Baikortasun ezberdinak

Errugbiko Ohorezko Mailako taldeak etenaldian dira. Zortzi jardunaldi jokatuta, laugarren dago Ampo Ordizia. Hernani azkena da, baina oraindik eskura du mailari eusteko aukera

Ampo Ordiziaren eta Hernaniren arteko derbiaren irudi bat, hirugarren jardunaldian, Altamiran. 66-14 irabazi zuten ordiziarrek. CARLOS MEDIAVILLA.
mikel rodriguez
2019ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Etenda dago lehia errugbiko Espainiako Ohorezko Mailan, eta horrela egonen da abenduko lehen asteburura arte. Zortzi jardunaldi jokatu dituzte, eta sailkapenari erreparatu bertzerik ez dago, bi euskal taldeek eginiko jardunaren artean dagoen aldeaz jabetzeko. Ampo Ordizia laugarren postuan dago sailkapenean. 28 puntu ditu, Alcobendas hirugarren sailkatuak bezala, eta El Salvador bigarrenak baino bat gutxiago bertzerik ez. Bortz partida irabazi ditu, bat berdindu eta bi galdu. Ez du urruti liderra, VRAC Quesos Entrepinares: sei puntura. Hagitz bertzelakoa da Hernaniren egoera. Azkena da, eta hiru puntu bertzerik ez du lortu, jokatu dituen zortzi neurketak galdu ondoren. Halere, sailkapenean hurbilen dituen taldeek ez diote guztiz alde egin oraindik, eta urtea bukatu baino lehen haiengana hurbiltzeko helburua du, maila mantentzeko borrokari eusteko.

Aurreko denboraldia bikaina izan zen Ampo Ordiziarentzat.Liga erregularrean laugarren amaitu zuen, eta titulurako kanporaketetan finalerdietara ailegatzea lortu zuen. Sasoi honen hasieran helburua hau jarri zuten, Iñigo Marotiasek (Ordizia, Gipuzkoa, 1989) azaldu duenez: «Azkeneko hiru edo lau urteetan bezala, aurreko denboraldikoa hobetzen saiatu nahi dugu. Jakinda hobetzea oso zaila dela». Ampo Ordiziako bi entrenatzaileetako bat da Marotias.

Taldea bide onean doa, hala ere. Bi partida baino ez ditu galdu: Alcobendasen aurka bigarren jardunaldian (34-28), eta El Salvadorren aurka laugarrenean (36-35). Dena den, neurketa horietan puntu bana urratzea lortu zuen, erasoko eta defentsako puntu gehigarriei esker. Marotiasen ustez, inportantea izan da hori. «Irabazi edo galdu, partida guztietan lortu ditugu puntuak, eta horrek erakusten du denetan lehiakor izan garela». Ibilbide onaren gakoetako bat taldearen egitura mantentzea izan da. «Azkeneko lau urteotan, gu taldea zuzentzen ari garenetik, saiatu gara blokea mantentzen. Ez da erraza izaten, beti baitago jendea lanarengatik edo beste gorabehera batengatik utzi egiten duena».

Ampo Ordiziaren «bizkarrezurra» harrobiko jokalariak dira, eta taldeko jokalarien heren bat baino gutxiago dira profesionalak. Espainiako Ohorezko Mailan, ordea, areagotzen ari da profesionalizazioa, eta taldeen aurrekontuak gero eta gehiago ari dira hazten. Marotiasek dioenez, horren ondorioz lehia gero eta handiagoa da. Urtea bukatu arte hiru jardunaldi falta dira; Ampo Ordiziak VRAC Quesos Entrepinares liderraren etxean jokatu beharko du, eta Eguberrietako etenaren aitzinetik Santboiana zuzeneko aurkariaren kontra jokatuko du Katalunian. «Oso partida gogorrak», baina emaitza onak lortuz gero, sailkapenean hagitz bultzada handia eman diezaioketenak Ampo Ordiziari. «Oraindik liga bukaera eta titulurako kanporaketak urruti ikusten dira, baina bide onean goaz».

Guztiz bertzelakoa da Hernanik duen helburua. «Denboraldi hasieran esan nuena errepikatuko dut: oso zaila izango da mailari eustea, eta oraintxe bertan horregatik gara azkenak», onartu du Patrick Polidori entrenatzaileak (Paris, 1975). Hernani 2012an igo zen Ohorezko Mailara, eta salbazioa izan du urteroko helburu nagusia. Talde guztiz amateurra da, gero eta ingurune profesionalagoan lehiatzen. Polidorik dio «epe luzera» ezinezkoa izanen dela talde amateurrek gorengo mailan jarraitzea. «Gero eta aurrekontu handiagoak daude, eta taldeak landu beharrean, gero eta gehiago fitxatzen da, enkante batean bezala». Gainera, Hernanik aldaketa handia jasan du, hamabi jokalarik utzi baitute taldea. «Ia talde oso bat da hori», zehaztu du Polidorik. «Gazte asko daude orain, eta egokitzapena konplikatua izaten da. Bi urtean ikasten dena, bi hilabetean ikasi behar dute».

Jokoarekin pozik

Baina Hernani ez dago etsitzeko prest. Nahiz eta partida guztiak galdu, hiru puntu ditu, hiru norgehiagoka alde txikiarekin galdu eta defentsako puntu gehigarriak pilatzea lortu duelako. Horri esker, UBU-Colina Clinic azken-aurreko sailkatua lau puntura du oraindik, eta Konplutentse Cisneros hamargarrena, berriz, seira —azken-aurrekoak jaitsierako kanporaketa jokatzen du—. «Partida asko gauza zehatzengatik galdu ditugu —uztartzeren bat eta horrelakoak—, baina jokoa ona izan da». Polidorik uste du aste hauetako geldialdia ongi etorriko zaiela, azkeneko partida Quesos Entrepinares liderraren aurka jokatuko baitzuten, eta hurrengoa El Salvador bigarrenaren aurkakoa baitute Landaren. Abenduko bertze biak: Bathco bederatzigarren sailkatuaren etxean, eta Bartzelonaren aurka Hernanin.

«Espero dut urtea garaipen batekin edo birekin bukatzea. Garaipen bat, eta berriz ere igogailuan sartuko gara besteekin». Polidorik itxaropena du etxeanEl Salvadorren aurka partida on bat egin eta taldeak«konfiantza» hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.