Ibai Rico ( Gasteiz, 1980) eta Eñaut Izagirre (Elgoibar, Gipuzkoa, 1990). Glaziologoak. Abenturazaleak. Iaz Evan Miles lagun estatubatuarrarekin Txileko Patagoniara, Hoste uhartera, eginiko espedizioa ezin ahaztuta dabiltza oraindik. Incognita Patagonia filmean ikus daiteke han egindako lan guztia.
Nola sortu zen Incognita Patagonia espedizioa?
EÑAUT IZAGIRRE: Hiru lagunen proiektu bat da, eta hirurok izan gara arduradunak. Ibaik eta biok 2013an ezagutu genuen elkar, Euskal Herriko Unibertsitatean. Bera doktoretza egiteko sartu zen, eta ni, berriz, Geografiako ikaslea nintzen. Handik gutxira, Ibaik Evan Miles ezagutu zuen, eta biek elkarrekin zerbait egin zezaketela pentsatu zuten. 2014an, Langtangera [Nepal] abiatu ziren, eskalatzeko asmoz. Joan aurretik, nik ere ezagutu nuen Evan. Bueltatu zirenean, hirurok batera zerbait egitea erabaki genuen. 2015ean sortu zen proiektua.
Zergatik Patagoniara?
E.I.: Hasteko, esploratzeko zegoen lur eremu bat zen, eta glaziarrak eta esplorazio eskalada uztartzeko aukera ematen zuen. Cloe izotz zelaia Hoste uhartean dago. Ez zegoen inongo informaziorik, eta dokumentazio lan handia egin behar izan genuen, urtebetez. Aurrekontua lortu, proiektua bideratu, belaontzia lortu...
IBAI RICO: Horrez gain, Patagoniak magnetismo berezi bat du guretzat. Biok bizi izan gara bertan, ikerketa lan batzuk egin genituen, eskalatzen ere ibili ginen... Oso eremu ezberdina da, eta eguraldiak asko baldintzatzen duen lurraldea da. Oso leku erakargarria zen gure lanerako.
Argi al zenuten hasieratik Patagonia behar zuela?
I.R.: Beste proiektu batzuk ere izan genituen hasieran, baina azkar uxatu genituen. Patagonia hitza entzutean, denek leku berdinekin lotzen dute; guk, aldiz, lurralde zeharo ezberdin bat ezagutu nahi genuen. Hara iristeko, lan ikaragarria egin behar da lehenik, eta horrek ere erakargarritasun berezi bat ematen zion.
E.I.: Betiko Patagoniarekin zerikusi gutxi duen eremua da. Pazifikotik eta Antartikatik datozen haizeen erdian zaude, eta oso toki euritsua da gainera.
Egia al da azken kartografiak 1843koak zirela?
E.I.: Bi espedizio oso garrantzitsu izan dira historian zehar Tierra del Fuego deitzen den eremura. Lehena, 1826 eta 1836 urteen artean, britainiarrek osaturikoa. Bertan ziren, besteak beste, Robert FitzRoy eta Charles Darwin. Bigarrena, frantziarrena, Ushuaiatik Cabo de Hornosera arteko kartografia osatu zuten. Horiez gain, estatubatuarrek 1945ean ateratako argazki batzuk besterik ez zeuden.
Aurretik zenuten informazioak zerbaitetarako balio izan al dizue?
I.R.: Lehendik zeuden mapak baliatu ditugu zertxobait; gehienbat, gurea osatzeko garaian. Bertan zeuden toponimiak ere kontuan hartu ditugu orain osatzen ari garen mapetan. Konturatu gara barrura sartu behar dela bertan zer dagoen ikusteko. Aintzat hartu behar da, gainera, azken urteetan glaziarrak asko aldatu direla.
Zer aurkitu duzue han?
E.I.: Lehenik, oso leku arriskutsua dela, eta bertan egiten diren jarduera guztiek planteamendu oso berezia eskatzen dutela. Azkenean, Pazifikotik oso gertu dago, eta itsasoaren menpe zaude une oro. Oso urrun dago, eta han egonda konturatzen zara zein konpromiso handia hartu duzun, bai zeurekin eta bai taldearekin. Edozein arazo duzula ere, ezin da erreskaterik antolatu. Glaziarrekin ere zailtasun handiak izan genituen.
I.R.: Oso baldintza gogorrak dira, eta oso zaila da azaltzea haizea eta eguraldia zein azkar aldatzen diren. Oso zaila da aurretik zer eguraldi egingo duen jakitea, oso aldakorra baita, eta horrek asko baldintzatzen du jarduera. Beste kasu bat jartzearren, mendien altuera oso erlatiboa da, Gorbeia baino baxuagoak direlako, baina oso arriskutsuak direlako haizearen eraginez. Ematen du askoz ere altuera handiagoan zaudela. Esplorazioko espedizioek horrelako gauzak dituzte [barreak].
Zuk, Rico, mendiko espedizio batzuk ere egin izan dituzu. Zein dira alderik nabarmenenak mendiko espedizioekin alderatuz?
I.R.: Dudarik gabe, logistika eta hurbiltze lana. Gaur egun, adibidez, Himalaiako eremu gehienetara hel zaitezke, esaterako, itsasontzi bat hartu gabe. Espedizioetara oso ohituta dagoen jendea da, eta logistikoki askoz errazagoa da. Dei batekin, esaterako, espedizio bat antola dezakezu. Hori ezinezkoa da Patagonian egon garen eremuan. Dena itsasontzian eraman behar izan genuen: janaria, komunikazioa, segurtasun protokoloa, materiala... Bestalde, ia ziur nago garestiagoa dela 6.000 edo 7.000 metroko mendietara joateko espedizioak baino.
Zenbateko aurrekontua izan du Incognita Patagoniak?
E.I.: 16.000 euro, gutxi gorabehera. Leku guztietatik aurreztu beharra tokatu zaigu. Eskerrak eman nahi dizkiegu proiektua aurrera ateratzeko izan ditugun bidelagunei, Azpeitiko Udalari Joxe Takolo bekarengatik, Marmotti, National Geographici, Royal Geographical Societyri...
Tierra del Fuegon lau urtaroak egun berean igaro daitezkeela entzun izan ohi dugu. Horrelakorik sentitu al zenuten?
I.R.: Bai, bai. Kontuan hartu behar da Pazifikotik datozen presio barometrikoak oso aldakorrak direla. Bat-batean, fronte bat etortzen da, presioa igo egiten da, ia aldi berean jaitsi berriz... Gezurra dirudi eguraldia zein aldakorra izan daitekeen.
Nola gogoratzen dituzue Hosteko uhartera iristeko bost egunak?
E.I.: Bost espediziokideak ondo ezagutzeko aukera paregabea izan zen. Denetik egitea tokatzen zitzaigun: itsasontzia garbitzea, janaria prestatzea... Talde moduan nola moldatuko ginen jakiteko ezinbestekoak izan ziren.
Behin han zeundetela, bi taldetan banandu zineten. Zergatik?
I.R.: Hasieratik horrela pentsatu genuen. Helburuak betetzeko modurik onena zen. Evanek eta biok ekintzari zegokion zatia egingo genuen: elkar ondo ezagutzen genuen espedizioaren aurretik, eta askotan ibili gara elkarrekin eskalatzen; Eñaut, berriz, helburu zientifikoen zati bat moldatuz joango zen.
E.I.: Modu naturalean hartutako erabakia izan zen. Argi genuen Ibai eta Evan zirela glaziarretan lanean aritzeko onenak. Nik ere argi nuen ez nuela arazorik izango lan zientifikoa osatzeko. Espedizioa osatzen zuten beste bi lagunek ontzia zaintzen zutenez, ni izan nintzen haien hirugarren laguna.
Rico eta Miles, astebeteko zeharkaldi bat egiteko asmoarekin irten zineten, baina handik ordu batzuetara itzuli beharra tokatu zitzaizuen. Zer dela eta?
I.R.: Esan ziguten hiru egunean eguraldi ona egingo zuela. Badaezpada, ia zazpi egunerako materiala eta janaria prestatu genituen. Handik egun eta erdira, ordea, eguraldiak okerrera egin zuen. Oso une larriak izan ziren. Izugarrizko haizeak izan ziren, bi metrora ez zen ezer ikusten, elurra, txingorra... Hemezortzi ordu oso luze pasatu genituen.
Izagirre, zuek zer egiten zenuten bitartean?
