Badoa kapitain handia

Zazpi urteren ondoren, Fernando San Emeteriok ez du jarraituko Laboral Kutxa Baskonian.Espainiarrak 403 partida jokatu ditu gasteiztarrekin ligan eta Euroligan, eta 5.000 puntutik gora lortu

Fernando San Emeterio, artxiboko irudi batean, kazetariei begira, keinua eginez. DAVID AGUILAR / EFE.
unai zubeldia
2015eko uztailaren 1a
00:00
Entzun
«Etxean bezala sentitu naiz Gasteizen; hazi egin naiz jokalari gisa, familia osatu dut bertan, eta denbora askoan iraungo duten lagun on-onak egin ditut». Esker hitz horiekin eman zuen agurra atzo Fernando San Emeteriok, azken urteotan Laboral Kutxa Baskoniako kapitain handia izandakoak. Kontratua ez luzatzeko ados jarri dira kluba eta jokalaria, eta, zazpi denboraldiren ondoren, espainiarrak ez du jarraituko Gasteizen.

Valladoliden harrobian hazi eta Gironan bi urte igaro ondoren, 2008-2009ko denboraldian iritsi zen San Emeterio Gasteizera. Iristearekin batera jo zuen goia, orduko TAU Ceramicak Espainiako Kopa eta Superkopa irabazi baitzituen —txapeldunorde izan zen ligan—. Zaleek gogoan izango dute betiko, ordea, hurrengo denboraldian, ACB ligako finalean, Bartzelonaren aurka egin zuena. Lehen bi partidak irabazita, gasteiztarrak 76-78 atzetik iritsi ziren hirugarren partidako luzapeneko azken jokaldira. Bartzelonak jaurtiketa huts eginda, San Emeteriok alderik alde zeharkatu zuen kantxa, zalantza txiki bat egin zuen hiruko jaurtiketan, eta, barneraldia eginda, bi gehi batekoa lortu zuen azkenean. 79-78. Laboral Kutxarena zen liga.

Zenbakiei begiratu besterik ez dago espainiarrak Laboral Kutxari egin dion ekarpenaz jabetzeko. Hegalekoak 403 partida jokatu ditu arabarrekin: 260 ACB ligan eta 143 Euroligan, eta 5.000 puntutik gora saskiratu ditu. Klubak eskerrak eman dizkio urteotan egindako ekarpenagatik eta profesionaltasunagatik. San Emeteriok ez du argitu oraindik hurrengo denboraldian zein taldetan jokatuko duen —martxoan ukatu egin zuen Venezuelako ligako talde baten eskaintza jaso zuenik—, baina ez zaio faltako aukerarik. Valentziak eta Murtziak jokalaria fitxatzeko interesa azaldu dute azken asteotan.

Aurretik, gainera, Alemania, Kroazia, Letonia eta Frantzian jokatuko den Eurobasketean aritzeko aukera izan dezake, Sergio Scariolok, Espainiako hautatzaileak, hamasei jokalariko lehen zerrendan sartu baitu —hamabikoa izango da azken zerrenda—.

Corbacho: «Ohorea da»

Eta, noski, Laboral Kutxa ere ez da begira geratu. Klubak herenegun jakinarazi zuen Alberto Corbacho 30 urteko hegaleko jokalaria Gasteizen ariko dela hurrengo bi denboraldietan —eskolta postuan ere joka dezake—. Kanpoaldeko lerroa indartzeko fitxaketa da balearrarena, azken bi sasoietan hura izan delako jokalaririk finena hirukoetan, Rio Natura Monbusekin. Azken denboraldian 98 hiruko sartu ditu; 2,88 partidako, batez beste. Laboral Kutxan jokatzea «ohorea eta aukera bikaina» dela adierazi zuen atzo Corbachok berak. «Aurreko taldeak eskaini ezin zizkidan erronkak izango ditut Gasteizen. Ondo aritzen saiatuko naiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.