Badoa Alex Mumbru

Hamahiru sasoi egin ditu Bilbo Basketen: bederatzi, jokalari gisa, eta azken laurak, entrenatzaile. «Hemengoa sentitzen naiz», esan du

Alex Mumbru malkoak eskuekin lehortuz, atzoko agerraldian. LUIS TEJIDO / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2022ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Beste entrenatzaile bat izango du Surne Bilbo Basketek datorren sasoian. Halabeharrez, eta ez horrela izatea nahi duelako. Alex Mumbru badoa, eta horregatik etorri beharko du aldaketak. Atzo goizean iragarri zuen Kataluniako entrenatzaileak badoala.

Hamahiru denboraldi osatu ditu klubean. Jokalari lanetarako ekarri zuen Gorka Arrindaren zuzendaritzak 2013an, eta bederatzi sasoi osatu zituen pistan aurrera eta atzera. Aulkian esertzeko proposamena egin zion klubak 2018an, eta pistaren alboan igaro ditu beste lau denboraldi. «Hemengoa sentitzen naiz», esan zuen atzo, negar zotinka, alboan Isabel Iturbe presidentea eta Rafa Pueyo kirol zuzendaria zituela, Miribillan egindako agerraldian.

Mumbruk erabaki du ez jarraitzea, eta hori bezain garbi laga nahi izan zuen ez dela beste talderik egon tartean: «Egia da beste talde batzuekin hizketan ari naizela, baina ez noa hemendik horregatik. Ez daukat ezer lotuta inorekin». Apirilak 13 zituen gauean hartu omen zuen azken deliberoa. Ez zen edozein gau izan: «Nire kamiseta zintzilikatu zuten pabiloian Real Madrili irabazi eta gero, eta orduan garbi ikusi nuen joan egin behar nuela». Semeari kontatu zion autoan, etxerako bidean, «sekretua gordetzeko» aginduarekin bat. Zintzo bete du berea semeak, baina bolo-bolo zebilen ez zuela Bilbon jarraituko.

«Hauxe da klub hau uzteko une egokia», esan zuen. «Arlo guztietan egonkortasuna lortu du, Miribilla zalez beteta dago berriz ere, eta toki onean lagako dut Bilbo Basket». Aitortu zuen aurreko urteren batean ere izan zuela alde egiteko modurik, eta kluba diruz larri ibili zen garaia aipatu zuen. «Baina beti geratu egin izan naiz».

Unerik txarrena Urrezko LEB ligara jaistea izan zela gogoratu zuen —2018an, azken sasoia jokalari gisa—, eta onena, hurrengo denboraldikoa: «ACB ligara etxean bertan igotzea handia izan zen. Lasaitu handiena orduan sentitu nuen». Azkenean, onetik eta txarretik edanda doa: «Zerua ukitu dut, baina baita infernua ere».

«Gure historian, funtsezko»

Mumbruren hitz jarioaren atzetik, Iturbek hartu zuen hitza. Labur aritu zen presidentea: «Gutariko baten agurra da hau, gure historian funtsezko izan den batena. Etxean zaude». Gero, Pueyok hartu zuen hitza, eta Marea Beltza izenez deitzen zaien zaleen izenean hitz egin zion Mumbruri: «Zure familia da hau, eta zure zaleak izaten jarraituko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.