Trinketlari handienetan handienak harilkatu ditu buruz buruko txapelketak. Lehenbizi, Manu Martiarena nabarmendu zen. Milafrangako (Lapurdi) atzelariak sei txapel irabazi zituen 1988 eta 2000 bitartean. Gero, Waltary Agustiren garaia heldu zen. Habanako aurrelariak sei txapel jantzi zituen jarraian 2008tik 2013ra.
Battitta Ducassouk (Itsasu, Lapurdi, 1991) hartu die lekukoa. Atzelariak sei txapel irabazi ditu 2015etik hona. Baina bakar-bakarrik gera daiteke gailurrean. Finala jokatuko baitu bihar, Mathieu Ospital Urepeleko (Nafarroa Beherea) aurrelariaren aurka, Hazparneko (Lapurdi) Berria trinketean (11:00, France3 Noa eta Frantziako Pilota Federazioaren Youtube kanala). Ducassouk irabazten badu, hura izango da handienetan handiena.
«Biziki pozik nago. Txapelketa gogorra da buruz burukoa, eta beti da pozgarria azken partida jokatzeko parada ukaitea», azaldu du Ducassouk. Hark, gainera, ohitura bilakatu du. «Hamabi urte daramatzat berezkoen mailan, eta igandekoa bederatzigarren finala da buruz buru. Erregulartasuna adierazten du horrek, eta hori da niretzat garrantzitsuena».
Badaki bera dela faboritoa. «Hiru final jokatu ditugu Mathieuk eta biok elkarren aurka, eta hirurak irabazi ditut. Ulertzekoa da jendeak erratea ni naizela faboritoa. Baina nik ez dut horretaz pentsatu behar. Niretzat, horrek ez du garrantzirik». Faborito izateak ez dio presioa eragin. «Orain arte, ez dut presiorik sentitu zangoetan. Ongi naiz, nire lanean zentratuta, ongi pausatzeko eta igande goizean onena emateko. Pentsatzen dut larunbatean eta igande goizean presioa izanen dudala, baina ona da hori».
Presiorik ere ez du zazpigarren txapela irabazi eta marka ezar dezakeelako. «Anitz aldiz aipatu didate, eta ulertzekoa da jendeak horretaz pentsatzea. Jendeak maite ditu historiari lotutako errekorrak eta halakoak. Baina nik nire jokoan zentratu behar dut, eta, gero, txapela lortzen badut, hitz egingo dugu horretaz».
«Nik ttipi-ttipitatik ukan ditut Manu eta Waltary izartzat. Sekulakoa litzateke haiek baino txapel gehiago izatea»
BATTITTA DUCASSOUTrinketlaria
Horretan ez pentsatzeak ez du esan nahi ilusiorik pizten ez dionik. «Nik ttipi-ttipitatik ukan ditut Manu eta Waltary izartzat, eta biziki ederra da haien pare egotea. Sekulakoa litzateke haiek baino txapel bat gehiago izatea».
Gogotsu ekin zion trinketeko bideari 2012an, baina berak zituen aurreikuspenak gainditu ditu jadanik. «Banuen anbizio anitz: nire onena eman nahi nuen, eta pilotari onenen aurka jokatu, eta final handietan egon. Baina ez nuen pentsatzen horrela pasatuko zenik. Denok nahi dugu txapela irabazi, lehen aldikotz edo zazpigarren aldikotz. Horretarako entrenatzen gara egunero. Ahal nuen azkarren irabazi nahi nuen lehen txapela, eta, orain, ahal dudan azkarren irabazi nahi dut zazpigarrena».
Itxaropentsu dago, «behetik gora» egin baitu txapelketan. «Urduri hasi nintzen. Nekatuta nintzen urte hasieran, eta min pixka bat nuen eskuetan eta bizkarrean. Oso zaila izan zen lehen partida, Ipharren aurkakoa. Sufritu egin nuen irabazteko [40-30]. Baina, hortik aurrera, lasaiago aritu naiz: oso ondo jokatu nuen Bideondoren aurka, ondo sakatuz [40-12]; Peioren [Larralderen] aurkakoa, berriz, latza izan zen, baina oso ondo nengoen, sasoiz eta konfiantzaz [40-29]. Halaxe nago orain ere. Igandera arte eutsi behar diot».
Aurkari oldarkorra
Beharko du, Ospital mendean hartu nahi badu. «Nik oso argi dut pilotari izugarri ona izanen dudala aurrean. Mathieuk finalerdian erakutsi du nire aurka irabazten ahal duela». Urepeldarrak Luis Sanchezi egungo txapeldunari irabazitako partidaz ari da. «Ezusteko txikia bada, Luis baita onena buruz buru. Baina Peiok, Luisek, Mathieuk eta laurok badakigu gure artekoetan edozeinek irabazi ahal duela. Mathieuk sekulako partida egin zuen Luisen kontra, eta sekulako indarrarekin iritsiko da finalera. Gogo berezia atzematen zaio aurten: indartsuago eta oldarkorrago ari da. Lau aldiz jokatu du finala, eta lauretan galdu du. Beraz, seguru nago motibazio handia izanen duela. Lehiakide handia da, eta parada du lehen aldiz txapela irabazteko. Seguru dena emanen duela».
Seguru dago ere nolako finala izango den. «Hastapenean saiatuko da niri presio handia egiten, azkar jokatuz eta ondo sakatuz. Oso-oso kontzentratuta egon beharko dut. Irabazi nahi badut, hasieratik eman beharko dut nire maila. Niri komeni zaidan jokoa egin behar dut: tantoak luzatu behar ditut, partidak luze jotzeko eta hura nekarazteko».
OSPITALEK MADARIKAZIOA HAUTSI NAHI DU
Buruz buruko txapelketak maldizio kutsua du Ospitalentzat. Urepeleko aurrelariak lau aldiz jokatu du finala, eta lauretan galdu du. Ezinean aritu da beti. Hirutan eman du amore Ducassouren aurka: 2017an, 40-27 galdu zuen; 2019an, 40-18; eta 2022an, 40-11. 2018an, berriz, 40-18 galdu zuen Peio Larralderen kontra.
Aurtengo txapelketan, jokatu dituen hiru partidak irabazi ditu. Nagusitasunez irabazi zituen aurreneko biak: 40-24 Eneko Maizen aurka, eta 40-21 Pierre Etxeberriren kontra. Sufritu egin zuen Luis Sanchezi gailentzeko (40-36), baina meritu itzela du egungo txapeldunari irabazteak. Garaipen horrek konfiantza handia eman dio, eta hori aprobetxatu nahi du bosgarren ahaleginean txapela irabazi eta madarikazioa hausteko.