Frantziako Tourra Euskal Herrian

Badakite non dauden

Zaleen berotasuna jaso dute Tourrean ariko diren 176 txirrindulariek Bilbon, aurkezpenean. Euskara oso presente izan da, eta folklore keinuak egon dira

Mikel Landa eta Joane Somarriba, hizketan, eszenatokira igo aurretik, atzo, Guggenheim museoan egindako aurkezpenean. MIGUEL TOÑA / EFE.
enaut agirrebengoa
Bilbo
2023ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Horiz jantzi da jada Bilbo. Dena prest dago Bizkaiko hiriburuan Frantziako Tourreko irteerarako. Bihar lehiari ekin aurretik, txirrindulariak jendaurrean agertu ziren atzo, Guggenheim museoaren ondoan egin zen aurkezpen ekitaldian. Zaparradak izan ziren tarteka, baina euriak ez zuen zaleen grina apaldu, eta jendetza bildu zen ziklistei harrera beroa egitera. Zirak soinean, txirrindularitza pasio handiz bizi dutela erakutsi zuten beste behin ere. Euria, eta giro goria: ziklistek badakite nora etorri diren. Gainera, keinuak egin zizkieten euskarari eta euskal kulturari. Euskarazko hitzak entzun zitzaizkien, besteak beste, Tadej Pogacarri (UAE) eta Egan Bernali (Ineos), tropeleko ikur nagusietako biri, eta Lawson Craddock (Jayco) irrintzia botatzen ere ausartu zen. Txaloz eta algaraz erantzun zion aurkezpenera bertaratutako jendetzak.

https://twitter.com/AthleticClub/status/1674480036240400384

Euskarak presentzia handia izan zuen ekitaldi osoan. Xabier Usabiaga txirrindulari ohi eta kazetaria izan zen aurkezleetako bat, eta tarteka, gehiago mintzatu zen euskaraz, ingelesez eta gazteleraz baino. Euskal Herriko ziklista gehienak ere euskaraz mintzatu zitzaizkien zaleei, eta kanpotik etorritako batzuek ere egin zuten ahalegina. Craddocken irrintziaz batera, izan zen bestelako keinu folklorikorik. Kasurako, aurreskuaren erritmoan eta txalapartaren doinuarekin hasi zen ekitaldi nagusia, eta txapela jantzi zuten txirrindulari ia guztiek. Horretaz landa, ikurrina besterik ez zegoen zaleen artean.


Euskalduna jauregitik abiatu, eta Guggenheimera desfilean joan ziren Tourrean lehiatuko diren 22 taldeak. Tourraren historian arrastoa utzitako euskal txirrindulari ohi bana izan zuten gidari. Hautatuak Joane Somarriba, Agurtzane Elorriaga, Miguel Mari Lasa, David Etxebarria, Abraham Olano, Marino Lejarreta, Iban Mayo, Roberto Laiseka, Julian Gorospe, Juan Manuel Garate, Fede Etxabe, Javier Murgialdai, Jose Nazabal, Igor Gonzalez Galdeano, Haimar Zubeldia, Amets Txurruka, Igor Anton, Iker Camaño, Unai Osa, Beñat Intxausti, Jon Unzaga eta Iñaki Gaston izan ziren. Aurkezpena abiatu aurretik, omenaldia egin zieten iraganeko ziklista horiei.

Giroa eguerdian hasi zen berotzen, Areatzako pasealekuko zaleen gunea ireki eta gero. Arratsaldean, baina Abandoibarra izan zen arreta gune nagusia, eta festaren epizentroa, berriz, Guggenheim ondoko eszenatokia. Handia zen ikusmina, eta taldeen aurkezpena 18:30ean hastekoa bazen ere, bi ordu lehenago jada jendez lepo zegoen museoaren ondoko zabalgunea. Dantza eta musika emanaldiak gosegarri izan ziren zaleentzat, eta esku-zarta ozen batekin hartu zuten Bahrain taldea, eszenatokira igotzen aurrenekoa. Somarribak ireki zien bidea Mikel Landa, Pello Bilbao eta enparauei. Hitzaldiei bide eman aurretik, minutu bateko isilunea egin zuten Suitzako Itzulian istripu batean zendu zen Gino Maederren omenez. Jumbo izan zen agertzen azken taldea, eta aurkezpenaren amaieran, berriz, Txomin Perurena zena omendu zuten.

Taula gainera igotzen lehen euskal ziklistak izan ziren Landa eta Bilbao. «Inoiz ahaztuko ez dugun Tour bat izango da, eta ametsa litzateke Bilbon irabaztea», esan zuen Bilbaok. «Podiumera igotzen saiatuko gara, eta dena emango dugu», gaineratu zuen Landak. Geroago, Ion Izagirrek (Cofidis) hartu zien txanda. «Motibazioz gainezka nago, eta irribarrea ahotik kendu ezinik harrera hau ikusita». Gorka Izagirre (Movistar) ere harrituta gelditu zen zaleen arrapostuarekin. «Badakigu zer zaletasun dugun Euskal Herrian, baina hau txundigarria da». Alex Aranburu (Movistar), Omar Fraile eta Jonathan Castroviejo (Ineos) dira Tourrean lehiatuko diren beste euskal herritarrak, eta zaleen goxotasunaz gozatu zuten haiek ere.

Ezustean, Indurain

Tropeleko izar handiak ere oso abegi onez hartu zituzten. Mathieu van der Poelek (Alpecin) aurkezleen erronka onartu zuen, haren aitak eta aitonak, Adrie van der Poelek eta Raymond Poulidorrek, Euskal Herrian irabazi zutela gogoratu ziotenean. Peter Sagan (Total Energies) zaldiarena eginez igo zen eszenatokira, eta zaleak euskaraz agurtu zituen Bernalek, Pogacarrek bezala. Irabazteko hautagai handietako bat da esloveniarra, eta Euskal Herrian besoak altxatzeko nahia adierazi zuen. «Talde barruko langile asko euskal herritarrak dira, eta haiengatik irabazten saiatuko naiz». «Aupa Bilbo, aupa Athletic eta gora Euskadi» esanez bukatu zuen bere hitzaldia.

Jumbo Visma taldearen eta, batik bat, iazko irabazle Jonas Vingegaarden zain zegoen jende guztia. Eta, halako batean, Miguel Indurain agertu zen, Tourra bost aldiz jarraian irabazi duen txirrindulari bakarra. Ez zen egon ekitaldiaren hasieran omendu zituzten ziklista ohien artean; antolatzaileek eszenatoki guztia harentzat gorde nahi izan zuten. «Plazer handia da Bilbon egotea, eta Tourra etxe aurrean ikusteak ziur jende asko animatuko duela bizikletan ibiltzera», adierazi zuen, eta gaineratu uste duela Vingegaardek duela aukera gehien lasterketa irabazteko. «Hala ere, hemen dauden beste txirrindulari askok oso itxura ona dute».

Vingegaard nagusitasun osoz gailendu zen aurtengo Itzulian, eta berriz ere distira egin nahi du Euskal Herrian, zaleen pasioaz lagundurik. «Oso berezia izan zen iaz irabaztea, eta ederra izango da maillot horia zale zoragarri hauen aurrean defendatzea». Aurkezpena bukatuta, festak gauera arte iraun zuen, musika gehiagorekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.