E.I.: Lehenik, mendebaldeko mutur batera joan ginen estazio meteorologiko baten bila [Charli Porter AEBetako zientzialariak jarria]. Leku ezagun batean zegoen. Argazki batzuen bidez topatu genuen. Hori amaituta, eta eguraldiaren egoera ikusita, Evanekin eta Ibairekin hitzartutako lekura joan ginen, haien bila. Hurrengo egunean, harremanetan jarri ginen, eta bagenekien oso egoera txarrean zebiltzala. Egoera hura oso ondo etorri zitzaigun hurrengo larrialdi batzuetarako.
Zein egoeratan iritsi zineten?
I.R.: Oso egoera larrian. Erori egin ginen, basoan rappel egitea tokatu zitzaigun... Oso nekatuta iritsi ginen Eñautengana.
Hurrengo irteeran mendi batzuk ere eskalatu zenituzten. Hasierako asmoa zen edo bestela sortutako egoera izan al zen?
Ez ez, hasierako asmoetako bat zen. Argi geneukan mendi batzuk eskalatu nahi genituela. Horretarako, plan osoa aldatu genuen. Kostaldean oinarrizko kanpaleku antzeko bat prestatu genuen, janariarekin eta materialarekin. Eskiekin egindako zeharkaldia baliatu genuen mendiak igotzeko. Neguko giroa izan ostean, eguraldi epela izan genuen.
Zuen neurketen arabera, azken 50 urteetan glaziarrek eremuaren %20 galdu dute.
E.I.: Egia esan, ez genuen espero hainbesteko galera. Orain arte eginiko bi ikerketetan esaten zuten glaziarrak nahiko egonkorrak zirela eta ez zutela aldaketarik izan azken 200 urteetan. Hara iritsi ginenean konturatu ginen egoeraren larriaz.
Gustura geratu al zarete lortutako datuekin?
E.I.: Bai. Oraindik gauza asko ditugu lantzeko. Hala ere, babesleentzako eta ikerketarako txosten bat prestatzen ari gara. Helburu guztiak bete ditugu, eta oso gustura gaude.
I.R.: Helburuak bete ditugu, eta, alde horretatik, lasai nago. Helburu alpinistikoak bete ditugu, eta zientifikoak ere bai. Film bat ere osatu dugu.
Zertarako baliatuko dituzue datu horiek guztiak?
E.I.: Dagoeneko asko zabaldu da filma. Prentsan ere azaldu dira gure lorpenak. Espainiako Mendi Federazioaren saria ere irabazi zuen, eta badirudi oraindik ere jendeak sinesten duela horrelako espedizioetan. Zientzia aldetik,artikulua argitaratuko dugu, kongresu batera joango gara Vienara; Berlinera ere bidaliko dugu...
I.R.: Esan dezakegu glaziologia zabaltzeko ere balioko duen tresna bat sortu dugula.
Bilboko Mendi Filmen ere arrakasta handia izan omen du.
E.I: Ufa! Oso polita izan zen.
I.R.: Gu oso pozik gaude. Babes handia izan dugu erakunde, babesle eta beka batzuei esker.
Hilabete eta erdi espedizioan eman ondoren, zein ondorio nagusi atera dituzue?
I.R.: Lehenik, bertan aurkitu dugun potentziala. Mendia egiteko, esploratzeko, alpinismorako eta, beste alde batetik, alderdi zientifikoa garatzeko.
E.I.: Konturatu gara esploratzeak zentzu handia duela, bai Hoste uhartean, bai Darwin mendikatean, eta bai Tierra del Fuegoko hainbat uhartetan, Patagoniako mendebaldean...
Eta, hemendik aurrera, zer? Zein asmo dituzue etorkizunerako?
E.I.: Oraingoz, filma zabaltzen ari gara. Sari batzuk ere jaso ditu, eta gure helburua beste mendi jaialdi batzuetara zabaltzea da: Ushuaiara, Kendallera, Trentora...
I.R: Bestalde, espedizioaren ondorengo lan guztia egiten ari gara orain. Hala ere, etorkizunerako beste gauza potoloren bat ere pentsatzen ari gara, baina, horretarako, diru laguntza handiren bat beharko genuke.
Eñaut Izagirre eta Ibai Rico. Glaziologoak
«Badirudi jendeak sinesten duela espedizioetan»
Baliabide berriekin, baina molde zaharreko espedizioa egin dute, Patagoniako Hoste uharteko Cloe izotz eremua aztertzeko. Lan zientifikoa eta abentura uztartu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu