Bai, ez eta auskalo

Artxankok baieztatu du Puñali kontratua berrituko diotela, eta Masudi ezOsasunako presidenteak onartu du, halaber, Athleticekin bildu direla Kike Sola fitxatu ahal izateaz hitz egiteko

Kike Sola, Osasunak eta Athleticek denboraldi honetan Iruñean jokatutako partidan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Julen Etxeberria.
2013ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Pixkana-pixkana ari da Osasunako zuzendaritza datorren sasoiari begira erabakiak hartzen. Lehena liga amaitu eta hiru egun eskasera hartu zuen. Miguel Artxanko klubeko presidenteak joan zen astearen hasieran baieztatu zuen Jose Luis Mendilibarrek beste urtebetez jarraituko duela Osasuna entrenatzen. Mailari eutsita, Mendilibarrek bermatua zuen beste urtebetez segitzea, baina Artxankok berria baieztatu arte asko ziren hori horrela izango zela apustu egitera ausartzen ez zirenak. Presidenteak, ordea, argi utzi zuen zuzendaritzan ez zutela izan zalantzarik.

Behin entrenatzailearen etorkizuna argituta, orain jokalariena falta da. Eta hor ere hasi da kluba erabakiak hartzen. Azkenekoen berri atzo eman zuen Artxankok, Manolo Los Arcos Osasunako ordezkariaren agurrean. Batetik, Patxi Puñalek beste urtebeterako kontratua berrituko duela jakinarazi zuen. Kapitainari hilaren 30ean amaitzen zitzaion kontratua, baina kluba eta jokalaria ados jarri dira hitzarmena beste urtebete luzatzeko. Beraz, 37 urteko erdilariak (38 beteko ditu irailean) hamalaugarren sasoia jokatuko du gorritxoen lehen taldearekin, hamabigarrena jarraian. Osasunarekin kontratua berritu duen hirugarren jokalaria da Puñal. Miguel de las Cuevasek eta Francisco Silvak ere Iruñean jarraituko dute. Bi jokalariok utzita aritu dira urtarriletik, eta batak zein besteak oso maila ona eman du. Horregatik, klubak2,4 milioi euro ordainduta fitxatuko ditu biak elastiko gorritxoa soinean eraman dezaten aurrerantzean ere.

Masud Xojaeik, aldiz, jada ez du gehiago jantziko elastiko gorritxoa. Aurrelari irandarrak ere sasoi honen amaiera arte du kontratua, baina presidenteak atzo jakinarazi zuen klubak ez diola berritzea eskainiko. 28 urteko jokalariak bost sasoi egin ditu Osasunan. Azken bietan, hala ere, ia ez du jokatu, ia urte eta erdiz egon baita min hartuta. Masuden bide bera hartuko dute Anthonny Annanek, Joseba Llorentek, Ricardo Lopezek eta Xavier Annunziatak. Annan eta Llorente utzita aritu dira, baina haien jarduna apala izan da, eta, beraz, euren taldeetara itzuliko dira, Schalke 04 eta Realera. Ricardok eta Annunziatak, berriz, erretiroa hartu dute.

«Solak jarraitzea nahi dugu»

Kike Solaren etorkizunaz ere hitz egin zuen Artxankok atzo. Osasunako presidenteak onartu zuen herenegun klubeko zenbait ordezkari Athleticekin eta jokalariaren ordezkariarekin bildu zirela. Hala ere, presidenteak zehaztu zuen ez zela izan «kluben arteko bilera bat», eta, beraz, Athleticek Sola fitxatu nahi badu, «Osasunarekin hitz egin beharko» duela.

Solak datorren denboraldiaren amaiera arte du kontratua Iruñeko taldearekin. Osasunak hitzarmen hori beste bi urte luzatzeko eskaintza egin dio, baina jokalariak ez du ezer erantzun. Athleticen interesa egon daiteke horren atzean. Solak hamar milioi euroko etete klausula du, baina Osasuna prest dago etete klausula hori negoziatzeko. «Klausulak jarri jartzen dira, baina gero oso gutxitan betetzen da han dioena», esan zuen Artxankok. Hala, sei milioi euro jasota konforme legoke Osasuna, baina talde zuri-gorriak ez du lau milioi euro baino gehiago ordaintzeko asmorik. Beraz, litekeena da bost milioi euroren inguruan fitxatzea. Artxanko «gogor borrokatuko» da, «klubaren interesak defendatzeko». Badaki ez dela egoera ona Solak beste urtebeterako soilik kontratua izatea. «Baina urte batean gauza asko gerta daitezke», gaineratu zuen, Fernando Llorenteri sasoi honetan Athleticen gertatu zaiona gogoratuta.

Sola joan edo ez, Osasuna erasoko jokalarien bila dabil. «Gola behar dugu, golak sartuko dituen aurrelari bat, aurreko sasoian ez dugulako horrelakorik izan. Ahalegina egingo dugu, baina erokeriarik egin gabe. Ezin ditugu gastatu lauzpabost 0milioi euro jokalari batean». Aridane Santana Tenerifeko 25 urteko aurrelari espainiarra du begiz jota Osasunak. Bigarren B Mailan gol gehien sartu duen jokalaria izan da: 25. Bestalde, Artxankok zehaztu zuen ez dutela eskaintzarik jaso Andres Fernandez eta Raoul Loerengatik, baina «agian» jaso dezaketela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.