Iragan astelehenean Vila-realen aurka jokatuta, denboraldi honetako aurkari guztien aurka zuzendu du jada Javi Graciak Osasuna (Iruñea, 1970). Hots, itzuli oso bat egin du Iruñeko taldearen aulkian. Getaferen aurka zuzendu zuen lehen aldiz taldea, eta etzi talde horren aurka jokatuko du berriz ere. Getafen galdu egin zuen Osasunak (2-1). Sadarren igande eguerdian Getafe mendean hartzea ezinbestekoa dute gorritxoek, berriz jaisteko postuetan egon nahi ez badute. Hemeretzi partidatan eskuratutako sei garaipenei eta lau berdinketei esker, Osasuna jaisteko postuetatik atera da, baina helburua urrun dago oraindik, eta, itxura guztien arabera, azken unera arte sufritu egingo du Osasunak sasoi honetan ere. Taldeak hobera egin du Javi Graciarekin, baina zuzendu beharreko oker asko ditu oraindik ere gorritxoen entrenatzaileak.
1. Mendilibar baino puntu bat gehiago hiru lehiatan
Jose Luis Mendilibarrek hiru partidatan zuzendu zuen Osasuna sasoi honetan. Denboraldiko lehen hiru partidatan Granada, Athletic eta Vila-real izan zituen aurkari Iruñeko taldeak, eta puntu bakar bat ere ez zuen lortu. Granadak 1-2 menderatu zuen Osasuna lehen norgehiagokan, Athleticek 2-0 Anoetan bigarren jardunaldian eta Vila-realek 0-3 jipoitu zuen Osasuna Sadarren hirugarren jardunaldian. Hiru porrot horiek nahikoa izan ziren Miguel Artxanko presidentea buru duen zuzendaritzak Mendilibar kargutik kentzeko.
Ez zen zaila Mendilibarrek hiru aurkari horien aurka egindakoa hobetzea. Javi Graciarekin, Osasunak hobetu egin du, baina, ozta-ozta, puntu bakar bat lortu baitu, Granadaren zelaian hutsean berdinduta eskuratutakoa. Hargatik, Athleticen aurka eta Vila-realen aurka ez dute punturik lortu nafarrek, lehen itzulian bezalaxe. Astelehenean 3-1 galdu zuten Madrigalen Vila-realen aurka, eta aurreko jardunaldian Athleticek astindua eman zien gorritxoei Sadarren (1-5). Alderaketa eginez gero, Javi Graciak ez du Mendilibarrek baino askoz nota hobea atera hiru talde horien aurkako norgehiagokatan.
2. Golak erraz sartzen dizkiote oraindik
Osasunaren ardura hartu zuenean oso argi utzi zuen Javi Graciak defentsako lana hobetzea zela lehentasuna. Mendilibarri aurkariaren zelaian presioa egitea gustatzen zitzaion. Lerroak aurreratu eta arriskuak hartu zalea zen entrenatzaile zaldibartarra. Javi Graciak argi izan zuen hasieratik joko hori egiteko jokalari aproposik ez zuela, eta defentsan atzelariak areatik askoz gertuago izaten dira orain, eta erdilari lerroa ere atzelari lerrotik gertuago dago. Elkarri babes handiagoa ematen diote jokalariek defentsan, eta orokorrean Osasunako atzelariak erosoago aritzen dira orain.
Javi Graciak futbolean aspaldikoa den eztabaida piztu du hori eginda: tapakiarena. Gorputz osoa estaltzeko tapaki laburregia baldin baduzu, bi aukera dituzu: oinak tapatu eta bularraldea agerian utzi, ala alderantziz, lepotik behera estalkia jarri eta oinak agerian utzi. Eta horixe gertatu da, atzealdea estali bai, baina aurrealdea geratu da agerian. Atzean erosoago eta seguruago ari da taldea, baina aurrealdean nekezago sortzen ditu aukerak. Baloia berreskuratzen dutenean aurkariaren atea urrunago izaten dute orain nafarrek, eta gola sartzeko aukera gutxi sortzeaz gain, aurreko denboraldietan baino askoz korner eta falta arriskutsu gutxiago ere eragiten ditu Iruñeko taldeak. Hemeretzi gol besterik ez du sartu Osasunak 22 partidatan, partidako bat baino gutxiago. Lehen Mailako talderik eskasena da estatistika horretan. Eta eskerrak Oriol Rieraren eraginkortasunari. Aurrelari kataluniarrak zortzi gol sartu ditu, taldeak sartutakoen ia erdia. Horri lotuta, atzelari bakar batek ez du oraindik gol bakar bat sartu, geldikako jokaldietan ere nekez izaten dutelako aukerarik. Eta okerrena da 37 gol sartu dizkiotela Osasunari, partidako ia bi. Hiru talderi bakarrik sartu dizkiote gol gehiago: Almeriari (41), Betisi (47) eta Rayo Vallecanori (51).
3. Babes osoa dauka
Datuak datu, Javi Graciak abantaila handia dauka Mendilibarrekiko. Hiru denboraldiren ondotik entrenatzaile bizkaitarrarekin nekatzen hasiak ziren zale asko, eta zuzendaritzako kideak ere zain zituen sasoi hasieratik. Ez zioten barkatuko ezta huts txikiena ere. Lehen aukeran kargutik kenduko zuten. Eta hala izan zen, denboraldia hasi eta hiru astera eten baitzuten haren kontratua.
Javi Graciak, berriz, patxadaz lan egiteko aukera dauka, Osasunaren inguruko lagun guztien erabateko babesa duelako. Porrot mingarrienen ondotik ere gutxik egin dizkiote kritikak. Langilea da, zuzena eta borondate handikoa —halakoa zen ere Mendilibar—, eta oraingoz behintzat inork ez du haren aurkako hitzik esan Iruñean. Neguko fitxaketa epean klubak egindako mugimenduez —Raoul Loe eta Francisco Silvaren balizko salmentez batez ere— esan du helburua oraindik ez dagoela ziurtatuta eta kirol arloan taldea indargabetuko luketen mugimenduak ez dituela begi onez ikusten. Baina zuzendariek ez diote erantzun. Badaki nora etorri zen, badaki zein den klubaren egoera ekonomikoa eta zuzendariek egiten dutena onartu beharra besterik ez dauka, klubak diru premia ikaragarria baitu. Hargatik, garbi hitz egin du Graciak, zuzendaritzan lehengusua izanagatik —Txuma Peralta lehengusua du, kirol arloko arduradunengandik gertuen dagoen zuzendaritzako kidea —eta presidentearen asmoen aurkako hitzak zirela jakin arren. Emaitzak emaitza, entrenatzaileak sinesgarritasun osoa dauka oraindik. Sinesgarritasuna eta lana, batez ere bigarren hori, Osasunak alde batean utzi behar ditu gorabeherak eta nola edo hala egonkortu. Hori eginda gertuago izango du sasoiko helburua: beste urtebetez onenekin lehiatzea.
Bai, baina ez nahikoa
Javi Graciak itzuli oso bat egin du jada Osasunaren aulkian. Harekin, taldeak gora egin du, eta atzean utzi jaisteko postuak. Halere, ezusterik ezean, sufritu egingo dute gorritxoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu