«Baikor» da Urrutia Keparen kontratu berritzearen inguruan

ainara arratibel gascon
2017ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Kepa Arrizabalaga Athleticeko atezainaren kontratu berritzeak zeresana ematen jarraitzen du. Atzo ere horri buruzko makina bat galdera erantzun behar izan zuen Josu Urrutia presidenteak, taldearen egoerari buruzko balorazioa egiteko agerraldian. Urrutia «baikor» da, baina, aldi berean, garbi du denbora aurrera doala, eta hemendik gutxira egin beharko dutela zirt edo zart bi aldeek. «Ez dugu epe zehatzik jarri nahi, baina ez dugu egoera askorik luzatu nahi». Atezainari ekainean amaitzen zaio kontratua, eta urtarriletik aurrera libre dago edozein talderekin negoziatzeko. Hala, Athleticek ez luke dirurik jasoko Kepa joanez gero.

Urrutiaren ustez, kontratua berritu nahi duen edozein jokalarik zerbait jarri behar du bere aldetik. Kepak hitzarmena luzatzeko asmoa azaldu dien galdetuta, argi erantzun zuen: «Hori esatea ez dagokit niri. Hari galdetu behar diozue. Dena den, negoziazio bat badago, pentsatu nahi dut hemen geratu nahi duelako dela, eta ez denbora galtzeko».

Klubaren jarrera ez da behin betikoa. «Negoziazioa ez dago itxita, eta alde horretatik bi aldeoi geratzen zaigu mugimenduren bat egiteko aukera. Gu, behintzat, gogor ari gara lanean Kepa hemen geratzeko».

Dena den, kontratu berritze hori egin behar dituzten beste batzuekin parekatu zuen. Iñaki Williamsen adibidea jarri zuen: «Harekin ere eseri beharko dugu. Ezin dugu lo hartu. Izugarri hazten ari den jokalaria da, eta emateko asko du». 2021era arteko kontratua du Williamesek Athleticekin, eta 50 milioi euroko etete klausula.

Babesa Zigandaren lanari

Taldearen egoeraren inguruan ere mintzatu zen Urrutia. Onartu zuen erregulartasuna falta izan zaiela, bBaina gogorarazi zuen Marcelo Bielsarekin eta Ernesto Valverderekin ere denboraldiak ez zituztela ondo hasi. «Baina, gero, egoera iraultzea lortu genuen». Hala, babes osoa eman zion Jose Angel Ziganda Kuko-ren lanari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.