Bakarra da. Lelo hori ezarri diote Zarauzko (Gipuzkoa) Triatloiari aurten, eta lasterketa apur bat ezagutzen duenak badaki deitura horrek deus ez duela gezurretik. Gaur jokatuko da Euskal Herriko triatloi lehiarik preziatuena, 15:00etan.
Ez da erraza irteera marrarainoko bidea; txartelak ez dira slot bidez banatzen, baina probarekiko estimuak garesti jartzen du parte hartzea. Kirol legez, goi mailako kirolariek, probari distira ematen dioten horiek, bermatua dute dortsal baten jabetza. Bertan aritzeko lan gehiago izaten dituzte garaipenetik urrun dauden triatletek. Zortea behar izaten dute txartel bat eskuratzeko, eta berdin dio aurrez zenbatetan parte hartu duen batek, edo urtez luzez boluntario lanak egin dituen. Bakarra da Zarautz, bere ertz guztiekin, eta kotizazio altua du: aurten 2.800 lagun geratu dira kanpoan.
Ezaugarri askoren baturak egiten du berezi Getariako (Gipuzkoa) Malkorbe hondartzan hasi eta Zarauzko Lege Zaharren plazan amaitzen den kirol proba. Bide horretan zehar 2,9 kilometroegiten dituzte igerian, 81 kilometro bizikletan, eta korrika osatzen dituzte azken hogeiak. Bakarra du distantzia ere; neurrira egindako proba da.
Lasterketa ondo ezagutzen du Ainhoa Murua Zubizarretak (Zarautz, Gipuzkoa, 1978). Ez alferrik,lautan irabazi baitu jaioterriko proba: «Urtero bezala, lasterketa interesgarria izango da. Berezia da, eta, gainera, sekulako maila egongo da», adierazi du Muruak.
«Berezitasun askoko» lasterketa da Zarauzkoa Muruaren arabera, baina, zehaztu duenez, «zaleek» ematen diote distira handiena probari: «Herria kalera ateratzen da, eta kanpotik ere jende asko etortzen da ikustera. Nire ustez, politena giroa da, eta ibilbidea ere polita da; triatloi bikaina da».
Lasterketaren nondik norakoak ondo ezagunak ditu Olinpiar Jokoetan lau aldiz aritu den kirolariak. Muruaren esanetan, «berezia» da igeriko atala. Naturak ezartzen ditu bidea eta distantzia, triatloi batean herri batetik bestera igeri egitea ez baita ohikoena: «Normalean, hondartza batetik atera eta buia batzuk izaten dira erreferentzia. Hemen, Getariara eramaten zaituzte autobusean, eta Zarautzeraino iritsi behar duzu».
Horrek kanpotik datozenei «errespetua» eman diezaiekeela adierazi du Muruak: «Gu, agian, ohituta gaude bide hori igerian egiten, baina itsas zabalean egite horrek jendeari errespetua ematen dio. Aldi berean, ibilbide zoragarria da, eta izugarri gozatzen da».
Ederra izanagatik, erreferentzia faltak denbora galtzea ekar dezakeen galdetuta, Muruak azpimarratu du batzuk «oso zabaletik» joaten direla, eta beste batzuk «arrokei itsatsita». Itsasoaren baldintzen arabera egin behar delakoan dago: «Orain, gainera, Munoa baino harago jartzen dira box-ak, eta arroketatik gertuegi etortzeak ere ez dakit zenbateraino laguntzen duen». Halaber, itsaslasterrei erreparatu egin behar zaiela uste du. Gizonezkoek ordubete eta bost minutu dituzte igeriko lanak amaitzeko; emakumezkoek, berriz, hamar minutu gehiago.
Bustita hartuko dute triatletek bizikleta, baina azkar batean sikatuko dira guztiak, lehendabiziko kilometroa egin orduko Meagako portua igo beharko baitute. Halere, Muruak dio lehen 60 kilometroak «oso azkarrak» direla. Zarauztarrak azaldu duenez, «azkar joan behar da, baina bakoitzak bere neurria hartu beharko du, Aiako aldapetara iristean ordaindu egin daiteke eta». Azken hogei kilometroetan Aia eta Txurrukako gainak igoko dituzte: «Komeni da Aia aldera indarrarekin iristea. Bestela, asko galdu daiteke, eta, gainera, korrikako zatia geratzen da».
Amaitzeko, malekoian hasi, eta herriari hiru itzuli eman beharko dizkiote lasterka parte hartzaileek. Ibilbide laua izanagatik, apur bat irregularra da zirkuitua: «Sigi-saga asko ditu. Erritmo aldaketa horiek min egiten dute; ordurako denbora asko daramazu martxan, eta errazagoa litzateke bidea zuzena balitz», dio Muruak. Kale Nagusian jendetza egon ohi da kirolariak txalotzen, eta egoera horretan «odola hotz» izan behar dela uste du olinpiar kirolariak: «Jende asko egoten da, eta erraz azkartzen da erritmoa. Behin jendetza utzitakoan, bidea hor geratzen da. Zaila da eustea, jendeak eraman egiten zaitu, baina gero igarri daiteke».
Bide hori guztia azkarren egiten duena iritsiko da lehen Lege Zaharren plazara. Badaki zer den hori Muruak: «Handia da; ez dakit nola deskribatu. Zarautz beti da lasterketa berezia triatletentzat, eta herrikoa izanda, irabaztea...Lau aldiz irabazi dut, eta aldi bakoitzeko oroitzapenak ondo jasota dauzkat. Kale Nagusiko eta helmugako momentuak betiko gordeta dauzkat».Ez da gutxiagorako.
Bakarretan bakarren, Zarautz
Ia zazpiehun triatletak hartuko dute parte Zarauzko triatloian gaur arratsaldean, 15:00etan. Lasterketa aitzindari horrek ehunka lagun biltzen ditu, bai ibilbidean, bai haren ertzetan. Inor gutxik ezagutzen du proba Ainhoa Muruak baino hobeto: lautan irabazi du etxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu