«Aurrerantzean zale bat gehiago izango naiz»; Aritz Adurizek umiltasunez eta maitasun deklarazio publiko bat eginez esan zion atzo agur San Mamesi. Katedraleko iparraldeko atearen itzalpetik izan zen, azken gola sartu zuen horretatik hain zuzen, eta handik egin zien gorazarre zelaian alboan izan dituen lagunei. «Hutsune handiena ez didate azken 11 partida hauek utziko, ezta Kopako finala ezin jokatzeak, ezta gabarra ateratzeko aukera izateak ere. Hutsune handiena lagun kuadrilla honekin egunero ezin egotea izango da. Baina lasai-lasai noa, Athletic esku onetan uzten dut». Taldekideek, zelaitik, txalo artean hartu zuten kapitainarengandik jasotako aitortza.
Athleticek agur ekitaldi dotorea antolatu zion. Adurizek xumea eskatu zuen, baina taldeak beste plan bat zuen. Segurtasun neurriek zabalera handia eskatzen zuten, eta Athleticek berdegunea aukeratu zuen. SegurtasunSailaren baimenarekin, bertan bildu ziren lehen taldeko jokalari guztiak, Ainhoa emaztea eta Iara eta Noa alabak eta taldeko hainbat zuzendari eta langile.Penalti puntuan jarritako eserlekutik azaldu zuen itxialdi garaiak aldakako gaitz kronikoa okertu diola, eta «kito» esatera behartu duela. «Minik gabeko bizitza bat izateko, ebakuntza egin behar dut. Ikusi nuen kideei ezin niela zelaian lagundu eta hobe zela pauso bat ematea atzera, baita taldearentzat ere». Datorren larunbateanjarriko diote aldaka protesia, eta berrindartzea Lezaman egingo du, ahal badu «zerbaitetan» laguntzeko.
Agurra euskara hutsean
Adurizek euskara hutsean egin zuen agur hitzaldia. Hunkigarria izan zen. Familiakoekin oroitu zen,baita taldekideekin eta lagundu dioten guztiekin ere. Halere emazteak jaso zituen hitzik gozoenak, 2008ko udako pasadizo intimo bat tarteko. «Pertsona garrantzitsuena zu izan zara. Oroitzen zara ikasketak bukatu berritan nire etxera etorri zinenean, zure amaren kroketak zituen tuperra hartuta, eta Mallorcara joan behar genuela esan nizunean? Negar batean joan ginen. Zu gabe ez nuen lortuko. Ezingo dizut inoiz guztia eskertu, ezta bi neska hauek eman izana ere».
Kroketa gaineko malkoak, baina, irribarre bilakatu zituen, joan-etorriko bidaia izan baitzen, eta asko ikasi zuen. «Ez dut uste une txarrik izan dudanik ibilbidean. Aukera modura hartu ditut; ateak ireki zitzaizkidan eta ez nituzke itxiko. Pribilegiatu bat izan naiz egon naizen toki guztietan. Hasi nintzenean ezin nuen halakorik irudikatu ere egin». Atzera begiratzeak ezertarako ez duela balio esan zuen, eta damurik gabe doala, ezta ere bere ibilbidea agian gehiegi luzatu izanaz. «Ezer ez nuke aldatuko, hainbeste gozatu dut. Badakizu zer sentsazio den hau beteta egotea eta gol bat sartzea? Zirrara horrek bakarrik nire bi aldakak balio ditu».
Iazko abuztuaren 19an nabaritu zuen azkenekoz zirrara hori, ligako lehen partidan Bartzelonari atzerako artazi erdiaz sarturiko golean.Ibilbideko bereziena zela esan zuen. Zergatik? «Alabak pixkanaka gauzekin konturatzen ari dira, goraka doaz, eta egun hartan kornerrean zeuden senide batzuekin. Sartu eta haiengana joan nintzen ospatzera. Aitak gola sartu zuela bazekiten». Gol kuttuna hori du —172 sartu ditu Athleticekin—, partida berezienakaldiz —407 jokatu ditu— 2015-16ko Espainiako Superkopakoak izan ziren.
Superkopa gozoa gogoratu zuen, eta airean gelditu zaion Realaren aurkako Espainiako Kopako finalaz ere galdetu zioten. «Arantza hori gelditu zait; ea beraiek lor dezaketen. Ziur nago talde honek lortuko duela eta ospatuko dugula». Argitzeko dago finala noiz izango den, baina zintzo esan zuen uda honetanjokatu izan balitz ere gorputzak ez ziola utziko, eta ez zuen dramarik egin nahi izan. «Pandemia honek Kopatik urrundu nau, baina txikikeria da jende askori kendu dizkion pertsona eta gauzekin alderatuta. Ez da hainbesterako».
Adurizek arrasto handia utzi du Athleticen, eta eragin nabarmena izan du gazteengan. Berak behartuta utzi zuen Bilbo, beste batzuek, aldiz, nahita egin dute. Hori nola eragotzi galdetu zioten, eta barrenak hustuz erantzun zuen: «Zaila da konbentzitzea. Baina nik mila aldiz nahiago dut talde honengatik borrokatzea, eta mila aldiz galdu, sinesten edo bat egiten ez dudan zerbaitegatik borrokatzea baino. Athletic talde bat baino gehiago dela erakusten dugu egunero».
Eta Adurizek badu hori nori erakutsi, aduriztarren leinuko batek San Mamesen sarturiko azken gola ez baita Aritzena izan: ekitaldiaren amaieran alaba nagusiak baloia penalti puntura eraman eta atera jaurti zuen. Baita sartu ere, zutoinaren albotik. Erne, bada lekukoa nork hartu.
Badoa kuadrillatik
Itxialdian aldakako lesioak okerrera egin diolako hartu du orain erretiroa Aritz Adurizek. Hutsune handiena talde giroak utziko dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu