Ibilbide oparoa osatu du Saioa Jaurena errugbi jokalariak (Elizondo, Nafarroa, 1989), baina iritsi zaio agur esateko ordua. Oraingoz, bederen. Berak erabaki du non eta noiz amaitu. Baionako ASB klubak taldea Frantziako Lehen Mailatik erretiratu izana eta Espainiako selekzioa Munduko Kopatik kanpo geratzea izan dira erabakia hartzeko arrazoi nagusiak. «Irailean utzi nuen Espainiako selekzioa, eta ASBn ez jarraitzeko erabakia hartua banuen ere, jende gutxi zutenez, klubak laguntzeko eskatu eta onartu egin nuen. Baina, azkenerako, lehen taldea erretiratu zutenez, bigarren taldearekin partida bat jokatu izanagatik ere, ez nengoen prest modu horretara denboraldi osoa egiteko. Helburu argirik eta motibaziorik ez duzuenean, askoz ere gehiago kostatzen da gauzak egitea».
Duela hamasei urte Baztango errugbi taldean hasi zen errugbian, bere adineko mutilekin batera jokatzen. «Bat gehiago nintzen, ez zegoen ezberdintasunik». Handik, Iruñeko La Unica errugbi klubera joan zen, lehen aldiz nesken talde batean aritzeko. «Talde sentimendua zer den han ikasi nuen». Bizkai aldera eman zituen hurrengo pausoak, Getxoko jokalari izateko, eta han errugbia modu «profesionalago» eta «serioago» batean ulertzen hasi zen. Horren ostean, Lapurdiko ASB taldean egin zuen sasoi bat. 2014an, Ingeniaritza ikasketak amaitu berritan, Zeelanda Berrian errugbian aritzeko aspaldiko ametsa bete zuen. Azkenik, hamasei urteko ibilbidea osatzeko, atzera ere ASBra itzuli zen. «Talde askotan eta maila batean eta bestean aritutakoa naiz, eta egon naizen toki guztietan ikasi dut zerbait».
Baztandarrak argi dauka Zeelanda Berriko ligan Espainiakoan edo Frantziakoan baino maila handiagoa dagoela. «Orain hasi dira liga profesional bihurtzeko lanetan. Halere, maila oso handia dago. Zeelanda Berrian pertsona orok asko daki errugbiaz, eta horrek, jakina, mailari eragiten dio. Frantziako lehen maila edo Top 8a etorriko litzateke ondoren, eta, azkenik, Espainiako Ohorezko Maila. Alde handia dago».
Hala, ibilbidea errepasatzen hasita, baztandarrak dio ez zaiola «inolako arantzarik» geratu, «espero baino gehiago» lortu baitu: «Ez nuen sekula pentsatuko Munduko Kopa batean sartzeko borrokan arituko nintzenik, eta 2014, 2017 eta 2022ko sailkatze faseak jokatu ditut, Europako hainbat txapelketarekin batera». 2017an Espainiak Munduko Koparako sailkatzea lortu zuen, baina deialditik kanpo geratu zen.
Azken urteetan «gozatu» du gehien errugbiarekin. Zeelanda Berritik bueltan, eta erretiroa hartu arte, Espainiako selekzioa eta ASB taldean jokatzea uztartu zituen. Gozatzeko garaia izan zen, baina izan zen momentu txarrik ere. «Baionako taldearekin partida garrantzitsu bat jokatu ahal izateko, Espainiako selekzioaren deialdi bati uko egin behar izan nion. Ondorioz, EuropakoTxapelketako deialditik kanpo geratu nintzen, eta gaizki pasatu nuen».
«Asko aldatu dira gauzak»
La Unican hasi zenetik, gauzak «asko» aldatu dira emakumezkoen errugbian. «Nire hastapenean, lagunak egin eta ondo pasatzeko modu bat zen errugbia. Oso jokalari gutxi ginen, eta oso baliabide gutxi genituen. Orain, talde bakoitzak bi entrenatzaile, masajista eta material ugari du. Kluben aldetik ere aurrerapauso handia eman da. Orain ere ondo pasatzeko modu bat da errugbia, baina beste exijentzia bat dago. Hasiera haietan ez genuen deus».
Harroina da, eta postu «berezia» dela azpimarratu du: «Fisiko indartsua behar da, baina ezin zara oso astuna izan, harroinak geroz eta gehiago mugitzen direlako. Fisikoarekin batera, oso teknika garbia behar da». Azken urteetan «lan handia» egin du teknika hori hobetzeko, eta, lanketa horri esker, gai izan da bera baino indartsuagoak ziren postu bereko aurkariak gainditzeko. «Harroin postuan jokatzen dugunontzat geldikako faseak, uztartzeak eta alboko sakeak oso garrantzitsuak dira, eta, horietan nagusitzeko, teknika ona behar duzu. Teknika onari esker, indartsuagoak diren aurkariak gainditzeko gai zara». Postu horretan ari diren fisikoa ere pixkanaka aldatuz joan da. «Neska lodiagoak aritzen ziren lehen, baina orain, neska indartsuak izaten dira gehiago».
Gorputzari eta buruari atsedena emateko asmoz, erretiroa hartu berri du. Matematikako irakaslea da Leitzako Institutuan (Nafarroa), DBHn. Hori da orain duen ardura nagusia. Jokatzen disfrutatzen zuen errugbiarekin, eta, beraz, ez du jokalari ez den beste zeregin batean ikusten bere burua. Erretiroa hartu du, baina jokatzea hainbeste gustatzen zaionez, ez du baztertu noizbait itzultzea. «Epe motzera ez naiz itzuliko, baina etorkizunean, batek daki. Proiektu interesgarri bat jasoko banu, eta nire bizitzan txertatzea posible balitz, aztertuko nuke». Badoa, baina ez du atea guztiz itxi.
Saioa Jaurena
Badoa, atea itxi gabe
Saioa Jaurenak errugbia uztea erabaki du, hamasei urteko ibilbidea osatu ostean. Euskal Herrian ez ezik, Zeelanda Berrian eta Frantzian ere aritutakoa da. Gorputzak eta buruak atsedena eskatzeaz gain, motibatu dezaketen erronken falta nabaritu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu