Simone Biles

Bakarra da jadanik

Simone Biles AEBetako gimnastak urrezko bost domina irabazi ditu Munduko Txapelketan. Hala, 25 domina eskuratu ditu guztira lehiaketa horretan, eta Vitali Stxerbo bielorrusiarraren marka gainditu du.

Julen Etxeberria.
2019ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Atletismoa, igeriketa eta gimnastika artistikoa. Hiru kirol horiek dira Olinpiar Jokoetako lehiaren zutabeak. Aurreneko biak kili-kolo dabiltza Tokioko Olinpiar Jokoetarako urtebete baino gutxiago falta dela. Atletismoa kostata ari da Usain Bolten hutsuneari aurre egiten. Antzeko ari zaio gertatzen igeriketari, Michael Phelpsek erretiroa hartu ondoren. Gimnastika artistikoa, ordea, aspaldi dago sendo, tinko. Zorionekoa da. Aspaldi du izar bat, eta, denborak aurrera egin ahala, haren distira, txikitu beharrean, handitu egin da. Simone Biles da izar hori. Hamaikagarren erakustaldia egin berri du. Stuttgarten (Alemania) izan da, Munduko Txapelketan. Sei probatan lehiatu da, eta, batean izan ezik, guztietan irabazi du urrezko domina: taldeka, banaka, oreka barran, lurrean eta jauzi zaldietan. Barra asimetrikoetan soilik ez da igo podiumera: bosgarren izan da.

Uzta ederra da, eta are gehiago handitu du berez jada ikusgarria zen garaipen zerrenda. 25 domina irabazi ditu munduko txapelketetan: hemeretzi urrezko, hiru zilarrezko eta beste hiru brontzezko. Inork ez du lortu halakorik. Vitali Stxerboren marka gainditu du, bielorrusiarra 23 aldiz izan baitzen munduko txapeldun. Stxerbo Bilesen aurretik dago oraindik Olinpiar Jokoetan irabazitako dominen sailkapenean: zortzi lortu zituen; urrezko sei eta brontzezko bi. Hiru gutxiago ditu estatubatuarrak, bost, urrezko lau eta brontzezko bat, baina, ondo bidean, marka hori gaindituko du urtebete barru, Tokion. Hori lortutakoan zalantza guztiak uxatuko ditu, eta inoizko onena bilakatuko da. Nadia Comaneci mitikoak, halere, jada argi du: «Ez dut uste inoiz ikusiko dugunik hura bezalakorik. Bakarra da».

Bilesek ez du aurkaririk. Ez orain sei urte Anberesen (Flandria), lehen aldiz Munduko Txapelketa batean lehiatu zenetik. 30 aldiz igo zitekeen podiumera ordutik, eta 25etan igo da. Inoiz ez dio ihes egin sari potoloenak: banakako urrezko dominak. Bost bider izan da txapeldun. Kohei Uchimura bakarrik du gainetik, japoniarra sei aldiz izan baitzen txapeldun. Bilesek eskura izango zuen marka hori 2017ko ekitaldian lehiatu izan balitz, baina uko egin zion, Rio de Janeiroko (Brasil) Olinpiar Jokoetan parte hartu ondoren urtebeteko atsedenaldia hartu baitzuen. Rion ere ikusgarri aritu zen, lau urre eta brontze bat irabazi baitzituen. Hain handia izan zen egin zuena, ezen gai izan baitzen Bolti eta Phelpsi tokia kentzeko lerroburu batean baino gehiagotan.

Zerutik infernura

Bilesek atseden hartu nahi izan zuen Riotik bueltan, baina nekez egin zuen. Zerutik infernura pasatu zen ia. Lehenbizi, haren nerabezaro zailaren inguruko berriak zabaldu ziren. Okerrena, ordea, iristeko zegoen. Rion aritutako AEBetako gimnastek salatu egin zuten Larry Nassar euren medikuak sexu abusuak egin zizkiela. Nassar Michigango Unibertsitatean (AEB) ere aritutakoa zenez, azkenean ia 300 emakumek salatu zuten. 40 eta 125 urteko espetxe zigorra betetzera kondenatu zuten. Biles jota egon zen. «Gazte alai, irribarretsu eta energiaz betetakoa naiz askorentzat, baina azkenaldian jota sentitu naiz, eta, zenbat eta gehiago saiatu neure buruan ahotsa isilarazten, orduan eta ozenagoa da ahots hori. Jada ez dut beldurrik nire historia kontatzeko. Denbora luzean neure buruari galdetu diot ea inozoegia izan nintzen. Ea nire errua izan zen. Orain badakizkit erantzunak. Ez, ez zen nire errua izan. Ez dut Larry Nassarren,AEBetako Gimnastika Federazioaren eta beste batzuen erruaren zama eramango».

2018ko uztailean itzuli zen lehiara, gogoz, eta oso ausarta izan zen egin beharreko ariketak aukeratzeko orduan. Laurent eta Cecile Landi entrenatzaileen eta Bilesen artean osatu dituzte, eta gimnastaren ezaugarri eta ahalmen fisikoei eta Puntuazio Kodeari probetxu gehien ateratzeko diseinatu dituzte. Ikusgarriak bezain zailak dira. Eta, horiek egiteko, izugarrizko konfiantza izan beharra dago norbere buruarengan. Bilesek badu, lehen baino gehiago, eta, zaila badirudi ere, lehen baino huts txiki gutxiago egiten ditu. Tokion izango du hurrengo erakusleihoa. Hura izango da izarrik distiratsuena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.