Baionak ez du lan samurra izanen, arratsalde honetan, Montpelierreri irabazteko (18 :30, Montpelierreko Du Manoir). Xuri-urdinek badakite Montpellier oso talde sendoa dela, Europako postuen borrokan dagoena, eta etxean barkatzen ez duena. Hala ere, azken asteetan izandako hobekuntzan oinarrituko dira, emaitza ona lortzeko asmoz.
Jean Dauger aldean baikortasuna da nagusi. Azken asteetan, Baionak itxura hobetu du, eta emaitza onak, pixkanaka, etortzen ari dira. Hala ere, sailkapenean oraindik postura txarrean daude baionarrak, 11. postuan. «Entrenamendu saioetan ikusten ari garenak itxura hobea dauka. Apurka apurka, gure jokoa eraikitzen ari da» adierazi du, pozik eta itxaropentsu, Christian Lanta entrenatzaileak, Montpelierrera bidaia egin aurretik.
Bi entrenatzaileak, pixkanaka, haien aztarna uzten ari dira taldearen jokoan. Horren adierazle, gaurko hamabostekoan egindako hautu batzuk. Mike Philips oraindik Galesekin dago, baina entrenatzaileek konfiantza osoa eman diote Gartziari, uztartze ireki jokatzeko. Seinale azkarra da hori, sasoi hastapenean ordezko soila izan behar zenarentzat.
Gibelean ere, haien ukitua uzten ari dira entrenatzaileak. Sasoi hastapenean, gazteen alde egiteko hautua asumitu zuten, gazteek «beraien lekua irabazi beharko zutela» zehaztuz, Christophe Deylauden hitzetan. Teoria hori, praktikara eramanen dute. Joe Rokocoko, Zeelanda Berriko izarra, postuz aldatzeko zalantzarik ez dute izan. All Blacks-ak, erdiko gisa jokatuko du. Hegalean, bere lekua Bastien Fuster gazteak beteko du. Konfiantza keinu ederra entrenatzaileena, haien izar nagusia postuz aldatu baitute, Fusterri lekua egiteko.
Baionak ez du lan erraza izanen Montpellier indartsuaren etxean
Lanta eta Deylaudek hautu berezia egin dute, Rokocoko erdiko gisa ezarriz eta hegalean Fuster gaztea zelairatuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu