Denboraldi-aurrean jokatutako partidengatik talde bat epaitzea zail da. Realaren emaitzek, ordea, ez dute piztenitxaropen handirik. Hiru garaipen eta bi berdinketa lortu ditu. Porrotak, aldiz, lau izan dira.Galdutakoak maila bertsuko taldeen aurka izan dira, gainera. Hala ere, emaitzak ez dira erabat ezustekoak. Asier Garitanok eta haren lantaldeak jokamolde berria eraman dute taldera. Azken ukituak falta zaizkie, larunbatean, Vila-realen denboraldia hasteko.
Aulkian izandako aldaketa da talde txuri-urdinaren udako berrikuntza nagusia. Garitanok hartu du Imanol Alguacilek utzitako tokia. Bergararrak, bost sasoi egin zituen Leganesen, eta Espainiako Bigarren B Mailatik Lehen Mailara igo zuen. Ekainean BERRIAk eginiko elkarrizketan argi utzi zuen ez duela «estilo batean sinesten» eta partida bakoitza aurkariaren arabera prestatu behar dela. Nolanahi ere, gol gutxi sar diezazkieten eta erasoan bizkor aritzea dira taldearen xede nagusiak.
Gainontzean, taldera oraingoz hiru jokalari batu dira: Joseba Zaldua (utzita jokatu zuen Leganesen), Mikel Merino (Newcastle) eta Theo Hernandez (Real Madril). Zalduak defentsako eskuin hegalean Alvaro Odriozolak utzitako zuloa beteko du. Iragan denboraldian, 30 partida jokatu zituen Garitanoren aginduetara Leganesen.
Merino, berriz, atzerrian aurkitu ezin izan duen erregulartasunaren bila iritsi da Donostiara. Osasunatik Borussia Dortmundera egin zuen salto, eta handik Newcastlera. Erdilariak debuta egingo du maila nagusian.
Azken fitxaketaren zain
Theo izan da taldera batu den azken jokalaria. Real Madrilek utzita jokatuko du. Ezker hegaleko atzelariak, erasoan nahiz defentsan lagunduko du. Taldearen ateak ez daude itxita oraindik, eta litekeena da beste jokalariren bat batzea. Zenbait hedabidek zabaldu dutenez,Yusuf Yazici erdi punta turkiarra fitxatzeko asmoa du Realak.
Talde txuri-urdinak iragan denboraldian finkatutako zutabeei eusteko apustua egin du. Xabi Prietok, Carlos Martinezek, Alvaro Odriozolak eta Sergio Canalesek utzi dute taldea udan, eta gainontzekoek jarraituko dute. Ligako talderik gazteenetakoa izango da, batez besteko 26 urteko adinarekin. Jokalariek elkar ezagutzen dute, eta joan den denboraldian lortu ez zuten erregulartasuna nahi dute.
Postu berean joka dezaketen bi jokalari baditu gutxienez Garitanok hamaikakoa osatzeko. Atean, Geronimo Rulliren eta Miguel Angel Moyaren artean aukeratu beharko du. Atzelariak ere aukeran ditu: Diego Llorente, Raul Navas eta Hector Moreno. Igor Zubeldiak eta Aritz Elustondok ere joka dezakete atzeko lerroan. Hala ere, sasoi-aurrean agerian gelditu da Realak defentsa lanean baduela zer hobetu. Izan ere, jokatutako partida guztietan jaso du gutxienez golen bat.
Zelai erdian, Asier Illarramendi kapitainak izango du taldea orekatzeko ardura. Merino, David Zurutuza edo Ruben Pardo izango ditu inguruan. Aurrean erreferentzia nagusia William Jose izango da. Pasa den sasoia hamabost gol egin zituen. Hura elikatzeko prest egongo dira Mikel Oiartzabal, Adnan Januzaj eta Juanmi Jimenez. Jon Bautistak aukeren zain egon beharko du.
Harrobiko jokalariei dagokienez, Martin Merquelanzek, Eneko Capillak eta Luca Sangallik sasoi-aurre aipagarria egin dute.
Futbola. Reala
Badu zer hobetua
Realak larunbatean hasiko du denboraldia, Vila-realen. Taldeak jokalari gehienak mantendu ditu, eta Mikel Merino eta Theo Hernandez fitxatu. Aulkian izan da aldaketarik handiena: Asier Garitano ari da orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu