Mikel Sarasola. Piraguista

«Badakit nora noan, zer egin nahi dudan eta nola»

Munduak ez dauka mugarik Sarasolarentzat. Etxe inguruko ibaietako ur bizietatik munduko ur laster urrunenetara joan da, eta joateko planak eginak ditu. Baina, uretan azkar ibiltzeko, lehorrean poliki amestu eta pentsatu behar da.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Unai Ugartemendia.
Donostia
2017ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Gaztetan, goi mailako ur bizietako piraguista izan zen; lehia utzita, abenturei ekin zien Mikel Sarasolak (Donostia, 1987). Lanbidez, arkitekto laguntzailea, etaahal duen guztietan espedizio berrietan murgiltzen da. Pirinioetara joateko planak ixten ari da egunotan, Georgiara abiatu aurretik. Urrian Pakistan izango du helmuga.

Noiz jarri zinen lehenbizikoz kayak batean?

Gurasoek txikitatik ikastaro askotara apuntatzen ninduten, probatzeko. 11 urterekin izan zen, udako ikastaro batean, Donostiako Kontxan.

Nola sartu zinen lehenbizikoz talde batean?

Ikastaroa amaituta, begiraleek taldean sartzeko proposatu zidaten. Nik, ordea, zera pentsatzen nuen: «Hauek nola igarotzen dituzte urtearen beste bederatzi hilabeteak?». Orduan esan zidaten ibaietara joaten zirela, ur bizietara... Nik ez nekien ur biziak zer ziren. Hala ere, gogoan dut ibaira joan nintzen lehen egunean zer pentsatu nuen: «Hau da niri gustatzen zaidana».

Gaztetatik hasi zinen lehiatzen.

Bai. Txikitan txapelketa guztiak irabazten nituen. Oso koordinazio ona neukan, eta trebetasun handia ere bai. Taldean ikaragarrizko giroa genuen, eta garai hartako taldekide gehienak Espainiako selekzioan hartu gintuzten.

Gero, gaztetan, Kataluniara joateko apustua egin zenuen. Zein oroitzapen dituzu?

Espainiako selekzioan nenbilen orduan. 23 urtez azpikoan ibiltzen nintzen, baina seniorretan sartzea ere lortu nuen. Mailaz igo nahi nuen, eta selekzioan jarraitu. Horretarako joan behar izan nuen Kataluniara. Arkitektura ikasketak egiten ari nintzen, baina asko kostatzen zitzaidan bateratzea. Ikasketak kontrolpean nituenean joan nintzen La Seu de Urgellera. Handik, gero, Australiara, bertako ubidean entrenatzera.

23 urterekin, ordea, uztea erabaki zenuen. Ez al zen goizegi?

Ez ninduelako betetzen utzi nuen. Australian nengoela, sorbalda atera nuen, eta etxera itzultzeko gomendatu zidaten selekziokoek. Ez nuen itzuli nahi, aurreztuta nituen sos guztiak Australian utzi eta gero. Bertan errehabilitazioa egiteko eta bidaiatzeko aprobetxatu nuen. Hango kayakzale eta piraguistekin ibiltzen nintzen, eta Zeelanda Berrira ere egin nuen bidaiatxo bat. Han hasi nituen aurrerago egin ditudan espedizioen ibilerak.

Espedizioekin amesten, ordea, Patagonian hasi zinen.

Bai. Andorrako Grandvalira eski estazioko nagusiek, Patagonian enpresa bat sortzeko asmoa zutela eta, hara lanera joateko aukera eman zidaten. Bertan nahi ninduten, ibai berriak aurkitzen, raftinga egiteko eremu berriak jorratzen... Glaziarretako kayak gidari gisa joan nintzen. Zazpi hilabete pasatu nituen. Leku asko esploratzeko aukera izan nuen, eta gauzak esploratzeko grina sartzen hasi zitzaidan.

Berriro ere itzuli zinen Patagoniara, beste asmo batzuekin.

Han nengoela, lagunekin itzuli behar nuela pentsatzen nuen. Berriro ere etxean nintzenean, lagunei esan nien hara joan behar genuela. Hasierako ideia ibai ezberdinak esploratzea zen; baina zeharkaldi batekin ere amesten nuen. Antolaketan denbora asko pasatu eta gero, Chaltenen hasi eta Painen bukatzea erabaki genuen. Leku ederrak dira, oso turistikoak badira ere. Hiru lagun joan ginen, eta 600 kilometro egin genituen 25 egunean. Inoiz inor ibili ez zen tokietan ibili ginen.

Nepalen ere izan zineten. Zer egin zenuten han?

Txikitatik amestutako lekua zen niretzat, Himalaiako mendiak ikusten nituenetik. 400 kilometro egin genituen, Humla Karnali ibaian. Egunean 40 kilometro inguru egiten genituen. Hala ere, gogorrena izan zen guztiok gaixotu ginela zeharkaldiaren uneren batean. Ura oso kutsatuta dago, zabor guztia ibaira botatzen dute, eta guk egun gehiena han pasatzen genuen. Bat trekkingean gaixotu zen; beste bat, zeharkaldiaren amaieran, eta ni, berriz, etxera itzulitakoan. Itzulerako hegazkinean zerbait nabaritzen hasi nintzen, eta Donostiara iritsitakoan zuzenean ospitalera joan nintzen.

Nepalgo argazkietan umeez inguratuta zaudete. Hainbesteko ikusmina sortzen al zenuten?

Bai. Oso leku bakartua da. Han ez dago zortzimilakorik; zazpimilakoren bat, gehienez. Atzerritar bat besterik ez genuen ikusi ibilbide guztian eta hilabete osoan. Hara iristeko ez dago errepiderik, dena oinez egin behar da. Tokikoek ez dute atzerriko inor ikusten, eta, are gutxiago, ibaian.

Egia al da gehiago espero zenuela?

Kaosa ezagutu nuen bertan. Katmandutik Pokhara artekoa oso gogorra izan zen. Iraultza garaia zen, ez zen petroliorik iristen, ikatzik ere ez... Txinara igarotzeko zuten igarobide bakarra bakartuta geratu zen, lurrikaren ondorioz. Kontrabandistak zeuden, eta sekulako tentsioa nabari zen. Garraioa oso zaila zen. 40 lagunentzako autobus batean 100 pertsonatik gora sartzen ziren, gu kayakak gainean genituela... Uf, pentsa 24 orduz horrela bidaiatu beharra. Oso zaila egin zitzaidan uretatik kanpoko guztia.

Nolakoak izaten dira kayakekin egin beharreko espedizioak?

Mendiko espedizioen antzekoa da. Alderik nabarmenena zera da: guk dena kayakaren barruan eraman behar dugu. Nepalgo espedizioa hamabi egunekoa izan zen. Herriak ere igarotzen genituen. Bertan zerbait erosten genuen, baina askotan hori ere ez. Hamar kilo galdu nituen.

Nola gogoratzen duzu Groenlandiako espedizioa?

Orain artean egindako espediziorik handiena izan da. Puntu batean hasi, eta puntu berera iritsi ginen. Zazpi egun igaro genituen mendian barrena, kayaka gainean hartuta, eta beste zazpi ibaia jaisten. 30 kilometroko zeharkaldia egin genuen oinez; piraguarekin 100 kilometro jaitsi genituen. Horrelako gauzak aurkitu behar dira, bestela helikopteroa erabili behar izaten baita, eta oso garestia da.

Nola otu zitzaizuen hara joateko ideia?

Nepalen pentsatu genuen. Nik oso gustuko ditut klima hotzak. Askoz ere muturrekoagoak iruditzen zaizkit. Bertan ez da esplorazio handirik izan, eta dena egiteko dagoen sentsazioa izan dut beti. Han zer aurki genezakeen begiratzen hasi ginen, zer egin genezakeen, zein ibai zeuden... Urtebete pasatu genuen dena prestatzen. Hara joateko laguntza handia behar genuen.

Nola saltzen dizkiezu espedizioak babesleei?

Piraguarekin zerikusia duten babesleengana joaten naiz beti. Haiek badakite zer egiten dugun, eta zer egin behar dugun azaltzen diegunean jakiten dute zein zailtasun izango ditugun. Babesle horiek nahiko errazak dira. Urte askoko esperientzia dugu elkarrekin. Zailtasunak hemengoekin izaten ditugu. Nik Sandiline, Jackson Kayaks, Frikrik eta Ternuaren laguntza dut. Askotan, nola aurkeztu eta zergatik izaten da trabarik handiena. Alde horretatik, Bilboko Mendifilm jaialdiaizugarrizko erakusleihoa izan da guretzat.

Beti filmatzen dituzue zuen espedizioak?

Bai. Lehen proba Patagonian egin nuen, eta konturatu nintzen ordura arte inork ez zuela ezer filmatzen. Gure kirola, gainera, oso txikia da, eta ia inork ez du ezagutzen. Baina horrek bere alde ona ere badu: erakusten den edozer gauza ongi etorria izaten da. Bilbon aurkeztu genuen lehen filmak sari bat ere irabazi zuen, eta geroztik asko erraztu zaizkigu gauzak.

Egia al da Groenlandian beldur handia pasatu zenuela?

Beldurra baino gehiago, izugarrizko errespetuarekin joan nintzen. Oso toki urruna da, informazio gutxi dago, ia bakarrik zaude... Zerbait gertatuz gero, salduta zaude. Ibaira sartu ginenean, gainera, gehiegizkoa zela pentsatu genuen. Jaisten hasi, eta, halako batean, izugarrizko ur-jauziak aurkitu genituen, ezinezkoa zirudien bertan ibiltzea.

Espedizioetan zenbatetan pentsatu duzu zer egiten duzun han?

Ez askotan. Badakit nora noan, zer egin nahi dudan eta nola egin nahi dudan. Gozatzera joaten naiz. Askotan pasatu behar izaten ditut momentu txarrak, baina aurreikusitako gauzak izaten dira.

Orain gutxi esan duzu mendian ibiltzen ikasten ari zarela.

Bai, asko. Groenlandiako espedizioa prestatzeko mendian korrika egiten hasi nintzen. Hankak indartu behar nituen, Patagonian eta Nepalen asko sufritu nuelako. Geroztik, asko ibiltzen naiz mendian.

Nola entrenatzen zara?

Eslalomean entrenatzen naiz gehien, etxe inguruan, eta, ahal dudan guztietan, ibaiak jaistera joaten naiz. Asko ibiltzen naiz Leitzaran aldean.

Hemendik egun gutxira Georgiara zoaz. Zertara?

Lehenik eta behin, ezagutzera, lekua oso ondo ezagutzen duten errusiar batzuekin. Kaukasoa ezagutu nahi dut, eta Elbrus mendiaren azpian egongo gara. Egun batean egiteko jaitsierak omen dira, eta bi aste igaroko ditut han.

Eta, etorkizunean, zein dira zure asmoak?

Hasteko, urrian Pakistanera joango naiz. Lau kayakzale joango gara hara. Ibai berriak esploratu nahi ditugu, eta ibai bidaia ezberdinen gida bat egiteko ere baliatu nahi dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.