Pilota

Baikoko pilotariek hamabi eguneko greba egingo dute

Urriko hainbat egunetan egingo dute, enpresaren jarrera salatzeko. Egoera jasangaitza dela esan dute, eta enpresak langileak kaleratzeko mehatxuak egin dizkiela. Lan baldintza duinak, errespetua eta gardentasuna eskatu dituzte.

Aitor Manterola - Paulo Ostolaza
2020ko urriaren 2a
11:12
Entzun

Grebara joko dute Baiko enpresako pilotariek. Duela bi aste jakinarazi zuten jendaurrean «beti ezkutuan egon den egoera», Baikok eurekin izandako hainbat jokabide gaitzetsi zituzten, eta gaur beste behin salatu dute jasangaitza dela enpresan duten egoera. Langileak kaleratzeko mehatxuak jasan dituztela ere adierazi dute. Egun hauetan egingo dituzte lanuzteak: urriak 9, 10, 11, 12, 16, 17, 18, 19, 23, 24, 25 eta 26.

Bost aldarrikapen egin dituzte pilotariek gaur goizean, ELA sindikatuaren Bilboko egoitzan emandako prentsaurrekoan: Eskiroz, Victor, Laso eta Mariezkurrena pilotarien kontratuen negoziazioei berriz heltzea, fede onez eta mehatxurik gabe; gutxieneko lan baldintzak arautzeko lan hitzarmen bat sinatzea; barne araubidea bertan behera uztea; eta pilotariekin gardentasun ekonomikoz jokatzea.

Azpimarra berezia egin dute pilotariek gutxieneko lan baldintzetan, errespetuan eta gardentasunean. Adibide gisa jarri dituzte Agirre eta Alberdi pilotarien kasuak, haiek kontratu berria mehatxupean sinatu dutela salatu baitute: «%20ko murrizketa onartu ezean kontratua galduko zutela esan zieten».

Pilotariek adierazi dute greba bertan behera uztea enpresaren borondateak baldintzatuko duela, eta negoziatzeko prest agertu dira: «Gure borondatea mahai gainean dago». Euren arabera, ordea, enpresarena ez, ez baitute Baikorekin kolektibo gisa hitz egiteko aukerarik izan. Pilotarien arabera, orain arte banan-banan bildu dituzte, eta mehatxuak etengabeak izan dira: «Datorren astean dugu lehen bilera, eta enpresak langileen aurkako kaleratze mehatxuak egin dizkigu, bilera hori baldintzatzeko asmoz».

Jose Ramon Garai Baikoko kirol zuzendaria «hitz egiteko prest» azaldu zen atzo, eta, horretarako, jakinarazi zuen astelehenean asmoa zuela pilotari taldearen ordezkaritza batekin biltzeko, pilotariek gaur esan duten moduan: «Nire sakelakoaren zenbakia dute. Azken egunetan haietako batzuekin hitz egin dut». Pilotariek, ordea, Baikoko ordezkariaren prentsaurrekoa amaitu eta minutu gutxira iragarri zuten gaur egin duten agerraldia.

Pilotariek argi utzi dute asko maite dutela euren kirola, sekulakoa dela eurentzat hartatik bizitzea, eta badakitela askok egon nahiko luketela euren lekuan. Esan dute, ordea, «pribilegio» horregatik ez daudela prest azkenaldian bizitzen ari diren guztia bizitzera: «Langileak gara, eta eskubideak ditugu».

Bestalde, Baikok, prentsaurrekoaren ordu berean iragarri du Baiko Pilotako langileen % 57k lan baldintzak aldatzeko akordioa adostu dutela. Enpresaren arabera, langileek %20 murriztuko dituzte lanaldia eta soldata, eta sei hilabete iraungo du itunak.

Sei pilotari, kalera

Irailaren 15eko prentsaurreko batean eman zuten euren egoeraren berri enpresako pilotari guztiek, Aimar Olaizolak, Mikel Urrutikoetxeak eta Ander Imazek izan ezik; enpresari jarrera aldatzeko eskatu zioten, baina hark atzo publikoki emandako erantzunak ez ditu gustura utzi. 

Garaik «COVID-19aren pandemiak eragindako egoera ekonomiko txarrari» egotzi zizkion azken erabakiak, hainbat pilotariri kontratua ez luzatzearena, besteak beste. Sei dira Baiko utzi duten pilotariak: Iñaki Etxegoien, Iker Arretxe, Iosu Eskiroz, Victor Esteban, Unai Laso eta Ibai Mariezkurrena.

Azken astean, Aspeko pilotariek ere babesa erakutsi diete Baikokoei. Asteburu honetan dira Binakako Txapelketari ekitekoak, eta Baikoko pilotariek argi utzi dute: «Urrian zehar frontoietan pilota partiduez gozatu ahal izatea enpresaren borondatearen araberakoa izango da». Gehitu dute badakitela greba deialdiak bazterrak nahastuko dituela, ez dela biderik errazena, baina enpresak bide hori hartzera behartu dituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.