Okzitaniako hiri txikietako bat den arren, Castresek Top14 errugbi ligako talde indartsuenetako bat dauka. Bi denboraldiz Baionako jokalari izan eta gero, sasoi honetan ailegatu da hara Asier Usarraga (Donostia, 1994). Egungo ligako txapeldunordearentzat, baina, liga zaila izaten ari da, jaisteko postuetatik gertu daudelako. Hala ere, Usarraga baikor mintzo da. «Hemendik aurrera taldeak hobera egingo du. Egoerari buelta emango diogu». Baionaren aurka jokatuko dute gaur, Jean Daugerren (17:00).
Zaila izaten ari da Castresen egiten ari zaren lehen denboraldi hau?
Kirol arloan, bai. Gauza batzuengatik edo besteengatik, emaitzak ez dira espero genituenak. Hori horrela, astetik astera aldaketa asko egin dira. Asteon, adibidez, entrenatzaile nagusia aldatu du klubak [Jeremy Davidson irlandarra da entrenatzaile berria]. Taldeak astinaldi bat behar zuen. Errua entrenatzailearena ez bada ere, horrelakoetan errazena entrenatzailez aldatzea izan ohi da. Ea suspertzeko balio digun. Ez daukagu denbora askorik gauza gehiegi aldatzeko. Joko zuzenagoa egin, eta aurrelariekin partidak gehiago menderatzea da asmo nagusia.
Sei partida baino ez dituzu jokatu hasieratik. Nahi baino gutxiago da hori?
Beti jokatu nahi duzu gehiago. Baina, nire postuan jokalari on asko daude, eta lehia handia da. Egunero hobetzen saiatzen naiz jokatzeko aukera gehiago izateko. Berria naiz taldean, eta ez da erraza sistema berri batera berehalakoan egokitzea. Hainbeste aldaketarekin ere zaila da zure onena ematea, baina uste dut laster nire onena emateko gai izango naizela.
Top14 ligako kanporaketak jokatzeko aukerarik gabe geratu zarete ia. Mailari eustea da orain duzuen helburu bakarra?
Bai, hala izan behar du. Kanporaketak jokatzea jada burutik kendu behar dugun zerbait da. Partidak irabazten hasi behar dugu. Baionari eta Lyoni irabazteak lasaitasuna emango liguke ligako azken txanpari begira.
Top14 ligako finalerdiak Anoetan jokatuko dira sasoi honetan. Donostiarra izanik, pena handia ematen dizu aukera hori ia galdu izanak?
Bai, pena handia da, baina kirola horrelakoa da. Jokalari gisa ez banaiz joaten, ikusle gisa han izango naiz, ziur.
Etxean nahiko sendo aritu zarete, baina, beste talde askori gerta bezala, etxetik kanpo ez duzue ia punturik bildu. Zergatik?
Etxean irabaztea, normalean, errazagoa da. Egia da etxetik kanpo irabazteko aukerak izan ditugula, baina lau edo bost garaipenek puntu gutxiko aldearengatik ihes egin digute. Horrek alde handia egiten du sailkapenean. Azken minutuetan jasotako entsegu batzuk izan dira partida horiek galtzearen arrazoi nagusietako bat.
Baionari ere antzeko zerbait gertatzen zaio.
Bai, baina etxeko partida guztiak irabazi dituzte. Jean Daugerren dagoen giroarekin kanpoko taldeei oso zaila egiten zaie bertan irabaztea. Etxeko puntuak lortuta, kanpoan bat edo bi garaipen erdiestea nahikoa da sailkapenaren goiko zatian kokatzeko.
Lehen itzulian, 39-22 menderatu zenuten Baiona. Nola gogoratzen duzu partida hura?
Aurreneko zati kaxkarra jokatu genuen arren, bigarren zatian, aurrelariek egindako lan bikainari esker, markagailua irauli eta garaipena lortu genuen. Nire ustez, Jean Daugerren jokatuko den partida ez da oso ezberdina izango. Eurak oso indartsu aterako dira lehen zatian, eta guk, oldarraldi horri eutsi, eta bigarren zatian partida irabazten ahalegindu beharko dugu.
Neurketa berezia da zuretzat?
Bai, noski. Gogotsu nago, eta ilusio handia egiten dit partida hau jokatzeak. Etxetik gertu ariko naiz, taldekide ohien aurka eta Baionako zaleen aurrean, eta lagunak eta senideak partida ikustera etorriko dira. Oso berezia izango da.
Harritu zaitu Baiona egiten ari den denboraldiak?
Ez askorik. Egin dituzten fitxaketekin, taldea hobetu dute; zelaia eraberritu dute, eta zaleen bultzada asko nabaritzen da. Gora egin dute nabarmen.
Zergatik hartu zenuen iaz, sasoia amaitu baino lehen, Baiona utzi eta Castresera joateko erabakia?
Top14 ligako talde indartsu batera joateko ideiak motibatzen ninduen, eta horregatik hartu nuen erabakia. Jokalari gisa hazteko eta hobetzen jarraitzeko aukera ona zen.
Baten eta bestearen sasoia ikusita, zertxobait damutzen zara?
Ez, ez. Ez daukat ohiturarik atzera gehiegi begiratzeko. Aurrean dituen erronkei heltzen dien horietakoa naiz. Castresen pozik nago, eta uste dut hemendik aurrera taldeak hobera egingo duela. Egoerari buelta emango diogu.
Miarritzeko jokalari izandakoa ere bazara. Nola ikusi duzu taldea ProD2 mailan?
Sasoi ona egiten ari direla esango nuke. Talde tekniko eta jokalari multzo ona dute. Pena da urtero bestelako arazoak izaten dituztela, horrek ez baitie jokalariei batere mesederik egiten.
Asier Usarraga. Castres errugbi taldeko jokalaria
«Baionaren aurkako partida oso berezia izango da niretzat»
Kirol arloan denboraldi «zaila» izaten ari den arren, Usarraga «pozik» dago Castresen. «Pena handia» du Anoetan jokatuko diren Top14 ligako finalerdiak jokatzeko ia aukerarik ez izateagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu