Gozamenak lotu ditu aurten Donostia eta Txapeldunen Liga, eta Realak aldarte onari eutsi nahi dio multzoen fasean etxean jokatuko duen azken partidan. Interren aurka, bere ahala erakutsi zuen; Benficaren kontrakoan, hura maisuki berretsi, eta Red Bull Salzburgo hartuko du gaur, berriro irabazi nahian. Txuri-urdinek segida eman nahi diote orain arteko jardun dotoreari, Europako txapelketa gorena oso lantzean behin jokatzen baita Anoetako estadioan.
Nolanahi ere, gaurkoaren ostean ez da etenik izango, eta Reala etxean arituko da aurrerantzean ere, final-zortzirenetarako sailkatuta dagoenez gero. Sari hori badu jadanik, D multzoa osatzeko bi jardunaldi falta diren honetan. Sailkapenari erreparatuta, lidergoa du jokoan, baina Interren aurka erabakiko da noren esku geldituko den, Guiseppe Meazza estadioan, bi aste barru. Buruz buruko lehia horren atariko, matematikoki neurketa hutsala da gaurkoa —Milanen irabaztea nahikoa du lehena izateko—. Badu bestelako pizgarririk, ordea. Zaleen aurrean distiratzea da haietako bat; lehen jardunaldian berdindu eta horren osteko hiru partidak irabazita, beste garaipen batek are gehiago loratuko luke Imanol Alguacilen taldearen lana.
Are gehiago kontuan hartuta ez duela galdu. Azken jardunaldira artean garaiezin eusteak agerian utziko luke taldearen lorpena, eta hauspoa emango lioke azken partidara begira. Bultzada hori ez da kirol arlokoa soilik izango, dena den. Orain artean bildu dituen 35 milioi euroei beste 2.800.000 euro gehituko lizkioke hiru puntuak eskuratuta. Ez da sari eskasa.
Horiek guztiak horrela, talde txuri-urdinak ohiko intentsitatez jokatuko du gaur arratsaldean. Hala adierazi du Imanol Alguacil teknikariak: «Niretzat, oso garrantzitsua da beti, kamiseta txuri-urdina janzten dugun aldiro, partida irabaztea. Berdin du Txapeldunen Ligan, [Espainiako] ligan edo kopan ari garen, baita noren aurka jokatzen dugun ere. Gure zaleen aurrean jokatzen dugu, eta hori sakratua da».
Donostiarrek Austriako Bundesligako liderra izango dute aurrean. Halere, Txapeldunen Ligan segitzeko aukerarik gabe daude Salzburgokoak, partida bakarra irabazi baitute, eta Europa ligarako sailkatzeko lehian daude. Hirugarren amaitu behar dute horretarako, eta gaur ziurtatu dezakete hori. Benficak Interren aurka galtzen badu, puntu bat urratzea nahikoa dute helburua lortzeko, eta berdinduta ere sailkatu egingo da. Hortaz, argi izango dute helburua, Mikel Merino jokalariaren arabera: «Partida lehia bizikoa izatea espero dut. Hozka egitera ateratzen dira beti, eta oraingoan ere hala egingo dute. Estutu egingo gaituzte, eta atsedenik ez dute hartuko neurketa osoan. Aurkari erasokor bati aurre egiteko prest egon behar dugu». Salzburgok hamar jokalari faltako ditu Donostian, denak ere min hartuak baitaude.
Berritasun nagusia, Silva
Aurkariak ez bezala, Realak berreskuratu ditu min hartuta eduki dituen jokalariak. Andre Silva da gaurko partidarako berritasun nagusia. Sasoi honetan ekarritako aurrelariak ez du asko parte hartu lehendabiziko hilabeteetan, min hartuta egon baita, baina osatu da jada, eta deialdian sartu du Imanolek. Teknikari oriotarrak hauxe azaldu du haren inguruan: «Partiden giroa sentitu behar du, taldearekin egon, eta ari da urratsak egiten. Igandetik hona bi entrenamendu gogor egin ditu, lesioari dagokionez ondo dago, eta horregatik deitu dut».
Portugaldarraz gain, Kieran Tierney ere zerrendan da bigarren aldiz jarraian. Man uhartean jaiotako atzelaria aulkian egon zen igandean, Sevillaren aurkako norgehiagokan. Izan ere, Imanolek prest ditu lehen taldeko fitxa duten jokalari guztiak, Carlos Fernandez izan ezik. Alde horretatik, Imanolek uste du garrantzitsua dela jokalari guztiak jokatzeko moduan edukitzea: «Carlos kenduta, denak ditut prest. Seguruenik, guztiak ez dira egongo sasoirik onenean, baina laguntzeko prest daude. Hori albiste ona da».
Realak eta Salzburgok bigarren aldiz jokatuko dute Donostian elkarren aurka. 2017-2018ko sasoian izan zen aurreko aldia, eta berdindu egin zuten. Oraingoan, Realak irabaztea du xede, eta Imanolek uste du «zaleen babesa» izango dutela horretarako, «beti bezala». Austriarren jarraitzaileak ere bilduko dira Reala Arenan —estadioak izen hori du Txapeldunen Ligan, babesletza kontuengatik—. Orotara, Salzburgoren 550 zale izango dira bisitarien harmailan. Realak suaren aurkako sare bat jarri du han, inork ez dezan ezer bota zelaira.