Baionak etzi jokatuko du Top 14rako igoera faseko lehen kanporaketa, Jean Daugerren, Neversen aurka (20:45). Xuri-urdinek hirugarren postuan bukatu dute PRO D2an, eta lehen kanporaketa etxean jokatzeko eskubidea dute, seigarrenaren aurka. Irabazleak, finalerdietan, Oyonnax bigarren sailkatuaren zelaira joan beharko du hilaren 18an. Mailaz igotzeko, finala irabazi behar da, beste adarretik sailkatzen den taldearen aurka. Edo, finala galduz gero, Top 14ko azken-aurreko sailkatuaren aurkako azken kanporaketa irabazi.
Bide luzea da, hiru edo lau partida jokatu behar dira igotzeko, eta Baionak etzi eman behar du lehen pausoa. Yannick Bruk hutsune garrantzitsua izango du hamabostekoan, Emanuel Saubusse uztartze erdilariak kolpea hartu baitzuen buruan sasoiko azken partidan eta ezingo du jokatu.
Partida orekatua espero da, Neversek Baionak baino hiru postu beherago bukatu arren, garaipen bat gutxiago lortu duelako. Hori bai, aurkaria bolada txarrean da, ligako azken zazpi partidetatik bakarra irabazi baitu, azkena hain zuzen. Elkarren aurkako ligako partidei erreparatuz gero, bietan etxekoak irabazi zuen: 26-21 Baionak, eta 23-17 Neversek.
Neversi dagokionez, Frantziako errugbiko aberats berrietako bat da. 35.000 biztanleko hiri bateko taldea da, zazpi urtean Federal 2tik Pro D2ra igo dena, eta orain Top 14ra iristea begiz joa duena. Bere zonako enpresarien babesari esker, mailako aurrekontu handiena du: 12,4 milioi euro. Alderatzen jarrita, Baionak Pro D2ko aurrekontu handienetan laugarrena du: 11 milioi euro.
Baionak Nevers hartuko du etzi, igotzeko lehen kanporaketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu