara pixka bat zaintzen, kirola delako hau ere, baina gehiegi ere ez.
Lurretik gauzak ez direla hartu behar esanez ibiltzen dira beti gurasoak, baina zurekin ez zuten asmatu harriak bere lekuan uzten…
Ni aldrebes beti. Amarekin erosketetara joaten nintzenean esne kaxekin-eta bueltaka ibiltzen nintzen beti. Aitona harri-jasotzailea zen [Ramon Jauregi Bedaio], aitak ere zaletasun handia zeukan, eta hortik hartutakoa izango dut nik ere.
Aitona aipatuta, Ramon zena hasi zen ondotik zirika, ezta?
Hura hasi zen, bai, harri txikiekin-eta. Aparteko zerbait baneukala esaten zuen beti, eta, tira, honaino iritsi gara, behintzat.
Lau urte betetzerako Bedaioko plazan zinen.
Bai, bai. Bedaiokoa zen aitona, eta erakustaldi txiki bat egiteko aukera eman zidaten. Hantxe ibili nintzen bizpahiru harrirekin, eta han bataiatu ninduten harri-jasotzaile gisa. Ordutik, oso gustuko herria dut Bedaio, oso maitea.
Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a eta Aimar Irigoien. Txiki-txikitatik sortu zenuten bikoa.
Urtebeteren aldea daukagu, eta garai hartan biok bakarrik ibiltzen ginen; antzeko harriei helduta, gainera. Erakustaldi asko izan genuen 6, 7, 8, 9 urterekin. Harreman polita izan dugu beti.
Apustu serioan amaitu da erdi jolasean hasitakoa. 8.000 euro jokoan zirela, ikusmin handia sortu zuen 2014ko apustuak.
Hala izan zen, bai. Zein den gehiago, zein gutxiago, eztabaida sortzen da beti, eta eguna adostu genuen. Egun hartan dago erantzun beharra, eta gure aldera atera zen. Lan ona egin genuen, eta gustura.
Mahaian irabazi zenuen apustu hura?
Ez, ez. Mendizabal jatetxean lotu genuen apustua, Azpeitian, baina apustuaren egunean dago erantzun beharra. Bete-betean iritsi behar izaten da, lesiorik eta gaixoaldirik gabe, gau txarrik gabe. Zorionez, ondo atera zen dena.
2008koa ere handia izan zen, Joxerramon Iruretagoiena Izeta II.a-ren aurkakoa, zure lehen apustua. 115 altxaldi eman zenizkion 138 kiloko harriari —108 eman zizkion Izeta II.ak—.
22 urte bakarrik neuzkan, eta latza izan zen hura, bai. Atleta onen moduan, oso ondo prestatuta nengoen orduan, eta den-dena eman nuen egun hartan. Oso gustura amaitu nuen.
Izango al da, berriz ere, horrelako apusturen bat?
Nork daki! Baina horrelakoak bat edo bi izaten dira bizitza guztian, eta ni bi jokatuta eta irabazita nago dagoeneko [barrez]. Manterola harriarekin Zelaik zeukan marka ere ondu nuen bigarren apustua jokatu eta bi hilabete pasatxora, eta lan batzuk ari naiz egiten. Ez da erraza bizimodua aurrera eramanez lan horiek egitea.
Aimar Irigoien «harri-jasotzailea» aipatzen da beti, baina harriarena zaletasuna besterik ez da azken batean, ezta?
Bai, bai; zaletasuna da hau. Ni igeltsero gisa ibiltzen naiz lanean, neure kasa, eta laneko orduak galdu behar izaten ditut harriari heltzeko. Sakrifizio handia eskatzen duen zaletasuna da gurea.
Bizi al daiteke harri-jasotzetik?
Ez, ez. Garai batean, agian, bai, eta orduan ere ez dakit zein neurritaraino. Baina, gaur egun, ez. Erakustaldien kontua ere asko jaitsi da, eta ezinezkoa da.
Lau urterekin plazara irten, eta 12rekin marken munduan murgildu zinen. Ez al da goizegi? Ez al da arriskutsuegia?
12 urterekin, 100 kilo jaso nituen; 13rekin, 150; 14rekin, 175; 15ekin, 200 bi eskurekin eta 177 esku bakarrarekin; 16rekin, 227; 17rekin huts egin nuen 200 kilokoarekin, esku bakarrarekin, baina 19rekin bi altxaldi eman nizkion 218koari; gero, jada, txapelketetan hasi nintzen, 20-21 urterekin. Garai hartan ez nintzen jabetzen zer egiten ari nintzen, eta ez nuen sufritzen. Niretzat jolasa zen astean bi entrenamendu egitea; ez gimnasioko lanik eta ez ezer. Orduan ez nuen ezer egiten. Etxean abereekin-eta ibili, eskolatik bueltan entrenamenduren bat egin... Erraz egiten nuen. Baina 20 bat urtera iritsitakoan ikusi genuen marka batzuk eginda geneuzkala eta serioxeago hartu behar genuela. Orduan sartu nintzen gimnasioan. Garai hartan, ordea, niretzat harria ez zen sakrifizioa.
Telebistak, irratiak, egunkariak, argazkiak, autografoak... Guztia jolasa zen orduan?
Bai, bai. Deitzen zuten batetik eta bestetik, eta ikusten nuen mugimendua bazela. Baina ez nion ematen garrantzirik. Herrian babes handia izan dut betidanik, eta harro nago horregatik.
Inaxio Perurenaren marka ondu zenuen 16 urterekin, 227 kiloko harria berdinduta. Alderaketa jokoa hasi zen berehala.
Bai... 12 urte nituenetik markak hautsiz joan nintzen, lan onak eginez, baina egiten ari nintzenaz gehiegi jabetu gabe; diziplina handirik gabe.
Iñaki Perurena eta Mieltxo Saralegiren markak ere onduko zenituela zabaldu zen 15 urterekin 200 kilokoa berdindu zenuenean. Erraza dela hitz egitea, ezta?
Askotan gertatzen da hori, baita 12 urterekin 100 kilokoa jasotakoan ere. Oso gaztetan lan ona eginez gero, markei begira jartzen gara jada, baina urte askoko lana egoten da marken atzean.
Harria gora eta harria behera, baina zuretzat eskola izan zen benetako harria, ezta? Azkar samar nekatu zinen...
Niretzat ez da leku ederra izan eskola! Inoiz ez naiz joan izan gustura, baina ez tratu kaskarra ematen zidatelako; irakasleekin oso harreman ona izan dut betidanik. Zortzi ordu hantxe orriei begira eserita egotea... Izugarrizko trauma daukat eskolarekin.
Eskolara joatea baino hobea al zen aitaren ondoan igeltsero lanetan hastea?
Bai, bai. Zalantzarik gabe. Burua nekatu, eta gauean hobeto egiten nuen lo. 12 urterekin hasi nintzen aitarekin lanean, eta 13rekin paretak egiten ari nintzen jada. Nire burua baliagarri sentitzen nuen; oso aktiboa nintzen, eta zerbait egiten ari nintzela ikusten nuen.
Hantxe elkartu ziren lana eta entrenamendua. Nola antolatzen zenuen eguna hasiera hartan?
19 urte bete arte aitarekin ibili nintzen obran, eta harriekin behar nuen denbora hartzeko esaten zidan hark. Asteburuetan erakustaldi asko izaten genuen. 19 urtetik aurrera, berriz, neure kasa hasi nintzen lanean, eta nik kalkulatu behar izaten nuen noiz lan egin eta noiz entrenatu.
19 urte bete, eta abisurik eman gabe joan zen Joxe Mari aita, 2005ean.
Larunbat goiz batean izan zen. Lanera joan, eta hantxe gelditu zen, bihotzekoak jota. Bizimoduari aurre egiten ikasteko beste ikasgai bat izan zen hura.
Barkatu al diozu bizitzari egun hartan eman zizun kolpea?
Barkatu... Horri begira jarrita ez dago ezer egiterik. Ahal izan nuen guztia egin nuen momentu hartan. Oso harreman ona neukan aitarekin; lagunik onenarekin baino are hobeto moldatzen nintzen. Aita eta laguna zen niretzat. Baina joan zen, eta kito. Haserre edo barruan zerbait gordeta geratu banintz ere, hala beharko zuen, baina joatea tokatu zitzaion; bukatu egin zen, eta kito.
Harria uzteko tentaziorik izan al zenuen?
Ez eta bai. Normala den bezala, beheraldi gogorrak igaro nituen. Niretzat, eskuineko eskua zen aita. Erakustaldiak, lana... Dena bere erara egiten nuen, baina beheraldi horien ondoren etortzen dira goraldiak ere, eta segitu egin behar nuela sinetsi nuen. Anaia gazteak ere lagundu zidan harriekin, osabaren bat edo beste ere inguratu zen, eta telleriatarrekin elkartu nintzen azkenean. Urtzik esan zidan elkarrekin hasiko ginela entrenatzen, eta lotu egin ninduen berriz ere. Bakarrik aritzeko kirol hila da hau, oso tristea. «Bizpahiru txanda egin behar ditiagu harri honekin», esaten diozu zeure buruari. Baina, zertarako? Hobe da dutxatu eta afaltzera joatea! Telleriatarrek ia oharkabean sartu ninduten, berriz ere, harri tartean. Niretzat, bigarren aita baten gisakoa da Luismari Telleria, eta Urtzik ere izugarri laguntzen dit.
Aitaren heriotzaren krisia igarota, bestelako krisi bat iritsi zen gero: ekonomikoa. Nabaritu al duzue plazan?
Bai, bai. Nabarituko ez genuen, bada! Erakustaldi asko egiten genuen lehen, baina, udaletan dirurik ez dagoen kontu horrekin, asko jaitsi da orain. Dirurik gabe ez dago beste erremediorik, eta herriko gazteak sartu dira jaialdietan. Pozgarria da oso, eta harriak uzteko eta laguntzeko prest egoten naiz ni beti.
Arriskurik badago harri-jasotzea, bere horretan, itzaliz-itzaliz joateko?
Itzali ez da egingo; beti egongo da gu bezalako astakirtenen bat. Orain bolada onean gaude, gainera: bi apustu lotuta daude, Izeta eta Ostolazaren eskoletan harri-jasotzaile asko dabil...
Emakumezkoak ere ari dira plazaratzen, Idoia Etxeberria buru hartuta. Zein iritzi daukazu?
Poz handia ematen dit pauso horrek. Nire andrea ere trontzan hasi zen, bola txiki batekin gero, kubikoari ere heldu zion... Pisu arinekin aritzen da, baina polita gelditzen da. Gainerakoan, ematen du gizonezkoek bakarrik egin dezaketela kirol hau. Inoiz ez gara ariko neurri berean gizonezkoak eta emakumezkoak, baina marka onak lortzeko aukera ona daukate emakumezkoek. Hemendik hamabost urtera jabetuko gara emakumeak zer egiten ari diren.
Prestatzaile fisikoa behar al du harri-jasotzaileak?
Bai, bai, behar du. Eta ez norberak nola egin behar duen ez dakielako. Pixka bat nekatutakoan edo gauzak zuzendu edo agindu behar direnean, kirolariak laguntzailea behar izaten du ondoan.
Nolakoa da Aimar Irigoienen entrenamendu aste bat?
Zerbait prestatzen ari naizenean, astelehenetan ordubete edo ordu eta erdi inguruko saioa egiten dut gimnasion, pisuekin; astearteetan, mendi buelta bat ematen dut; asteazkenetan, harriari heltzen diot; ostegunetan, gimnasioko lana edo atsedena izaten dut; eta, bezperan pisuak altxatuz gero, atseden hartzen dut ostiraletan; larunbatetan heltzen diot, berriz ere, harriari, eta atsedena izaten dut igandeetan. Lan kontuekin ezinezkoa izaten da askotan, baina hori izaten da nire errutina.
Etorkizunerako zein erronka daukazu jarrita zeure buruari?
Oraingoz, bakar bat ere ez. Harri Handien Txapelketa prestatzen ari naiz orain, eta, gerora, auskalo zer egingo dudan. 30 urte dauzkat oraindik, gaztea naiz, baina gazte hasitakoak gara gu; 25 urte daramatzat harriak jasotzen. Markaren bat edo beste egin, txapelketekin gozatu... Neurri horri eusten saiatuko naiz, pixkanaka berriz ere ari naizelako etortzen neure onera.
Aimar Irigoien. Harri-jasotzailea
«Bakarrik aritzeko kirol hila da hau, oso tristea»
Lau urterekin irten zen plazara aurrenekoz, eta 30 urteko gazte-beteranoa da dagoeneko. Famaren zama, marken pisua, eskolako ezina, aitaren heriotza, igeltsero lana, familiaren gozamena... Bizi-bizi heldu dio harri bakoitzari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu