Bakarka, lehoiek ez dute agintzen

Guztira, buruz buruko 70 txapelketa jokatu dira 1940az geroztik, eta atzelariek 26 irabazi dituzte bakarrik, herenak baino pixka bat gehiagok. Urte hauetako bolada txarrak asko desorekatu du estatistika.

HIlario Azkarate txapelarekin, 1960ko finalean Ogetari irabazi ondoren. Txapel gehien irabazi zituen atzelaria izan zen. BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2015eko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Pilota jokoan, buruz buru bereziki, bi pilotari arketipo nagusi daude: azeria eta lehoia. Deskripzio hori Olatz Gonzalez Abrisketa antropologoak eman zuen, bere doktore tesirako pilota jokoaren inguruko ikerketa egin zuenean. Azeria pilotari bizi eta trebea da; lehoia, aldiz, indartsua. Nolabait, aurrelari eta atzelari klasikoak irudikatzen dituzte. Buruz buruko txapelketaren historiaren ikerketa estatistiko bat eginez gero, ondorioa argia da, azeriek txapel gehiago irabazi dituzte. Txapelketa 1940an hasi zen jokatzen; harrezkero, 70 final egon dira, eta atzelariek 26 irabazi dituzte bakarrik. Tira, aurten ere ez du atzelari batek irabaziko —bi finalistak aurrelariak dira—; beraz, 71rekin egin daiteke kalkulua. Gauzak hala, atzelariek txapelen %36,6 irabazi dituzte bakarrik, herena pasatxo.

Izen ezberdin eta gorabehera asko izan ditu txapelketak bere historian: 1953ra arte, bi urtez behin jokatu zen; final batzuk ez ziren jokatu enpresen arteko adostasun faltarengatik, 1999an bi jokatu ziren.... Ñabardura horiek kontuan hartuta, aurtengoa 71. finala da, eta agerikoa da aurrelarien nagusitasuna. Dena den, azken 12 urteetako boladak asko desorekatu du estatistika, 2003ra arte —Ruizek irabazi zuenean— %44 baitzen atzelarien txapelen batez bestekoa.

Historiako final galtzaile ezagunena Roberto Garcia-Ariño bada ere, aurrelari bat —bost jokatu eta bostak galdu zituen—, deigarria da zenbat eta zenbat final galdu dituzten atzelariek. Ladis Galarzak, esaterako, zazpi jokatu eta bost galdu zituen, Julian Lajosek bostetik hiru, Joxean Tolosak lautik hiru, eta Iñaxio Errandoneak, Aitor Elkorok, Fernando Arretxek eta Abel Barriolak bina... Zenbatekoan baino gehiago, ordea, aurrelarien arrakasten batez bestekoan dago aldea; izan ere, 25 dira behin gutxienez txapeldun izan diren pilotariak, eta horietatik hamabi dira atzelariak, ia erdiak.

Proportzio hori pilotari bakoitzak lorturiko txapel kopuruak azaltzen du, aurrelariek baitituzte bilduma handienak. Txapel gehien lorturiko bederatzi pilotarietan —hiru txapel edo gehiago—, sei aurrelariak dira. Julian Retegik 11 irabazi zituen; Hilario Azkaratek eta Juan Inazio Retegik seina, Juan Martinez de Irujok bost, eta Aimar Olaizola II.ak, Mariano Juaristi Atano III.ak, Ruben Belokik launa eta Miguel Gallastegik eta Patxi Eugik hiruna. Horietatik, Azkarate, Beloki eta Gallastegi dira atzelari bakarrak.

Atzelarien urrezko aroa 1990.eko hamarkada izan zen, 1989 eta 2003 arteko hamabost txapeletatik 11 atzelariek irabazi zituztelako —1999an bi final jokatu ziren—. Barriolak eta Patxi Ruizek aro bat markatuko zutela esaten zen orduan, baina orduan iritsi zen lehorterik handiena. Ez txapelik harrezkero, eta bi final baino ez, Barriolak 2007an eta 2008an jokaturikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.