Epaileak hamar urte eta zortzi hilabeteko zigorra ezarri dio Iñaki Badiola Realeko presidente ohiari, hainbat lagun iraintzeagatik Twitterren, tartean Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, eta haiei buruz gezurrak esateagatik. Hala ere, Badiolak ez du espetxera joan beharko, epaileak hamasei hilabeteko zortzi zigor jarri baitizkio; hau da, zigor bakoitza ez denez bi urte baino gehiagokoa, ez dute kartzelatuko. Horrez gain, 180.000 euroko isuna ordaindu beharko du, eta 175.000 euro iraindutakoei.
Fiskalak eskatutako zigorra baino asko txikiagoa da ezarri diotena, 66 urte eskatzen baitzituen, eta 3 milioi euro baino gehiagoko kalte ordaina. Epaiketa urtarril amaieran egin zen, eta Badiolak ukatu egin zuen mezu horiek idatzi izana. «Esango dudan bakarra da nik ez nuela Twitter kontu hori sortu, eta ez nituela mezu horiek idatzi». Epaiketa guztian ez zuen beste adierazpenik egin. Haren aurka salaketa jarri zutenen artean zeuden Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia, lau epaile, epaitegietako funtzionario bat, Gipuzkoako Ogasuneko hainbat arduradun... Badiolak haur pornografia kasuekin zerikusia izatea eta iruzur egitea egozten zien.
Epaileak hiru arrazoi eman ditu egilea Badiola dela ziurtatzeko. Batetik, Ertzaintzaren txosten eta ikerketek agerian uzten dute haren egiletza. Bestetik, epaileak nabarmendu du «modu batera edo bestera, zeharka edo zuzenean» Badiolak harremana izan zuela salatzaileekin. «Haiei egozten zien Realaren presidente kargua galdu izana».
Baina, epailearen arabera, bada beste proba argigarri bat, Ertzaintzaren txostenean jaso ez arren, Badiola errudun egiten duena: argazki bat. Bertan, Gipuzkoako Ogasuneko arduradun bat agertzen da. Arduradun horrek egin zizkion ikuskaritzak Badiolari eta haren enpresei, eta Twitterreko mezu horietan agertzen zen, eta Panamako paperekin lotura izatea egozten zion. Argazki hori bilera gela batean ateratakoa zen, eta bertan Badiola eta ogasuneko arduradun hori baino ez zeuden. Bestalde, epaiak jasotzen du «logikoena» izango zela Badiolak «azalpen sinesgarri bat» eman izana, eta halako akusazio larrien aurrean «aktiboki» defendatu izana bere burua. Baina ez zuen hala egin.