Bera Berako jokalaria

Shula Gavilan: «Badirudi taldeak oraindik ez duela bere onena erakutsi»

Azken lau partidetatik bakarra irabazi eta gero, Gavilanek uste du neurketen hasieran hobeto aritzea dela «gakoa».

(ID_13526182) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-01-23, Donostia. Eskubaloia
JON URBE / FOKU
Iñaki Berastegi.
2024ko urtarrilaren 26a
05:00
Entzun

Shula Gavilan (Villa Maria, Argentina, 1996) Bera Berako jokalariak badaki taldea denboraldiko «momentu oso garrantzitsuan» murgilduta dagoela. «Geure buruari erakutsi behar diogu zertarako gai garen». Malaga liderraren aurka jokatuko dute bihar (19:00), Donostian.

Bi aste izan dira lehiatu gabe. Zer moduz dago taldea?

Joan den astean karga handiko lana egin genuen, eta aste honetan gehiago lan egin dugu larunbateko partidari begira; gogor ari gara lanean. Malagaren aurkakoa joka daitekeen partidarik politenetakoa da.

Guardesen aurkako partida galdu berri duzue. Zer hausnarketa egin duzue?

Beharrezkoa zen partida horretaz hitz egitea, egin genituen akatsak konpondu nahi bagenituen. Denboraldiaren oso momentu garrantzitsu batean gaude, talde guztiak oso ondo lehiatzen ari dira, eta hutsik txikienak eragin dezake partida bat galtzea, Guardesen aurka gertatu zitzaigun bezala. Gure ahulgunerik nabarmenena defentsako lana izan zen, normalean kontrakoa izaten bada ere.

Ligako azken lau partidetatik bakarra irabazi duzue. Taldeari erregulartasuna falta izan zaio azken asteetan?

Bai, izan daiteke. Denboraldia luzea egiten ari zaigu, lesio batzuk izan ditugu, eta tartean Munduko Txapelketa ere jokatu da. Badirudi taldeak oraindik ez duela bere onena erakutsi. Liga oso luzea da, eta talde guztiek izaten dituzte bere momentu zailak. Ea Malagaren aurkakoan beste maila bat ematen dugun.

Europatik kanpo geratzea izan daiteke arrazoietako bat?

Ez dut uste. Kolpe gogorra izan zen multzoen fasera ez igarotzea, iaz ere gertu egon ginelako, baina ez dut uste. Orain, helburua liga erregularra lehen postuan amaitzea da, eta, noski, etxean jokatuko den kopa ere lortu nahiko dugu. Aurreko sasoian liga erregularra lehen postuan amaitu genuen, baina agian kanporaketetara ez ginen denboraldiko momenturik onenean ailegatu.

«Denboraldiaren oso momentu garrantzitsu batean gaude, talde guztiak oso ondo lehiatzen ari dira, eta hutsik txikienak eragin dezake partida bat galtzea, Guardesen aurkako partidan gertatu zitzaigun bezala». 

SHULA GAVILAN Bera Berako jokalaria
Malagaren aurkakoa partida erabakigarria da lehen postu horrengatik borrokatzeko. Bi puntura zaudete.

Bai, dudarik gabe. Guardesen aurka galdu, eta Granollersen aurka eta Valladoliden kontra berdindu eta gero, kale egiteko aukera gutxiago dugu guk. 

Malaga momentu onean dago, azken lau partidak irabazita. Nola ikusten dituzu aurkariak?

Bai, Europako txapelketako multzoen fasea jokatzen ari dira, eta horrek erakusten du pauso bat aurrerago doazela. Era berean, azkenaldian guk baino partida gehiago jokatu dituzte, eta hori ere nabaritu dezakete. Iberiar superkopako finalean menderatu genituen, eta berriro ere hori lortu nahi dugu.

Zer partida espero duzu? 

Garrantzitsuena gogor defendatzea izango da, eta haien taldeko gidari Silvia Arderius aise ez ibiltzea. Horrekin batera, gai izan behar dugu baloi asko berreskuratu eta korrika egiteko. Izan dezakegun freskotasun hori baliatu behar dugu. Hutsik gutxien egiten duen taldeak irabaziko du.

Lehen itzulian 26 eta 21 galdu zenuten Malagaren etxean. Zer aldatu behar duzue partida harekin alderatuta?

Partida hasiera txarra egin izanak erabaki zuen neurketa; oso ahul ekin genion. Horrelako talde baten aurka, oso zaila da Bost edo sei golen desabantailari buelta ematea. Hortaz, gakoa gogor hastea da, eta neurketan eta markagailuan beti gertu eta sartuta egotea.

Fase erregularreko garairik garrantzitsuenetako batean murgilduta zaudete; bi aste barru Elx hirugarren sailkatuari ere aurre egin beharko diozue.

Bai, ziurrenik bai. Geure buruari erakutsi behar diogu zertarako gai garen. Partidaz partida joan behar dugu, baina jakinda oso une garrantzitsu batean gaudela.

Lyndie Tchaptchet gaztea eta zu zarete taldeko piboteak sasoi honetan. Zer moduz moldatzen zarete?

Lehiakortasun oso ona eta sanoa dugu. Lyndiek 19 urte baino ez ditu, baina jada etorkizun handiko jokalarietako bat da. Bestearen jokatzeko eratik asko ikasten ari gara, oso ezberdinak baikara gauza askotan.

«Ailegatu nintzenetik zuzendaritzako kideek, klubeko langileek, eta jokalariek etxean bezala sentiarazi naute. Etxetik urrun nagoenez, klubaren gertutasun hori sentitzea oso garrantzitsua izan da niretzat». 

SHULA GAVILAN Bera Berako jokalaria
Sasoi honetan badirudi gutxiago jokatzen ari zarela, baina eragin handiagoa duzula taldean. Zer uste duzu?

Bai. Lyndiek eta biok dugun lehiakortasun hori dela eta, parez pare ari garela iruditzen zait. Balitek aurten gutxixeago jokatzea, baina uste dut kalitatez jokatzen ari naizela taldearentzat. 

Bigarren denboraldia osatzen ari zara taldean. Gustura zaude?

Ailegatu nintzenetik zuzendaritzako kideek, klubeko langileek eta jokalariek etxean bezala sentiarazi naute. Etxetik urrun nagoenez, klubaren gertutasun hori sentitzea oso garrantzitsua da niretzat. Lasaiago egoteko balio dit, eta arreta guztia eskubaloian izateko ere bai.

Taldean beste bi argentinar izateak laguntzen du?

Bai, noski. Gauza asko bizitzea egokitu zaigu, eta polita da beste norbaitekin partekatu ahal izatea.

Malena Calvo herrikideak datorren denboraldian ez du Bera Beran jokatuko, eta zuri ere kontratua amaitzen zaizu. Zer asmo duzu?

Hilabete hauetan hasi ohi gara horrelako gaiez hitz egiten, zer egin nahi dugun erabakitzen. Hitz egiten ari gara, baina burua Malagaren aurkako partidan jarrita baino ez daukat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.